Koldo Leoz: “Parte hartzea garrantzitsua da, herritarrek udalean agindu behar dutelako”

Koldo Leoz: “Parte hartzea garrantzitsua da, herritarrek udalean agindu behar dutelako”

A.G.U.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeek Nafarroako mapa politikoa zeharo irauli zuten. Udal askotan aldaketaren alderdiak deiturikoek gobernu akordioak egin dituzte. Lizarran urteetan UPNk eta PSNk boterea partekatu ostean, boteretik kanpo geratu dira EH Bilduk, Geroa Baik eta Orain Lizarrak koalizio gobernua osatu dutelako. Lehen hilabete hauetan hiria biziberritzeko lan handia egiten ari direla azaldu du Koldo Leoz alkateak (Iruñea, 1979), Lizarra “nahiko geldi” aurkitu dutelako.

Nolakoak izan dira gobernuko lehen hilabete hauek?

Errazak eta zailak aldi berean. Errazak udaleko langileek asko lagundu gaituztelako, eta gobernu taldean gauden hiru taldeen artean elkarlana eta adostasuna nahiko handia delako. Hala ere, zailak ere izan dira, hiria nahiko geldi aurkitu dugulako. Lan piloa dago egiteko. Guztia martxan jartzeko, bilera mordoa egiten ari gara. Horregatik esaten dut lehen hilabeteak errazak eta zailak izan direla.

Zergatik diozu hiria geldo aurkitu duzuela?

Azken urteetan, ez dira gauzak berritu. Krisi garaian, errazera jo zuen aurreko udal gobernuak, besteak beste, zerbitzuak kendu, gaixoaldiak langileen artean bete zituzten, eta ez zuten jarduera ekonomikoetarako plan berezirik garatu. Egoera horrekin, hiriak ezin du aurrera egin.

Zer egiten ari zarete egoera hori aldatzeko?

Hilabeteak pasatu ditugu egoera aztertzen, eta orain plangintza bat egiten ari gara aurrera begira. Ez ditugu gauzak orain egin nahi jendeak zerbait egiten ari garela ikus dezan. Gauzak ongi egin nahi ditugu, egoeraren azterketa sakonak eginez eta plangintza adostuak sortuz. Noski, hori guztia aurrera eramateko dirua behar da, eta, orain, ez gaude egoera onenean. Horregatik, irudimena ere lantzen ari gara. Asko mugitu gara Lizarraren izena ahal bezain beste tokitan egon dadin. Bereziki, Nafarroako Gobernuarekin egin ditugu bilera piloa.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Lehenik eta behin nahi dugu herritar guztiek aseta izatea euren oinarrizko beharrak. Halaber, sustatu nahi ditugu industria, turismoa eta merkataritza. Konturatu gara ia ez zegoela harremanik udalaren eta merkatari eta enpresari elkarteen artean. Hori aldatu nahi dugu. Publikoaren eta pribatuaren arteko harremanak garatu nahi ditugu jarduera ekonomikoak pizteko. Potentzial handia duen hiria da Lizarra. Adibidez, duela gutxi Fiturren egon ginen, eta ideia asko jaso genituen.

Nola ari zarete sustatzen herritarren parte hartzea?

Aipatutako adibidearekin argi ikusten da udalak ez zuela harreman onik herriko elkarteekin. Aurreko legealdian lortu genuen parte hartze batzordea sortzea, baina ez zen bat ere garatu. Legealdi honetan, ordea, martxan jarri dugu. Lelo eta irudi bereziak sortu ditugu. Baita ekinbide zehatzak aurrera eraman ere. Hala nola euskararen kontseilua eta jai batzordea. Jai batzordean, herriko jai eta kultur eragile guztiak bildu ditugu. Parte hartzea garrantzitsua da, herritarrek udalean agindu behar dutelako.

Boterera heldu zinetenetik, polemika berezirik izan duzue?

Aurpegiratu diguten gauza bakarra da alkateak ez duela elizkizunetan parte hartzen. Uste dut lana ondo egiten ari garela. Ez dugu hausnartu gabeko urratsik egiten.