Teoria hutsa izan ez dadin

Teoria hutsa izan ez dadin

Asier Garcia Uribarri

Hiztegia, gramatika eta, orain, literatura. Euskarazko autore klasikoen ordena berari jarraitu die Aitor Aranak Izarbeibarko euskararekin. Hamar urtez ikertu du Aranak XX. mendearen hasieran galdutako euskalkia. Hainbat lan teoriko publikatu eta gero, literaturarako saltoa ematea erabaki du Izarbeibarko ipuñak lanarekin. Ibarreko toponimo, atsotitz eta kondairetan oinarrituta, hamar ipuin idatzi ditu. “Koldo Colomo Garesko euskara teknikariak material ugari pasatu zidan ibarreko kontuen inguruan. Irakurri ahala ipuin bat idazteko moduko trama bururatzen zitzaidanean aukeratzen nuen gaia”, azaldu du Aranak.

Izarbeibarko euskaraz hainbat ikastaro eman ditu Aranak. Horietako batean, euskal mitologiako ipuin batzuk ibarreko euskalkira itzultzeko agindu zien ikasleei. Itzulitako lan horiek Garesko Udalak publikatu zituen 2011n, ibarreko euskaraz idatzitako beste testu klasiko batzuekin batera, Irakurgaiak Izarbeibarko euskaraz: Uterga, Ukar eta Garesko testu zaharrak eta berriak izenburupean.

Esperientzia hartatik, Colomo euskara teknikariari eskualdeko euskaraz literatur lan bat argitaratzeko ideia otu, eta Aranari proposatu zion. “Hasieran, Printze txikia lan klasikoa itzultzea pentsatu genuen, orain urte batzuk zubererara itzuli baitzuten. Baina ez zen bideragarria, egile eskubideak oso garestiak direlako”, azaldu du idazleak. Orduan, Colomok beste aukera bat eskaini zion: eskualdeko kondaira eta sineskerietan oinarritutako ipuinak sortzea.

“Ipuin guztiak asmatu ditut bertako kondaira, sineskeria, mitologia eta toponimian oinarrituta. Izarbeibarrek aukera asko ematen ditu alde horretatik”, aitortu du Aranak. Adibidez, Izaki misteriotsua ipuina Obanosko esaera zahar batean oinarritua dago. Horren arabera, urteak egun adina sudur dituen gizon bat ageri da Gabon zahar gauetan. “Mami handia atera ahal zaio esaera horri. Berehala bururatu zitzaidan horrekin istorio bat egin zitekeela, beldurrezkoa, gainera”. Harrisko lamia ipuina, berriz, toponimian oinarrituta dago. “Obanosen, Lamiategi deitutako leku bat dago. Gainera, eskualdeko eliza bateko kapitel batean lamina baten irudia badago. Hortik, mitologia ipuin bat otu zitzaidan”. Eunateko Andre Mariren eliza ere izan da hainbat ipuinen iturburua. Eliza berezia baita, arte erromanikoan oinarri oktogonala duen bakarra.

Ipuin guztiak Aranak asmatutakoak badira ere, batzuk aurretik ezagunak diren kondairetatik sortuak dira. “Izarbeibarren, mundu guztiak ezagutzen du Txoria eta Ama Birjinaren kondaira. Nola txori bat joaten zen urtero Garesko zubian zegoen Ama Birjinaren irudiari aurpegia garbitzera. Nik istorio hori txorien ikuspuntutik kontatzea pentsatu dut”. Gertakari historikoak ere kontuan izan ditu. Badago, adibidez, Erreniegako segada deitzen den kontakizuna; bertan, Aranak kontatzen du nola iruindar eta izarbeibartarrek aurre egin zieten Gaztelako tropei.

Izarbeibarreko herritarrek ipuinetan aipatutako kontu eta leku batzuk ezagutuko dituzte. Hori da liburuak dituen alde erakargarrietako bat, bertakoek kontuak hurbil sentituko dituztela. Hala ere, kanpokoak direnentzat, Izarbeibar sakonago ezagutzeko modua ematen du.

Era berean, ipuinak bertako artisten marrazkiekin ilustratuta daude. Garesko Udalak liburua koloreetan publikatzea erabaki du, eta horrek bizitasun handia ematen die marrazkiei. “Margolariek ipuinak irakurri gabe egin dituzte euren lanak. Gaia baino ez zuten ezagutzen. Izarbeibarko egoera soziolinguistikoa ez da euskararen oso aldekoa. Artistetako asko erdaldunak dira; beraz, ezin genuen itxaron liburua idatzi, itzuli eta ondoren marrazkiak egin zitzaten, prozesua asko luzatuko baitzen”.

Euskalkia berrerabiltzen

Luis Luziano Bonaparte printzeak Izarbeibarko euskararen berri eman zuen haren euskalkiei buruzko lanetan. Haren arabera, XIX. mendearen erdialdean oraindik euskaldunak bazeuden eskualdean, baina 40 urtetik gorakoak ziren gehienak. Garesko Udalak borondate handia jarri du azken urteetan euskalkiari buruzko lanak argitaratzeko, eta lan horretarako bide lagun ezin hobea aurkitu du Aranarengan. Baina zentzurik ba al du orain ehun urte desagertutako hizkera bat berreskuratzeak? Aranak badu erantzuna: “Helburua ez da euskalkia berreskuratzea, ezta euskara batuari konpetentzia egitea ere. Lan hauek euskara batua elikatzeko asmoa dute, horretarako ere balio baitute euskalkiek, euskarari aniztasun handiagoa emateko”.

Gainera, Aranak gogoratu du testuen ulermena errazten duela ibarreko euskara euskara batutik oso gertu egoteak. “Euskara batua ondo egindako estandarra da, erdialdeko hizkerak hartu zituelako oinarri. Askotan esaten da gipuzkeran dagoela oinarritua. Egia da bertatik asko jaso zuela, baina aditz sistema nafarreraren askoz antzekoagoa da. Beraz, Izarbeibarko euskaldunak ez du arrotza ikusiko haren arbasoen hizkera”.

Liburuaren aurkezpenean, Oihan Mendo Garesko alkateak aipatu zuen liburu honekin ziklo bat ixten dela, lan teorikoak, testu zaharrak eta literatura berria publikatu ostean. Nolanahi ere, Aranak aitortu du zikloa ez dela erabat itxi. “Otsailean, euskalkiaren beste ikastaro bat egitea proposatu zidan alkateak. Niri ilusio handia egiten dit lan hau egiteak, eta baiezkoa eman nion”.

Liburu andana saldu zen aurkezpenean bertan, tokiko hizkerek erakartzeko duten gaitasunaren seinale. Aranarena lehen saioa da. Hemendik aurrera, beste batzuen txanda izango da, aurretik egindako lana teoria hutsa izan ez dadin.