Pedro Salaberri margolaria (Iruñea, 1947) bere lanez inguratuta dago Iruñeko bere estudioan: batzuk horma zurietan zintzilik daude; beste batzuk buelta emanda eta hormaren kontra jarrita. Beretzat ezagunak diren paisaiak islatzen ditu margolanetan, baina bere hizkuntza propioa erabiliz: kolore biziak, figura geometrikoak, eta baita abstrakzioa ere. Natura bisitatzen du ia astero, maite duen paisaiaren argazkia atera, eta hirira itzultzen da ikusitakoa bere mihisean islatzeko. Etxeko korridore estua igarotzen du, lagunek egindako obrekin apainduta dagoena: «Lagunartean noa lanpostura», dio. Lanpostua: mihise zuri bat. Bere ibilbideagatik Vianako Printzea saria jaso zuen 2022an, eta margotzen jarraitu du ordutik. Orain, Lizarrarako bidaia erakusketa aurkeztu du Lizarrako (Nafarroa) Gustavo Maeztu museoan; ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Artearekiko duzun grina bineta baten barruan hasi zen gorpuzten, ezta?
Bai. Txikitan komiki asko irakurtzen nituen; nire ama kezkatu ere egiten zen. Komikiak kopiatzen nituen, eta, kolorearekin jolasean hasi nintzenean, natura hilen irudiak erosi nituen, horiek kopiatzeko. 14 urterekin hasi nintzen lanean, arkitektura estudio batean mandatuak egiten. Gero delineatzaile gisa hasi nintzen, pintura alde batera utzi gabe, eta, margotzea maite nuenez, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan sartu nintzen.
Nolakoak izan ziren eskolako urte haiek?
Itzelak. Diktadura garaia zen, eta niretzat askatasun gune bat izan zen eskola; bertan ikasi nuen barruan nuena adierazten. Adiskidetasunean eta alor intelektualean nire lagunekin batera hazi nintzen. Irakasleek betiko natura hilak kopiatzeko esaten ziguten, baina gu beste batzuk muntatzen hasi ginen.
Nolakoak ziren natura hil haiek?
Objektuak pintatu beharrean, kuadrikula batean sartzen nituen, [Piet] Mondrian margolariaren lanetan bezala. Pultsu ona nuela dirudi, esku hutsez egiten nituelako marrazkiak. Garai horretan Salvador Beunzak eskolak eman zizkidan, eta pintorea nintzela esan zidan. Oraindik gogoan dut. Zer ikusten ote zuen egiten nuen lan horretan?
Noiz hasi zinen zeure burua margolaritzat hartzen?
Laster konturatu nintzen hor egon nahi nuela, pintatu egin nahi nuela. Delineatzaile gisa dirua irabazten nuen, baina beste enpresa batera aldatu nintzen, ordu gutxiago lan egiteko eta margotzeko denbora izateko.
Hasieran forma geometrikoak margotzen zenituen, baina gero utzi egin zenuen bide hori. Zergatik?
Margolanek nire izaera isla zezaten nahi nuen. Figura geometrikoak maite nituen, eta horiek ardatz gisa zituzten lanak egin nituen, baina ez zuten arrakastarik izan. Ez zitzaizkion inori gustatu. Garai hartan, egoera salatzeko erabiltzen zen pintura, eta horrek hunkitu ninduen; aldatzea erabaki nuen.
Zer erreibindikatu nahi duzu zeure artean?
Pinturarekin eguneroko bizitza kontatu nahi nuen, ukatzen zigutena: ezin genuen askatasunez pentsatu eta nahi genuena adierazi. Baina sentitzen hasi nintzen horrek ez ziola erantzuten nire intimitateari, eta sintetizatzen hasi nintzen.
«Diktadura garaia zen, eta niretzat askatasun gune bat izan zen eskola; bertan ikasi nuen barruan nuena adierazten. Adiskidetasunean eta alor intelektualean nire lagunekin batera hazi nintzen»
Belaunaldi horretako artistek Iruñeko eskola goitizena zenuten. Zeintzuk ziren zuen oinarriak?
Jose Maria Moreno Galvan arte kritikaria Iruñera etorri zen, eta goitizen hori jarri zigun. Baina belaunaldi kontua zen soilik; gu ez ginen eskola bat, horrek esan nahi baitu postulatu batzuk babesten genituela, eta ez zen horrela izan. Denbora guztian elkarrekin egoten ginen, eta eguneroko errealitateko elementuak margotzen genituen, baina bakoitzak bere estiloan.
Uste duzu artea ekintza kolektiboa izan daitekeela?
Ez. Talde horretako artistak lagunak gara, baina, mundua ikusteko dudan modua helarazteko orduan, bakarrik nago. Hori bai, artista guztiez elikatzen naiz: batzuek gauzak erakusten dizkidate, beste batzuek hunkitu egiten naute, eta liluratzen nautenak ere badaude. Pintatzen dudanean eta jendearen arreta eskatzen dudanean, publikoari zer esan nahi diodan eta nola egin nahi dudan bakarrik erabaki behar dut. Nik ez dut ezer asmatu, noski, dauden iturri zoragarri guztietatik edaten jarraitzen baitut. Artea supermerkatu erraldoi bat da, non maite duzun hori aurkituko duzun.
Natura behatu eta gero, hirira itzultzen zara margotzera, ezta?
Bai. Natura aldarrikatzen zuen belaunaldi hippy horren parte naiz. Naturaz hitz egiten dut, zaindu egin behar delako eta unibertsoan bizi garela gogorarazten digulako; natura guztiz ezinbestekoa da. Baina ni hirira nator hori kontatzera. Hala ere, ez dut natura bere gorabehera guztiekin margotu nahi, bere adar eta lore guztiekin: publikoa murgiltzen ahal den sentsazio, atmosfera eta gai poetiko bat margotu nahi dut.
Kolorea erabiltzen duzu horretarako?
Bai. Kolorista naiz. Koloreak emozioak transmititzen ditu: magikoa da. Urte asko daramatzat margotzen, eta badakit koadro bat ez dela errealitatearen isla. Gainera, errealitatean bakarrik oinarritzen bazara, belarra berdez margotuko duzu beti, eta zerua urdinez. Urteotan askatuz joan naiz: ez naiz kronikaria; beraz, nahi dudana egin dezaket koloreekin. Zubi urdin bat margotuko dut, zergatik ez?
Hala ere, harmonia beti duzu oinarri gisa?
Bai. Edertasunez eta harmoniaz hitz egiten dut, horixe helarazi nahi baitiot publikoari: ez dut mezu negatiborik bidali nahi. Badakit nola dagoen mundua, baina ez dut nahi hori nire ekarpena izatea. Badago hori salatzen duen jendea, eta oso ongi dago, baina ni bakegilea naiz. Maite dudalako eta ezagutzen dudalako hitz egiten dut naturaz; igandean bisitatzen ditut haren mendiak.
«Urteotan askatuz joan naiz: ez naiz kronikaria; beraz, nahi dudana egin dezaket koloreekin. Zubi urdin bat margotuko dut, zergatik ez?»
Mihise zuria aurrean izanik, nondik hasten zara?
Marrazkitik hasten naiz. Nire koadroetan narrazio bat egon ohi da: mendi bat dago, atzealde bat. Koadro bat hasten dudanean, beti izaten dut paleta garbi. Margotzera joaten naizen bakoitzean, olioa jartzen dut, baina amaitzen dudanean sobera daukadana bota egiten dut. Atzo zer egin nuen gogoratu gabe hasi nahi dut margotzen, ez dut nahi atzo zer margotzen ari nintzen gogorarazten didan kolorerik.
Nola dakizu koadro bat amaituta dagoela?
Hori bakoitzak erabakitzen du. Distantzia bat hartu behar da lanetik, egiten ari zarenetik urrundu. Koadroa zintzilikatu behar da, ahaztu, eta lasai begiratu: uzten ikasi behar da. Margolanak amaituta daudenean, ZIUtik atera eta euren gelan jartzen ditudala diot askotan. Baina, batzuetan, zintzilik ikusten ditudanean, pentsatzen dut: «Honek ZIUra itzuli behar du». Orain daukadan adinarekin, ez dut presarik; naizena baino ez naiz izango. Hementxe dauzkat zintzilik, eta askotan ez diet begiratzen, baina, noizbehinka, zerbait gaizki dagoela ikusten dut: agian, zerua aldatu behar dut. Lana amaitua dut koadroak erasotzen ez didanean, bere konpainia onartzen dudanean.
Landu beharreko zerbait da inspirazioa?
Buruan artea presente duzunean, lana da; margotzen ari ez zarenean, pentsatzen ari zara. Batzuetan gertatu izan zait margotzen aritzea eta norbait etortzea bisita bat egitera; lagunarekin hitz egin bitartean, lanaz apur bat despistatu egiten naiz eta ideia bat okurritzen zait. Baina pinturak abentura bat izan behar du; bestela, zer aspergarria!
Noizbait irudipena izan al duzu pintatzea jada ez zela abentura bat zuretzat?
Bai. Denbora tarte bat etengabe margotzen daramadanean, agian, neure buruari esaten diot: «Aizu, Salaberri, margotzen orain ere? Zer aspergarria!». Une hori egokia da estudiotik ateratzeko, ardo batzuk hartzeko eta buelta bat emateko. Horrela hautsi ditut koadro asko.
«Margolanak hementxe dauzkat zintzilik, eta askotan ez diet begiratzen, baina, noizbehinka, zerbait gaizki dagoela ikusten dut: agian zerua aldatu behar dut»
Oso zorrotza zara zure lanarekin?
Bai. Erakusten, oparitzen edo saltzen dudan koadro bakoitza defendatzeko gai izan behar dut. Besteek esan diezazukete ez zaiela gustatzen, baina nik ahal nuena egin dut. Biltegi bat daukat nire koadroez beteta, eta argazkilaria den lagun bati deitu nion horien argazkiak ateratzeko. Koadroak atera genituen eta uste dut hamabi hautsi nituela. Gauza asko egin ditut, baina denak onak dira? Ezta pentsatu ere! Ziur nago saldu ditudan koadro guztiak ekarriko balizkidate baten bat hautsiko nukeela. Ez da ezer gertatzen. Bihar beste egun bat izango da.
Nola agurtzen dituzu saldu dituzun koadro horiek?
1973an egin nuen bakarkako nire lehen erakusketa, eta paisaia oso sintetikoak margotu nituen: horrek funtzionatu zuen. Koadro batzuk saldu nituen, baina ez nekien hori nola hartu. Nire artearekin zerbait eskaini nahi nuen, baina, koadroak saltzen baditut, publikoak nahi duen zerbait margotzen ari naizelako da? Neure burua saldu dut? Txorakeriak dira, baina horrela bizi dut nik. Sinesmen batzuk ditut; gero horiek galdu egiten dira. Margolanei esker bizi garela onartu behar da, eta margotutakoa batzuei gustatzen zaiela.
Noizbait esan duzu ez duzula «margolari madarikatua» izan nahi. Zer esan nahi du horrek?
Ez dut izan nahi ez auzokoekin ez hiriarekin zerikusirik ez duen norbait. Denboraldi batez, gaztetan, mundu guztiari gustatzea zen nire helburua. Gero konturatu nintzen ez nuela anbiziorik hori lortzeko ustez egon behar den leku guztietara joateko. Asmo handikoa naiz margotzen dudanean, ongi margotu nahi dudalako. Ez nago Madrilgo Prado museoan, baina jendea zoriontsua da etxean nire koadro bat edukita, eta hori oso pozgarria da. Nire ustez, zeure bizitzarekin ados jartzea da bizitzako garaipena, eman diezazukeena baino gehiago ez eskatzea, alegia.
Eboluzionatu egin beharra daukazu etengabe?
Eboluzionatzea bizitzea besterik ez da. Ez dut ikertzen, bizitzen ari naiz. Hunkitzen nauten paisaiak deskubritzen saiatzen naiz, eta estudiora joaten naiz gero, ea zer ateratzen den ikustera. Oso ongi ezagutzen ditudan paisaiak margotzen ditut, eta etxetik atera gabe bidaiatzeko modu erosoa da. Nire aberria nire irudimena da. Bakoitza leku batean jaiotzen da eta leku horretakoa da, baina puri-purian nire aberria irudimena da.
«Ez nago Madrilgo Prado museoan, baina jendea zoriontsua da etxean nire koadro bat edukita, eta hori oso pozgarria da»
Zure ibilbidearen ondorioz, Vianako Printzea saria jaso zenuen 2022an. Nola hartu zenuen?
Ohore handia da nire komunitateak sari kultural bat eman izana. Gainera, pinturak lotsa kendu zidan. Jendeak esaten zidan gustatzen zitzaiola nik pintatzen nuena, eta beldurra galduz joan nintzen poliki-poliki: arteak autoritate pertsonala eman dit.
Orain zer duzu esku artean?
Koadro txiki batzuekin ari naiz lanean, baina ez dut helbururik finkatzen. Duela gutxi zubi fase bat izan nuen: zubi pila bat margotu nituen. Gai hori alde batera uztera nindoan, baina konturatu nintzen Garesko zubia ez nuela margotu! Nafarroako zubi nagusia da niretzat! Baina, zubi hori pintatu eta gero, lasai utzi ditut zubiak.
Beti ari zara lanean, beraz?
Bai. Nire istorioa kontatu nahi dut, baina, batez ere, bizitzeko irrika gailentzen da: munduan geratu nahi dut. Ez dut hil eta desagertu nahi. Hemen egon naizen seinale bat utzi nahi dut. Nik orain nire bilobengan pentsatzen dut, eta gustatuko litzaidake adinekoak direnean galdetzea: «Eta, zer egiten zuen zahar horrek?». Nire obrak ikusteko aukera izango dute. Bizitza finkatu nahiko nuke, geldiarazi, baina hori ezin denez… Pintatzen dut ongi margotzeko, ongi margotzea ongi bizitzea baita.
