Bada euskaraz bizi nahi duen Erribera

Kattalin Barber

Euskararen aurkako mezuak aspaldiko kontua dira Erriberan. Euskara eta D ereduaren aurkako eskuorriak banatu zituzten otsailean, adibidez, eta behin baino gehiagotan agertu dira euskaraz idatzitako bide seinaleak ezabatuta. Azkena, Castejongo sarreran. Eraso horrek Erriberako Elkarte Ezkertiarraren haserrea piztu du. Euskararen aurkako “fobia” eta zenbait pertsonak eta taldek euskararen kontra duten jarrera salatu du berriki Erriberako elkarteak.

“Ulertezina da XXI. mendean halako fobiarik egotea nafar guztiena den hizkuntza baten kontra”, esan du Miguel Goitiandia elkarteko kideak. Euskararen aurkako jarrera horren erakusgarritzat jo ditu euskaraz idatzitako bide seinaleak ezabatzea. “Bada esaten duenik euskara inposatzen dela Erriberan, baina errealitatea da ikasi nahi duenak ikasten duela”, gaineratu du.

Euskarak badu bere gunea Erriberan; “txikia baina sendoa”. Hala adierazi du Haizea Lizarbe Lodosako Ibaialde ikastolako zuzendariak. Erriberan lan handia egin behar dute euskarari prestigioa emateko, eta UPNk gizartean utzi duen haustura gainditzeko. “Egoerari buelta ematen ahalegintzen ari gara, euskara oso zapalduta egon delako, eta UPNk gaiztotu duelako giroa: haiek egin dute Erriberako jende askok hizkuntza bere ez sentitzea”. Lodosako Ibaialde ikastolak Nafarroa Oinez besta ospatu zuen 2001. urtean; orduan hasi zen eskualdeko haur eta gazteak euskalduntzen, eta pieza garrantzitsua da euskararen egoera normalizatzeko prozesuan.

Euskararen legeak 1986ean Nafarroa hiru hizkuntz eremutan banatu zuenetik, eremu ez-euskalduna da Erribera. Hortaz, euskara ez da ofiziala han. Euskaldunak eta euskaltzaleak, ordea, badira, eta egoera hori aldatu beharra dagoela argi dute. Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea eskatu dute. “Areagotu egin behar da euskarak kalean duen presentzia, bertako hizkuntza baita”, nabarmendu du Goitiandiak.

Lizarbek argi du euskaraz bizitzea Erriberan “oraingoz ezinezkoa” dela, baina Erriberako euskalgintzak lan handia egiten duela erantsi du: “Ikastolek, AEK-k eta Errigorak Erriberako arnasguneak dira: sekulako lana egiten dugu, ez bakarrik hezkuntza alorrean, baizik eta euskal kultura sustatzen eta herrietara zabaltzen ere”.

Azken urtoetan euskararekiko jarrera aldatu dela uste du, eta pozik agertu da gero eta heldu gehiago euskalduntzen direlako: “Urte askoz euskara etsaia izan da, baina orain helduek izena ematen dute euskaltegietan”.

Nafarroako beste ikastola batzuetan aritu da lanean Lizarbe, eta desberdintasuna sumatu du batzuen eta besteen artean. “Hemengo ikasleak oso euskaldunak dira, euskal sentimendua oso barneratuta dute; euskaraz aritzen dira egun osoan, haien artean eta jolastokian”. Ikastolen Elkarteak babes handia ematen diela azaldu du.

Min handia egin du zonifikazioak. Hori argi dute Goitiandiak eta Lizarbek. “Min horri aurre egitea urte askotako lana izanen da, baina badugu asmoa kentzeko. Euskararen aurkako mamuak desmuntatzen ari gara”, esan du ikastolako zuzendariak. Ildo beretik, Goitiandiak agerian utzi nahi izan du arazoa dela Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideak banatzen dituen legea. “Urte luzez euskaldunok zokoratzea helburu izan duen politika hori aldatu beharra dago. Eta egungo gobernuak aldaketak egin dituenean, hainbat pertsonak eta taldek ez dute batere begi onez ikusi. Gure eskubideak erabat urratzen ditu zonifikazioak, berdintasun printzipioaren kontra doa herritarrei eskubide eta betebehar desberdinak aitortzea”.

Gero eta euskaldunago

Egoera erraza izan ez arren, Erriberan, gero eta euskaldun gehiago daudela azaldu dute. “Duela 25 urteko egoerarekin alderatuz, hobera egin duela esan dezakegu, zalantzarik gabe”, esan du Goitiandiak. Oztopoz betetako errealitatea da Erriberako euskaldunena, hainbat hizkuntza eskubide urratzen zaizkielako. Bestelako egoera bat nahi lukete, eta hori lotzeko ari dira lanean: euskarak Erriberan duen tokia gero eta handiagoa izateko, eta inor ez baztertzeko.

“Azken bi urteetan inoiz baino urrats gehiago egin dira Erriberan euskararen esparruan. Euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskaera badago hemen, eta jendeak euskaraz aritu nahi du”, esan du Goitiandiak. Ez da hori uste duen bakarra: “Euskara nafar guztion hizkuntza da, eta eskubide berberak izan behar ditugu”, berretsi du Lizarbek ere.