Teleskopio arrain bat zebilen joan-etorrian. Batzuetan ahaztu egiten zait arrainontzi batek gordetzen duen ahalmen metaforikoa. Baita krudelkeria eta edertasuna nahasteko arrainontziek duten gaitasuna ere. Batzuetan ahaztu egiten dut txikia nintzeneko honako irudi hau: goizeko presak bultzatuta, eskolara joan aurretik, nire amaren mugimendu urduriak arrainontzia husten eta garbitzen zuen bitartean. Azkar, azkar, arrain madarikatua! Zergatik ez du beste inork garbitzen kakaz beteriko arrainontzi hau? Eta arrainaren hari itxurako kaka guztia konketan barna irristatzen zelarik, arraina berriro ur garbian murgildu eta korrika batean eskolara alde egiten genuen.
Une hartan ez nekien 30 bat urte beranduago eszena bera biziko nuela. Oraingoan, aldiz, amaren paperean harrapatuta, amek berezkoa duten berunezko arrainontziko pareten kontran talkaka. Beti iruditu zait misterio bat arrainontziko arrainen iraupena. Patuak zein askatasun faltak bultzatuta, bata bestearen atzetik hiltzen ziren arrainak: arrain laranja, grisa, urdina, horia. Arrain baten bizitza metro koadro batera ere iristen ez zen perimetrora mugatzen zen, da. Horrek zerbait ilun eta sakona adierazten duela iruditzen zait, baina nik, arrain baten modura, zirkuluetan jarraitzen dut, ulertu nahian, eta ez dut inoiz erantzun asebetegarririk topatu. Oso garrantzitsua eta funtsezkoa den zerbait badela sumatzen dut, baina bitartean bira egiten dut. Athena Farrokhzad: garbigailua martxan dago.
Duela pare bat urte jakin nuen teleskopio arrainak apaingarri gisa erabiltzeko eraldatu ohi dituztela genetikoki Japoniako akuarioetan. Ia ikusten ez duen espezie bat da; laster hiltzen den arraina. Zirriborro bat balitz bezala. Tutu formako begi luzeak ditu, norbaitek, laborategiren batek ala Jainko ahaltsu batek, aurrera begira kokatu dituenak. Honek guztiak orokorrean ez dio ezertarako balio: erdi mutantea den arrain gajo honek ezin du ez ehizatu ez ikusi. Erdi itsua da eta berehala gorpu bilakatuko den gorputzak ez du dinamismorako, eta berez biziraupenerako, joerarik ez ahalmenik. Arrain zonbia. Gaur egungo telesail distopikoen protagonista perfektua. Baina eraldaketa genetikoak ez luke baimenduko ezta bigarren mailako pertsonaia izatea ere. Horregatik galdetzen diot neure buruari grina horren zergatia dela eta.
Patuak zein askatasun faltak bultzatuta, bata bestearen atzetik hiltzen ziren arrainak: arrain laranja, grisa, urdina, horia
Erdi hilak dauden espezieak, aurpegiak eta gorputzak sortzearen behar hori. Sasijainko bilakatu gaituen botere eraldakor hori garatzearen behar hori non demontre errotzen den. Zergatik gorputz horiek edertasunaren sinbolotzat jotzen dugun. Bitxia da bestelako arrainen kasuan ezohikoa den arren, hauen begiak biratu egin daitezkeela, ur ilunetan mugimenduak antzemateko. Bizitzako une jakin batzuetan iluntasuna kanpoan zelatan dagoela ulertuko balute bezala. Auskalo.
