Denon esku egon behar duelako

Edurne Elizondo

Kultura inklusiboaren aldeko sarea da Kataluniako Apropa, eta Sonia Gainza kideak eman du helburu horrekin lotutako gako nagusietako bat: “Gutxi batzuen aldeko neurriek, finean, denei egiten ahal diete mesede”. Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketa elkarteak antolatutako jardunaldian aritu da Gainza, Iruñean. Irisgarritasunaz eta kultura inklusiboaz gogoeta egin nahi izan dute herrialdeko kultura kudeatzaileek, bide horretan urratsak egiteko asmoz.

Ez da Kunarena esparru horretan zabaldutako ate bakarra, gainera: Nafarroako Parlamentuak onartu berri du Irisgarritasun Unibertsalerako Foru Legea, eta Nafarroako Gobernuko Kultura departamentua, berriz, kultura eskubideena prestatzen ari da. Herritar ororenak dira eskubide horiek, ustez, baina, egun, oraindik ere, badira hainbat kolektibo kulturaren esparrutik at uzten dituzten mugak eta oztopoak.

Aipatzekoa da, adibidez, Iruñeko Gaiarre antzokian berriki egin dituztela igogailua jartzeko eta antzokiko sarrera egokitzeko lanak, irisgarritasuna errazteko asmoz. Obrak egiteko gastua 300.000 eurorena izan da, eta, ordaintzeko, “mezenasgo kanpaina bat” jarri dute abian; finantzaketa kolektiboa, alegia. Parlamentuak onartu berri duen Irisgarritasun Unibertsalerako Foru Legeari buruz, hain zuzen ere, “baliabidez” horni dezatela eskatu du Cerminek, bertze deus baino lehen. Ezintasunen bat dutenen erakunde ordezkarien batzordea da Cermin.

Kultur espazioetara eta jardueretara iristeko oraindik ere indarrean diren mugen eta oztopoen kontra lan egiteko asmoz antolatu du Kunak Iruñeko jardunaldia. Gaur egun bazter gelditzen diren talde eta kolektiboei egin nahi izan diete so: ezintasunen bat dutenak edo baztertzeko arriskuan direnak. Batetik, kolektibo horietako kideek kultura garatzeko espazioetara iristeko eta sartzeko dituzten zailtasunak jorratu dituzte; bertzetik, berriz, kultura produktuak sortzeko, zuzentzeko edo kudeatzeko aurkitu ohi dituztenak.

Sonia Gainzak irisgarritasunari egin dio so, batez ere, bere hitzaldian. Kultura denen esku jartzeko bideak bilatzea da Apropa sarearen lana, hain zuzen ere. Berretsi du hasieran errandakoa, gutxi batzuen alde hartutako neurriek denei egiten ahal dietela mesede, alegia. Eta adibide argi bat jarri du mahai gainean: “Antzoki batera sartzeko arrapalak aulki gurpilduna dutenei egiten die mesede, beti. Momentu zehatz batean mugitzeko zailtasunak dituenak ere eskertuko du, eta, denok joko dugu ontzat, berriz, zahartzen garenean”.

Denen neurrikoa

Kultura garatzeko espazioa kudeatzen duenak kontuan hartu behar du anitza dela kultura kontsumitzen dutenen soslaia. Espazio horrek, ondorioz, denen neurrikoa izan behar du. “Anitzetan, argibide gutxi batzurekin lor dezakegu hori”, azaldu du Gainzak. Bertze adibide bat ekarri du: “Autistentzat garrantzitsua da, adibidez, espazioa ezagutzea. Lagungarria da, adibidez, espazioaren webgunean jartzea informazioa azaltzeko nola heldu, sarrerak non erosi eta abar. Argazkiak jar daitezke prozesua errazteko. Tokia ezagutzen ez duen orok eskertuko du hori, gainera”.

Irisgarritasuna, halere, ez dago bakarrik espazio fisikoarekin lotuta. “Bazterketa arriskuan direnekin ere egiten dugu lan, adibidez. Haientzat prezio bereziak eskatzen ditugu”. Ez hori bakarrik. “Ohiko saio batera joaterik ez dutenentzat, adibidez, entseguak zabal ditzakegu; edo saio bereziak egin haiekin. Komunikazioarekin, espazio fisikoarekin, prezioarekin, inguruarekin, edukiarekin eta profesionalen jarrerarekin lotutako mugak bazter uzteko lan egitea da kontua”.

Edukiaren berri emanen duten eskuorri irakurterrazak sortzea; atsedenaldiak egiteko aukera emanen duten saioak antolatzea; zaharrekin edo ezintasun jakin bat duten pertsonekin saio bereziak prestatzea, giro lasai batean… Gisa horretako proposamenak egin ditu Apropak, eta lan ildo horiek lantzen ari dira jada Kataluniako hamaika kultura espaziotan.

Asmo horiek jasotzen ditu bere baitan Apropak sareko antzokiei eta gainerako espazioei eskatzen dien konpromisoak: tokien %2 gordetzea gizarte erakundeentzat, hiru euroko prezioan. Gainzak gisako konpromisoak hartzera deitu ditu Nafarroako kultura espazioak ere.

Ohiko zurruntasunetik aldentzea eta begirada aldatzea da lehen urratsa. Madrilen, Una Mirada Diferente izeneko jaialdiak hori egitea hartu du helburu, hain zuzen ere. Espainiako Arte Dramatikoen Zentroko kide Ines Enciso da arduradunetako bat, eta kultura inklusiboaren alde egin du Kunak antolatutako jardunaldian.

Encisok funtsezkotzat jo du, lehenik eta behin, argi uztea gizarteak “rol erabakigarri bat” duela kultura inklusiboa garatuko duten politikak ahalbidetzeko orduan. “Baztertutako kolektibo anitz daude, eta ezintasunen bat dutenena ikusezina da; estigmaren zama du gainean. Kulturak izan behar du bizi garen gizartearen isla, eta, egun, ez dugu hori lortu”. Ez da gizartearen isla, bere aktore anitz oholtzatik kanpo gelditzen direlako.

Encisok nabarmendu du ezberdintasuna “balio erantsi bat” dela artearen arloan, eta argi du Una Mirada Diferente jaialdian parte hartzen duten konpainia inklusiboek horixe erakusten dutela, beren lanak sortzen eta aurkezten dituzten bakoitzean. Encisok ezintasunen bat dutenekin garatutako bertze proiektu batean parte hartu du, Campeones filman, alegia. Javier Fesser zuzendariak aurten aurkeztutako lana da. Lan horretako aktore da Jesus Vidal, eta bat egin du Encisorekin. “Arteak anitz irabazten du ezberdina den hori bere egiten duenean; aukera bat da”.

Ezintasun fisiko bat du Vidalek: ikusmen arazo larriak. “Campeones filman, halere, ezberdintasun intelektuala duen pertsona baten rola bete dut, nire itsutasunetik”. Filologia ikasi zuen Vidalek, baina antzerkiaren arloak laster harrapatu zuen; aktore gisa, bai eta idazle gisa ere. “Artearen bidez, errealitatean parte hartu, eta aldatu egiten dut. Beti harritu nau ohartzeak zein neurritan alda daitekeen bertzeek gutaz duten iritzia, betaurreko lodiak eramaten ditugulako, edo ezaugarri fisiko jakin batzuk ditugulako”.

Antzerkiaren esparruan trebatu dela nabarmendu du Vidalek. Ines Encisok ere “funtsezkotzat” jo du lan amateurraren eta profesionalaren arteko bereizketa argi uztea. Arrisku batez ohartarazi nahi izan du, halaber: ghetto bat sortzekoa, alegia. “Helburu hartu behar dugu aniztasuna oinarri dituzten jaialdiak antolatzea? Nire ustez, gaur egun gogoeta zehatz hori eginen duten ikuskizunak eta espazioak sortzea garrantzitsua da. Baina helburutzat hartu behar dugu lan egitea halako toki eta produktu propioak izateko behar hori desagertzeko”.

Esperientziak

Bertze hainbat sortzailek parte hartu dute Kunak antolatutako jardunaldian. Haietako bat da Mikel Belaskoain. Arazo neurologikoak dituzten hainbat pertsonaren inguruan garatu du Personas izenburuko bere proiektua. Artistak berak behin-behineko paralisia eragin zion gaitz bat izan zuen. Esperientzia hori oinarri hartuta osatu du bere arte lana. Ezintasunaren marra malgua dela ikasi du bere proiektuaren bidez, batetik. “Denok egon gaitezke gaur alde batean, eta bihar, berriz, bertzean”. Bertzetik, emozioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du. “Emozioa aldarrikatu nahi dut artearen esparruan”. Aulki gurpilduna behar duen pertsona bat, amnesia duen bertze bat, eta alboko esklerosi amiotrofikoak jota den hirugarren bat dira, bertzeak bertze, Belaskoainen Personas proiektuko parte.

Arte plastikoen arloan ari da Alicia Otaegi ere, eta Nafarroako Gobernuak sustatutako Landarte programaren bidez, Otsagabiko zahar etxeko erabiltzaileekin egin du lan. Parte hartzeko izan duten borondatea eta gogoa nabarmendu ditu artistak.

Zaharren kolektiboarekin lan egin nahi izan du Ados Teatroa konpainiak ere, aurten giza eskubideen arloan garatzen ari den El baile de los años proiektuan. Giza eskubideak oholtzara izenburuko programa du konpainia horrek 2016tik, eta aurtengo lanerako zaharrekin aritzea erabaki du, “bazter gelditzeko arriskua duen kolektiboa” badelako, Jose Antonio Vitoria konpainiako arduradunaren hitzetan.

Migratzaileekin eta langabeekin ere egin dute lan Ados Teatroa konpainiako kideek. Aurtengo proiekturako Becky Siegel dantzari eta koreografoa dute lagun. Siegelek badaki ezintasunen bat dutenekin lan egitea zer den, Konmocion Danza konpainiaren bidez jorratu baitu esparru hori. Koreografoak argi du: “Artea gizartearen aurretik dago, arteak ederki ikasi baitu aniztasuna aberastasuna dela, ezberdintasunetik aukera berriak sor daitezkeela”.

Esklerosi anitza zuten pertsonekin hasi zen dantza lantzen Siegel. Bere esperientzia abiapuntu hartuta, argi utzi nahi izan du inklusioa hitz konplexua dela, eta, batez ere, kultura inklusiboa lortzeko formula magikorik ez dagoela. Adibide bat aipatu du: “Neska bat etorri zen niregana; aulki gurpilduna behar zuen. Dantza egin nahi zuen, eta eskola bat bilatzen lagundu nion. Aurkitu genuen. Lehen egunean pozik egon zen; bigarrenean bertze ikasleek ez zioten jaramonik egiten; hirugarrenean okerrera baino ez zuen egin egoerak. Kontua ez da bakarrik aritzeko espazioak aurkitzea; espazio horretan aritzeko giro egokia behar dugu ere”.

Giro positibo hori bilatzen dute Atena Fundazioko kideek, hain zuzen. Ezintasun intelektuala dutenek artea erabiltzen dute, han, garatzeko. Artea sortu eta erakusten dute. Bide luzea bada, oraindik ere, egiteko. Kunak urrats bat egin nahi izan du aurrera.

Irudiak: Miguel Goñi, Una Mirada Diferente jaialdia eta Jagoba Manterola / Foku