Jakiteko herritarrek zer arnasten duten

Edurne Elizondo

Lortu dute, azkenean: hiriko airearen kalitatea neurtzeko estazio bat jarri dute, Tuterako erdigunean. Nafarroako Gobernuak jarri du, eta Tuterako Udalak txalotu eta eskertu egin du urrats hori. Erriberako Ekologistak Martxan taldeak ere “ontzat” jo du, talde horrek duela hamabost urte mahai gainean jarri baitzuen hirian gisa horretako azpiegitura bat izateko beharra. Lortu dute, beraz, azkenean; baina gobernuari urrats gehiago egin ditzala eskatu diote ekologistek, airearen kalitateak hobera egin dezan.

Nafarroak huts egin du, azken urteotan, airearen kalitateari buruzko azterketetan. Ekologistak Martxan taldeak egindako txostenek agerian utzi dute kutsadurak herrialde osoan gainditzen dituela Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, ozono troposferikoa izan ohi da arazo nagusia. 2016ko txostenaren arabera, legeak ezarritako mugak ere gainditu zituen ozono troposferikoak eskualde horretan. Ekologistek onartu dute azken bi urteotan behera egin duela, baina auziari heldu beharra nabarmendu dute.

Airearen kutsadurak zuzenean eragiten dio gizakien osasunari. Munduan hiru milioi pertsona hiltzen dira urtean kutsaduraren ondorioz. Erriberan, eskualdearen orografiak larriago bilakatzen du kutsaduraren arazoa, kutsagarriak “bertan” gelditzen direlako, ekologistek behin eta berriz salatu izan dutenez.

Tuterako Udalak ere aitortu du arazo hori dagoela, eta, azken urteotan, airearen kalitatea hobetzeko plana martxan jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. 2016an, eskaera hori jasotzen zuen adierazpen instituzionala onartu zuen udalak.

Tuterako erdigunean estazioa jartzeko urratsa, beraz, “berri ona” dela nabarmendu du Tuterako zinegotzi Olga Risueñok. “Lehen urratsa da bertzelako neurriak hartu ahal izateko”, erran du. Izan ere, duela hilabete martxan jarri zuten estazioari esker, gobernuko teknikariek hirian dagoen kutsadurari buruzko datu zehatzak jaso ahal izanen dituzte. “Hiriko airearen kalitatea nolakoa den jakin ahal izanen dugu; hau da, herritarrok zer arnasten dugun; trafikoak, berogailuek eta hiriko gainerako jarduerek airean zer eragin duten jakinen dugu”. Orain arte, Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen sareak hiritik kanpo zegoen estazio baten bidez jasotzen zituen Tuterako datuak, hain zuzen ere. “Informazioa, beraz, ez zen orain jaso dezakeguna bezain zehatza”.

Enpresen esku

Tuterako estazioa da, Iruñekoarekin batera, Nafarroan hirigune batean dagoen bakarra. Erriberan dauden bertze hainbat estaziorekin alderatuta, orain martxan jarri dutenak badu bertze berezitasunik, gainera: gobernuak zuzenean kudeatzen duela. Izan ere, Erriberako estazio gehienak bertan diren enpresek kudeatzen dituzte, eta airea kutsa dezaketen enpresa horietatik gertu jartzen dituzte. Castejongo zentral termikoak dira horren adibide.

Talde ekologistek behin baino gehiagotan jarri dute mahai gainean Castejongo zentral termikoek Erriberako airearen kalitatean duten eraginari buruzko eztabaida. Erriberako Ekologistak Martxan taldearekin batera, Sustrai Erakuntza fundazioak ere azpiegitura horien aurka egin du, bai eta zentralak ixteko eskatzeko propio sortutako plataformak ere. Hain zuzen ere,Nafarroako Gobernuak ukatu izan du Erriberako ozono troposferikoa Castejongo zentralek sortu izana. Ekologistek uste dute zentralen eragina ezin dela bazter utzi, eta badirela kutsadura eragiten duten bertzelako elementuak: trafikoa, bertzeak bertze Zaragoza eta Logroño (Espainia) hiriak, bai eta Errioxan (Espainia) dauden zentral termikoak ere, eta abar. Ekologistek salatu izan dute, gainera, Castejongo zentralak martxan jarri zituztenetik gora egin duela nitrogeno oxidoen kantitateak.

Tuterako Udaleko zinegotzi Olga Risueñok nabarmendu nahi izan du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek egindako lana. Taldeak ere argi du hamabost urtez eskatu dutelako jarri dutela, azkenean, Tuterako hiriguneko estazioa. Udalak eta ekologistek nabarmendu dute gobernuak “urrats gehiago” egin beharko lituzkeela, jasotako datuak oinarri hartuta, airearen kalitatea hobetzeko planak martxan jartzeko. “Erkidegoek eta estatuak egin beharko lituzkete gisa horretako planak”, erran du Risueñok.

Estazioek jasotzen duten informazioa herritarren esku modu erraz batean jartzeko sistemak ere eskatu dituzte ekologistek. “Sakelako telefonoentzako aplikazioen bidez egin daiteke, adibidez”, erran dute Erriberako ekologistek. Tuteran jarri duten estazioa ontzat jo badute ere, uste dute azpiegitura horrek eginen duen baino “gehiago” egin zezakeela. “Parametro jakin batzuk neurtuko ditu: nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoak eta partikulak, alegia. Bazen aukera sufre dioxidoa, beruna, karbono monoxidoa, nikela eta bertze neurtzeko ere, eta egin dezatela eskatuko dugu”, erran dute Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek.

Erantsi dute kezkatuta daudela trafikoak, lantegiek eta zentral termikoek airearen kalitatean duten eraginagatik, eta herritarrek badutela informazio zuzen eta erraza jasotzeko eskubidea.

Irudia: Inma Audera-Tuterako Udala