“Sentiarazten dizun obrak bere funtzioa betetzen du”

“Sentiarazten dizun obrak bere funtzioa betetzen du”

Edurne Elizondo

Hitz egiten duenean ere marrazkiak egiten dituela ematen du. Ilustrazioa maite du Aitziber Alonsok (Donostia, 1971), eta izen hori zutela jakin aurretik ere egiten zituen. Iruñeko Udalak antolatutako ikastaroa zuzendu du, Harkaitz Cano idazlearekin.

Hirugarrenez egin duzue. Zer moduz joan da?

Oso ondo. Hainbat pertsona bikotea osatuta etorri dira, baina beste batzuk ez; guk jarri ditugu elkarrekin idazleak eta ilustratzaileak, eta, egia esan, oso ondo funtzionatu dute. Ez dakit zer gertatu den, baina sortu den elkarlana zoragarria izan da.

Zuk Harkaitz Canorekin osatu duzu bikotea. Ongi?

Bai, bikote ona osatzen dugula esango nuke nik. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, Marrazioa ekinaldiko koordinatzailea naizelako, eta Harkaitz aspaldi hasi zen parte hartzen. Ondo ulertzen dugu elkar.

Ezinbertzekoa da hori elkarrekin lan egiteko?

Bai, noski. Gertatzen da zenbaitetan, halere, harremana ona ez, baina emaitza oso ona izatea.

Haserrealdiak inspirazio iturri izan daitezke?

Kontua da idazlea eta ilustratzailea profesional onak badira, emaitza ona izan daitekeela, haien arteko harremana onena ez bada ere.

Oreka bilatzeko beharra dago?

Orain arte, ilustratzailea egon da, nolabait esanda, idazlearen menpe. Testua jaso, eta testu hori oinarri hartuta egiten zenuen zure lana. Iruñean egin dugunaren gisako tailerretan, hain zuzen ere, guztiz kontrakoa sustatu nahi dugu. Proiektuak sortu nahi ditugu batera, idazlea eta ilustratzailea elkarlanean arituz. Proiektuak bien ume izan behar du. Hala egiten denean, bi sormen prozesuak uztartu egiten dira. Irudigileak testuaren bidez esango den horretan parte hartzen du, eta, alderantziz, idazleak marrazkiek esango duten horretan parte hartzen du.

Ez da zaila irudia eta hitza uztartzeko prozesu hori?

Horregatik egiten ditugu elkarrekin lan egiteko tailerrak. Elkar ezagutzeko eta elkar ulertzeko. Ilustratzaileak ulertu behar du zein den idazlearen prozesua, ezagutu behar ditu haren pentsatzeko eta egiteko moduak, eta, alderantziz, idazleak ilustratzailearenak. Ez da zaila. Lanean hasten zarenean, erraz ulertzen dugu elkar.

Irudia testuaren menpe egon izan dela erran duzu. Gutxietsi egin da zuen lana?

Bai, hori gertatu da. Ez toki guztietan. Baina hemen bai. Akaso tradizio falta da arazoa. Baina kontua da horrek ekarri duela irudia ulertzea testuaren apaingarri gisa. Gauzak aldatzen hasi dira, eta ohartu gara irudia ere komunikatzeko modu bat dela. Hitzak komunikatzen du, eta irudiek, musikak edo keinuek ere bai. Liburu batean, irudiak komunikatu behar du; kontua ez da irudiak testuak esaten duena errepikatzea, bien artean istorio bat osatzea baizik. Elkarren osagarri izan behar dute. Nolabaiteko elkarrizketa osatu behar da hitzen eta irudien artean.

Hitzik gabeko irudiekin ere osatzen ahal dira istorioak, ezta?

Bai, badira album mutuak; horiek, halere, gidoi bat dute atzean. Komunikatzea da kontua.

Tradizio falta jo duzu arazo; irudiei so egiten ikasi behar dugu?

Ikasi beharko genuke, baina orain arte ez digute irakatsi. Gatozen tokitik gatoz. Ni 1970eko hamarkadan sortu nintzen. Ikastolak orduan hasi ziren hazten; helduek ahal zuten guztia egiten zuten aurrera egiteko; poliki-poliki joan dira bestelako arlotan sartzen, eta irudiak eta albumak ari dira beren tokia lortzen. Orain arte, bestelako premiak baziren. Hitza zen nagusi, eta, irudia, berriz, lagungarri.

Orain irudiaren nolabaiteko loraldia badela uste duzu?

Ari zaio duen balioa aitortzen. Uste dut irudigile berri asko ari direla sortzen. Jendea trebatzen ari da. Lehen, ikasketarik ez zen; orain, Bartzelonan badaude, aukera handiagoa dago, eta ilustratzaile gehiago daude. Irudigile horien ahotsa, gainera, gero eta gehiago entzuten da. Hori da gertatzen ari dena. Ez dugu ahaztu behar, halere, Euskal Herrian Olariagaren edo Asun Balzolaren gisako ilustratzaile klasikoak baditugula, aspalditik lanean ari direnak. Oinarri hori hor dago.

Emakumeen artean bereziki ari da gertatzen oraingo loraldia?

Bai, emakume asko ari gara ilustrazioaren esparruan lanean.

Zu nola hasi zinen ilustrazioaren arlo horretan?

Arte Ederrak ikasi nituen. Beti maite izan dut marraztea, eta konturatu nintzen gauzak kontatzen nituela marrazki horien bidez, hori ilustrazio bat zela jakin gabe. Musikako kaseteei, adibidez, azala egiten nien. Modu natural batean, bide bat egiten hasi nintzen. Ikasketak bukatuta, argi nuen ilustrazioak egin nahi nituela. Orduan ez zen artetzat hartzen, eta, agian horregatik, burugogorra naizelako, nik artea badela aldarrikatu nahi izan nuen.

Zergatik lotzen dira ilustrazioak haurrentzako literaturarekin?

Hala gertatzen da. Ematen du helduoi kosta egiten zaigula marrazkiak irakurtzea. Ez dagoela zaletasuna. Agian, aukera handirik ere ez dagoelako gertatzen da. Hori ere aldatu behar dugu, poliki-poliki. Egungo arazoetako bat da dena azkarregi gertatzen dela.

Zer erran nahi duzu?

Gauza asko dagoela, eta gutxi irauten dutela. Desagertu egiten dira. Ez dugu dena ezagutzeko edo aukeratzeko modurik. Dena azkar doa. Dena ari da aldatzen.

Kezkatzen zaitu horrek?

Nik eskuz marrazten jarraitzen dut, maite dudalako, baina ordenagailua ere erabiltzen dut. Ezagutu behar ditugu egungo moldeak. Baina uste dut funtsa bera dela. Arteak, finean, hunkitu egin behar zaitu, emozioak eragin. Sentiarazten dizun obrak bere funtzioa betetzen du.

Irudia: Iñigo Uriz / Foku