«Orduak? Han ez zegoen ordurik»

«Orduak? Han ez zegoen ordurik»

Kamioia gidatzen ari zela entzun zuen Iñaki semeak albistea irratian: «Ternuan bakailao arrantzan aritutako marinel goierritarren zerrenda osatu nahian dabil Lazkaoko Udala». Eta Xabier Iberoaga kapitain ohi lazkaotarra entzun zuen hizketan. Eta berehala ohartu zen: «Nire aitaren istorioa ere ari da kontatzen». Segituan deitu zion Roman aitari: «Zuk gordeta dauzkazu garai hartako paperak, ezta?». Berehala erantzun zion: «Edukiko ez ditut, bada?». Denak karpeta batean txukun-txukun sartuta presentatu dira biak Lazkaomendiko Ixurrene jatetxean (Gipuzkoa), zerrenda hori osatzen ari diren lagunekin egindako zitara. 

Eta atera duten lehen ondorioa: lehorreko arrantzale baserritarren fenomeno hori ez zela Gipuzkoako Goierrikoa bakarrik izan. Nafarroako Sakanan ere bota zituztela sareak: Etxarri Aranatzen, Arbizun, Urdiainen, Lizarragan… Eta sare horietako batean gelditu zen harrapatuta Roman Antonio Navarro Aristorena (Lizarraga, 1942). Baita ekarri duen argazkian zintzilik ageri den bakailao erraldoia ere. «Aldamenean dagoen hori ni naiz. Bakailaoaren buruak 30 kilo zituen, eta gorputzak, 85. Donibane Lohizuneko taberna batean dago argazki berbera jarrita», azaldu du Navarrok.

Roman Navarro, bakailao erraldoiaren aldamenean. ROMAN NAVARROK UTZITAKOA

Bi kafesne eta lau ebaki. Bost lagunen begiradapean hasi da Navarro oroimenaren itsasoan nabigatzen. Lizarragako euskara ederrak jarri die doinua oroitzapenei. Argitu duen lehen afera, garai hartako beste arrantzale gazte askok bezala, Navarrok ere ez zuela «inolako harremanik» itsasoarekin: «Jose Antonio Larruskain izeneko Donostiako patroi bat nire lehengusuarekin ezkondu zen». Haren bidez joan zen bera itsasora, itsasoari buruz ezertxo ere jakin gabe: «Igerian ere ez dakit oraindik. Azken batean, putzu hartan erortzen bazinen, alferrik zen». Gogoan du oraindik bidaia bakoitzaren hasieran mareatu egiten zela: «Azoreak gainditzen genituen arte, trapu zahar bat bezala joaten nintzen ontzian». 

1966an itsasoratu zen lehen aldiz, eta sei urtez aritu zen jardun horretan: Kanadan eta Groenlandian, bakailao arrantzan. Monte Aitzgorri itsasontzian aritu zen —Aralar itsasontziarekin batera aritzen zen Monte Aitzgorri, bikoteka egiten baitzen arrantzan orduan—. Pasaiako (Gipuzkoa) Laboa armadorean ontziak ziren bi horiek. PEBSA konpainiako Santa Marina bouean ere aritu zen —Santa Elisa ontziarekin batera aritzen zen hura bikoteka; Coruñakoa zen enpresa—. Eta Patachin eta Matlamani barkuen jiran egin zuen itsasoko bere azken bidaia. Fabrika batean aritu zen lanean arrantza utzi zuenean, eta Nafarroako Diputazioan gero.

‘Monte Aitzgorri’ ontzia, izoztuta. ROMAN NAVARROK UTZITAKOA

Hiru egunez preso Mexikon

Hain zuzen ere, Patachin eta Matlamani barkuen azken bidaia hartatik abiatu du kontakizuna, eta atera du karpeta urdin batetik Mexikoko egunkari bat, 1971koa. «Pasaiako armadore batek, Lasak, bi barku saldu zituen Mexikora. Bi itsasaldi egin zituzten, baina desastre hutsa izan zen. Mexikarrak ez ziren ongi moldatzen, eta laguntzera joateko eskatu ziguten». Ternuatik Mexikora eraman zituzten barkuak, Coatzacoalcoseko portu erraldoira, Veracruz estatuko hegoaldera —oraindik ere portu industrial garrantzitsua da hura—. Eta iritsi berritan zer gertatuko, eta: «Pasaiatik joandako eskifaia guztia atxilotu egin zuten, eta Coatzacoalcoseko espetxean sartu gintuzten». Arrazoia? Lanerako baimenik ez zutela, edo ez zituztela baimenak ordenan. «Hiru egun egin genituen preso. Aroztegi bat zen gure modulua, presoek zigorra murrizteko egiten zuten han lana. Eta espetxeko kriminalen oso lagunak egin ginen. Egunkarian albistea irten zenean, denek jakin zuten han geundela, eta Mallorcako familia bat hasi zen guri janaria ekartzen. Jatetxe bat zeukaten Coatzacoalcosen, eta itsaskia ekartzen ziguten bazkaltzeko eta afaltzeko. Presoen artean banatzen genuen janaria. Penaz gelditu ziren aske utzi gintuztenean». 

Roman Navarrorren nabigaziorako kartilla. ROMAN NAVARROK UTZITAKOA

Eta hasi da kontatzen Lizarragatik zeintzuk joan ziren Ternuara. «Ni joan eta urtebetera joan zen nire lehengusu Joxe Navarro Navarro. Ni baino urtebete zaharragoa zen bera. Eta Lizarragako beste lagun bat ere joan zen: Jesus Maria Gastistegi. Ni Monte Aitzgorri-n, eta hura beste barku batean —ez naiz akordatzen barkuaren izenarekin—. Istripua izan zuen gero barku hartan. ‘Marinel bat ospitalera eraman dute buruan kolpe handi bat zuela’, entzun genuen irratian. ‘Ez ote da nire herrikoa izango!’, pentsatu nuen nire baitarako. Bada, bera zen. Elbarri gelditu zen bizi guztirako».

Anaia zaharrena

Navarrok ez du inoiz ezkutatu hura «oso lan gogorra» zela. Seme-alabei han bizi izan zuen guztia kontatu diela dio: «Edo gehiena behintzat, bai [barrez]. Nik ongi pasatu nuen han, baina nik ongi portuan pasatzen nuen». Zazpi anaia ziren etxean, eta bera zen zaharrena. Gazteenarekin, 18 urteren aldea zeukan. Nahiz eta gogorra izan, «familia aurrera ateratzeko» iraun ei zuen horrenbeste. Berak mantendu zuen garai hartan sendia: «3.000 pezeta bidaltzen nituen hilabetero etxera [18 euro]». Zenbat irabazten zuten orduan barkuan? «Arrantzatutako bakailao tonen araberakoa izaten zen jornala». Eta gogoan du jornala bankuan sartzen ziotela, baina, eskatuz gero, kapitainak berak ere ematen ziela eskura, «nahi adina», gero deskontatzekotan. Eta atera ditu karpetatik garai hartako billete koloretsu batzuk ere: Kanadako frankoak eta dolarrak. 

Navarrok gordeak zituen billeteak. ROMAN NAVARROK UTZITAKOA

Bakailao buruak mozten egiten zuen lan Navarrok. Zenbat ordu egunean? «Orduak? Han ez zegoen ordurik». Kontatu du nola egin zuten behin Pasaiatik Groenlandiara joan-etorria 55 egunean. 800 tona bakailao hartuta barku bakoitzean: «Harrigarria izan zen hura. Bi egunetan arrantzatu zituen barku bakoitzak 800 tona, eta hirugarren egunean atseden eman zigun patroiak. Armadoreak agindu zion gelditzeko han denbora gehiago. Bakailaoa asentatu egingo zela, behera egingo zuela upategian, eta tokia izango genuela gehiago arrantzatzeko. Larruskain patroiak ez zion kasurik egin, eta etxera bueltatu ginen». Baina Navarrok dio ez duela halakorik sekula ezagutu: «Sarea bota eta bakailaoa jaso. Sarea bota eta bakailaoa jaso. Oraindik gogoan dut sareak zer-nolako hotsa ateratzen zuen barkura igotzen hasitakoan: fuuuuuuu. Bete-bete eginda».

Eta bazuen Larruskain patroiak ontzian eskopeta bat ere, Saint-Pierren erositakoa: «Errepikagailu bat zen; balak zituen». Eta egin zituzten tiroak, bat baino gehiago. Balearen batekin saiatu ziren alferrik —«ihes egin zuen berehala»—, baina lortu zuten itsas txakur bat ehizatzea: «Ternuatik Groenlandiara igotzen saiatu ginen. Saint John’s portutik abiatu, eta goraka-goraka hasi ginen. Bost bat egunez nabigatu genuen, baina itsasoa izoztuta zegoen, eta atzera egin behar izan genuen. Izotzak ontzia ebakitzeko arriskua zegoen. Eta izotz artean ikusi genuen itsas txakurra, eta tiro egin genion. Ontziratu egin genuen. Oso-oso usain txarra zeukan, jasanezina zen. Larrutu genuen, baina itsasora bota genuen berriz».

Inuiten herrixka hura

Groenlandiara iritsi ziren lehenengoetakoak izan ziren haien barkuak. Hango pasarte bat ere kontatu du Navarrok. «Han ez zegoen ez porturik, ez deus. Ontzitik kostaldera txalupa txiki batean joaten ginen. Eskimalen herrixka bat zegoen han. Sekulako harrera egiten ziguten. Emakume haiek ez ziguten joaten utzi nahi, eta arrantzale batzuek ez zuten handik etxera joan nahi». 

Baina Navarrok ongi gogoan duen portua Saint-Pierrekoa da. «Parranda egiteko ez zegoen halakorik». Tio Tom izeneko taberna bat du akorduan. Dantzaldia egoten zen han. «Iluntze batean, taxi bat hartuta joan ginen dantzaldira. Sekulako elurtea bota zuen. Ezinezkoa zen badia hartatik ateratzea. Hiru gazitzailerekin batera joan nintzen taxian. Zizurkilgoak ziren bi, eta Urdiaingoa bestea. Azken hori, gidariaren alboan zihoan. Ni atzeko jarlekuan, erdian. Eta zabaldu zuen Urdiaingoak kotxeko eskularru kaxa, eta pistola bat atera zuen. ‘Begira ze polita’. Eta niri eman zidan. Nolatan pentsatuko nuen nik kargatuta zegoela. Tiro egin eta bala han atera zen aurreko kristaletik. Han hasi zen gidaria: ordaindu behar genuela eta ordaindu behar genuela. Bai zera! Gu dantzaldira joan ginen». Goizaldeko ordu bietan agertu ziren Larruskain patroia eta kapitaina: «Esan digute Monte Aitzgorri-koekin zerbait gertatu dela». Navarrok aitortu zuen egindakoa: «Ni izan naiz tiro egin duena». Eta dantzalditik komisariara. «Gertatutakoa azaldu, eta bere horretan gelditu zen dena. Baina, ordutik aurrera, zerbait gertatuko ote zitzaidan beldurrez joaten nintzen beti Saint-Pierrera».

Navarro eta lagunak, Saint-Pierre elurtuan. ROMAN NAVARROK UTZITAKOA

Akordatzen da Navarro, ezinbestean, jaten zutenarekin ere: «Peskaue beti peskaue. Urteak egon naiz arraina ukitu ere egin gabe». 25 lagun joaten ziren Monte Aitzgorri-n. Eta higiene neurriak? «Ez geneukan ez dutxarik ez deus. Zerriak baino makurrago joaten ginen gu han». Eta olatu kolpe erraldoi hark euren kamarotea urez bete zuen hartan: «Koltxoia kanpora atera eta ontziaren tximiniaren ondoan jarri nuen, haren epelean, lehortzen; han ez zegoen ordezkorik».

Pasaiara bueltatzen zirenean festarik-edo antolatzen ote zen galdetuta, ezetz dio. «Familiakoak etortzen ziren bila, eta zuzenean joaten ginen etxera. Desiratzen geundelako etxera iristeko». Lankide galiziar askok, berriz, Pasaiatik Galiziara taxia hartzen zutela akordatzen da: «Beste hamabi orduko bidaia izaten zuten. Orduan ez zegoen ez autobiderik ez deus. Errepide zaharretik joaten ziren».

Roman Navarro, Lazkaomendin, atzean Txindoki duela. ENEKOITZ TELLERIA

Ongi konpontzen zen arrantzale galiziarrekin. Iñaki Navarro semeak dio aita izan zela euren etxera musika eta musikazaletasuna ekarri zituena. Eskusoinua jotzen du semeak, eta askotan abesten omen dute elkarrekin aitak arrantzale galiziarrei ikasitako abesti bat. Halaxe hasi da marinel ohia kantuan: «Eu queríame casar, miña nai, non teño roupa. Casa, miña filla, casa, que unha perna tapa a outra (Nik ezkondu egin nahi nuen, ama, baina ez daukat arroparik. Ezkon zaitez, alaba, ezkondu, hanka batek bestea estaltzen du eta)».

Iñaki semea akordatu da nola joan zen Pasaiara aitarekin urte batzuk geroago, eta nola ikusi zuten hango badian Monte Aitzgorri ontzia. Mutil koskorra zen artean Iñaki semea, eta gogoan du nola esan zion aitari: «Nik ere hor joan nahi dut, aita, zu bezala». Eta gogoan du aitak semeari eman zion erantzuna: «Ezta pentsatu ere».