Zortzi buru txapel bila

Zortzi buru txapel bila

Ainhoa Larretxea Agirre

Gozatua” eta “oparia”. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistei finalak zer sentiarazten dien galdetuta, hitz horiek errepikatu dituzte gehien. Gozatua, finalean kantatzea gozatzeko modukoa delako. Oparia, batek baino gehiagok ez zuelako espero finalean kantatzea eta opari gisa jaso dutelako aukera. Bihar jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan. Bertan kantatuko dute Eneko Lazkozek, Xabier Terrerosek, Joanes Illarregik, Eneko Fernandezek, Julio Sotok, Xabat Illarregik, Julen Zelaietak eta Xabi Maiak. Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegi ariko dira gai jartzaile.

Txapela irabazteko, erruz egin beharko dute bertsotan zortzi finalistek. Bi fase izanen ditu finalak. Lehen fasean, zortzi bertsolariek kantatuko dute. Binaka, gaia emanda aritu beharko dira zortziko handian, zortxiko txikian eta hamarreko txikian. Banaka, puntua emanda hiru bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian eta gaia emanda bi bertso nahi duten neurri eta doinuan. Fase horretan puntuazio onena lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Buruz burukoan, binaka gaia emanda puntuka zortzi bertso osatu beharko dituzte, binaka hiru bertso osatu beharko dituzte sei puntuko motzean, eta, azkenik, kartzelako lanean, hiru bertso egin beharko dituzte nahi duten neurri eta doinuan. Lan horietan denetan puntuazio altuena jasotzen duen bertsolaria izanen da irabazle.

Joxema Leitzak jarriko dio txapela. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan, Leitzak urte luzez bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi izan dio elkarteak keinu horrekin. Arbizun sortua izanik, Nafarroako txapelketan hainbatetan kantatu du Leitzak. Gainera, bertsolari izateaz gain, epaile eta gai jartzaile ere izan da, eta saio andana ere antolatu du. Sakanako bertso eskolaren sortzaile eta sustatzailea ere bada.

Aurpegi berriak izanen dira aurtengo finalean: Xabat eta Joanes Illarregi anaiak, bata 17 urtekoa, eta bestea 19koa. Lehen aldiz kantatuko dute Anaitasunan. Txapelketa fina eginda ailegatu dira biak finalera. Joanes, kantatutako bi saioak irabazita, indartsu iritsi da. Finalean “gozatzeko helburua” duela adierazi du, nahiz eta bertzelako helbururik ez duen baztertu nahi.

Xabatek ere txapelketa fina egin du; irregularrago ibili da, baina ongi merezita lortu du finalerako txartela. Galtzeko deus eta irabazteko dena dute Illarregi anaiek eta litekeena da sorpresa ematea.

Bertze sei bertsolariak aitzineko finalean arituak izanen dira. Zelaietak hamaikagarren finala du aurtengoa eta bera da denetan beteranoena. Txapelketa fina egin du nahiz eta onartu duen “urduri” ibili dela. Finala “opari” gisa hartu du beratarrak.

Bederatzi finalekin Soto da beteranoetan bigarrena. Lau aldiz irabazi du txapela, eta bera da egungo txapelduna. Aurtengo txapelketan egindako lana “bide xelebre” gisa deskribatu du Sotok. Finalaurreko saioan ideiak josten bereziki asmatu zuen, nahiz eta bi poto ere egin zituen. Hala ere, txapelerako hautagai sendoa da Soto.

Terrerosek eta Lazkozek seina finaletan kantatu dute. Beren finalaurrekoa irabazita igaro dira finalera biak. Terrerosek maila ona erakutsi du txapelketa guztian. Oholtzan “disfrutatu” duela dio, eta finalera begira “ilusioz” dago. Atarrabiako finalaurrekoan kantatu zuen Lazkozek, eta saio borobila egin zuen, hasi eta buka. Akatsik gabe, dotore ibili zen bertsotan. Atarrabian hartutako bidean “segitu” nahi du finalean ere. Orain arteko maila emanez gero, txapelerako hautagi sendoa da etxarriarra.

Emakumerik gabe

Eneko Fernandezek laugarren finala izango du biharkoa. Lesakako finalaurrekoan indartsu ibili zen. Txapelketarako prestatzea kostatu zaion arren, kantatutako bi saioetan inoiz baino gehiago gozatu du, eta finalerako ere helburu bera du: “Gozatzea”.

Xabi Maia da azken finalista. Bigarren finala da Elizondoko bertsolariarentzat. “Neure buruarekin bakeak egiteko txapelketa izan da”, azaldu du Maiak. Badu finalerako bertze asmorik, halere: publikoarekin duen zorra kitatu nahi du bertsolariak, alegia.

Arratsaldeko bortzetan hasita zortzi buru izango dira txapel bakarraren bila. Azken txapelketetan bezala, ordea, emakumezkorik ez da izanen finalean. “Finaleko argazkiak ez du bere osoan erakusten Nafarroako bertsolaritzaren errealitatea”, adierazi du Ander Perez elkarteko ordezkariak. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak izango dira aurtengo finalean; ez da anitz falta emakumeek berriro Anaitasunako plaza hartzeko.