“Anakaon lortu dut Europan galdu dugun askatasuna”

Bazen behin, Madagaskarko herri txiki batean bizi zen neska bat, bere herriko marinel batez zeharo maiteminduta zegoena. Egun batean, marinela munduan barrena bidaiatzera joan zen, abentura berrien bila, eta, bitartean, neska gaztea herrian gelditu zen, negar batean. Hilabeteak igarota, marinela herrira itzuli zen, neskarentzat eskuan opari bat zuela. Neskak oparia ireki, eta ispilu bat ikusi zuen, baina ez zekien zertarako erabiltzen zen. Bat-batean, bere burua islatuta ikusi zuen objektu berrian, eta negarrez hasi zen. Korrika amarengana joan zen oparia erakustera. “Begira, ama, bidaian ezagutu duen beste emakume baten erretratua oparitu dit”, esan zion, negar zotinka. Amak, ispilua eskuetan hartu, eta barrezka hasi zen: “Baina, alabatxo, ez kezkatu; ez duzu ikusten erretratuan agertzen dena emakume zaharra, itsusia eta lodia dela?”.

Erabat liluratuta gelditu zen Conchi Adrian (Montereau, Frantzia, 1961) lehen aldiz Madagaskarko ipuin zahar hori entzun zuenean. Anakaon (Madagaskar) bizi da. Kamory turismo enpresa —www.anakao-activites.org— sortu du senarrarekin, eta quad ibilaldiak, kite surf eskolak eta kayaken alokairua eskaintzen dituzte, besteak beste. “Turistek zerbait desberdina bilatzen dute Madagaskarren, kulturak eta naturak ez dutelako Europarekin zerikusirik. Asko surf eta kite surf egitera datoz”. Frantziako turistak izaten dituzte gehien, baina baita Italiakoak, Suitzakoak, Belgikakoak eta Australiakoak ere. “Euskal Herriko eta inguruko jendea gutxika-gutxika gehiago etortzen da, baina ez da oso ohikoa”.

Leku batetik bestera ibili da Adrian gaztetatik. Berez, Frantzian jaio zen, baina haren familia guztia Melidakoa (Nafarroa) da. “1950eko hamarkadan, nire gurasoak Frantziara joan ziren lan bila, baina, zazpi urterekin, Iruñera itzuli ginen bizitzera”. Geroago, Salamancara joan zen, espainol filologia ikastera. Bertan ezagutu zuen senar ohia. “Puerto Ricokoa zen, eta lan kontuengatik hara joan ginen bizitzera”. Hamalau urte igaro zituen Karibeko uhartean, hizkuntza eta literatura irakasten institutu batean. Handik, Maurizio uhartera joan zen. “Turistekin hasi nintzen lanean: bidaia antolatzaile bat jarri nuen martxan”. Hiru urte igaro zituen han, ondoko uhartera joatea erabaki zuen arte: Madagaskarrera. Iaz izan zen hori. “Lagun batzuk ezagutzen genituen Madagaskarren, eta etortzera animatu gintuzten”. Lehenagotik uhartean egonak ziren, eta turismo enpresa bat muntatzeko ideiarekin iritsi ziren Anakaora. Kasualitatea izan ala ez, hiru uhartetan bizi izan da Adrian. “Itsasoa betidanik gustatu zait, eta aurrez pentsatu gabe izan bada ere, beti aukeratu dut itsasotik gertu dagoen lekuren bat. Bizitzak leku horietara eraman nau, nik erabaki gabe”.

Anakao herri arrantzalea da, txikia. 2.000 biztanle ditu, eta ez dago ez urik, ez elektrizitaterik. “Garbitzeko ura hogei kilometrora dagoen ibai batetik ekartzen dugu, eta janaria prestatzeko ura Tuleartik, 50 kilometrora dagoen hiritik”. Ez da bizimodu erraza, baina moldatzen dela dio Adrianek. “Eguzki elektrizitatea dugu, eta, horri esker, argia dugu gauean. Ordenagailuak eta sakelakoak kargatzeko erabiltzen dugu”. Adrian bizi den lekuan, vezo etnia dago. “Guztiak arrantzaleak dira, eta itsasoarekin harreman mistikoa dute”. Leku sakratua da itsasoa haientzat, eta izenik gabeko jainko batek gobernatzen du, haien sinesmenen arabera.

Ez da oso ezaguna Madagaskar Europan, eta horretaz kexu da Adrian. Herrialde handia da; hogei milioi biztanle ditu. Hemezortzi talde etniko daude ofizialki onartuta, “baina azpitaldeak kontuan hartuta, gehiago daude”. Hala ere, atzerritarrak ere bizi dira Madagaskarren. “Txinako, Frantziako, Indiako eta Pakistango biztanle komunitate garrantzitsuak daude”. Malgaxea eta frantsesa dira hizkuntza ofizialak. “Horregatik, turista gehienak Frantziakoak dira”. Askotarikoa da fauna Madagaskarren. “Kameleoiak, krokodiloak eta sugeak daude, baina ez dira arriskutsuak”. Landaredia ere oso aberatsa da, eta ospea dute orkideek. “Nonahi aurkitu daitezke, eta mota askotakoak daude”.

Uharteko biztanleak adeitsuak eta maitekorrak direla dio Adrianek, baina bada alde ilun bat ere: “Haientzat dirua gara”. Atzerritarrak diren heinean, xantaien biktimak dira askotan. “Guretzat guztia garestiagoa da, vahzak —atzerritarrak— garelako”. Hala ere, neurri batean, “normala” iruditzen zaio herritarren jokaera, “dituzten bizi-baldintzak kontuan hartuta”. Pobrezia, ustelkeria eta sexu trafikoaren ondorioak egunero ikusten ditu Adrianek. “Herrialde guztietan dago pobrezia eta ustelkeria, baina gauza bat da jakitea, eta beste bat egunero horretaz jabetzea eta ikustea”. Madagaskarko herritar gehienak eskolagabeak dira, eta gutxik kokatuko lukete Euskal Herria mapa batean. Bi hitzetan, madagaskartarrak mora, mora direla dio, hau da, lasai-lasaiak. Uharteko bizimoduari, hala ere, gauza onak ikusten dizkio. “Europan galdu dugun askatasuna dugu hemen”.