PSNk eta Bilduk diote ez dutela nahi Barañainen eremu urdina jartzerik

Iruñeko Udalak autoak aparkatzeko eremu urdina —ordainpekoa— hedatuko du 2013an hiriko zenbait auzotara, tartean Donibane eta Etxabakoitzera. Egitasmo horrek Barañaingo aparkalekuetan eragina izango duelakoan, Barañaingo Udalak eremu urdina ezartzea erabaki du “muga efektua” saihesteko. Baina, PSN eta Bilduren arabera, “muga efektua aitzakia hutsa da; eremu urdina irabazi ekonomikoak lortzeko soilik ezarri nahi du alkateak”.

Alberto Sancho PSNko zinegotziaren hitzetan, “herrian ordaindutako aparkalekuak jartzen badira, herritarren eta merkatarien egoera ekonomiko zaila gehiago zailduko du”. Ildo beretik mintzatu dira Bilduko zinegotziak ere. Salatu dute neurri horren atzean Barañaingo Udalean azken urteetan izan den kudeaketa txarra tapatu nahi izana dagoela. Gainera, bestelako irtenbideak badaudela eta azterketa zorrotz bat egiteko beharra dagoela irizten diote.

Sanchok jakinarazi duenez, PSNk “laster” proposamen tekniko bat aurkeztuko du Barañaingo udalbatzan. Horren bitartez, Barañainen zirkulazio zerga ordaintzen duten guztiek autoa eremu urdinean aparkatu ahal izateko txartela eskuratzeko aukera jasotzen da. Modu horretan, Barañaingo herritarren karga ekonomikoa “arindu” egingo litzatekeela uste du.