Uztailean, Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. atalak lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion gizon bati, emazteari sexu erasoa egiteagatik. Nafarroak Auzitegi Nagusia, ordea, ez da bat etorri, eta, gaur jakinarazi duenez, errugabetzat jo du gizona, sexu eraso delituari dagokionez, bederen. Probintzia auzitegiak tratu txarrengatik eta mehatxuengatik ezarritako zigorrak, izan ere, bere horretan utzi ditu Auzitegi Nagusiak; bost hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten kargu bakoitzagatik. Hortaz, hasieran lau urte eta erdiko kartzela zigorra zena hamar hilabetera murriztu dio auzitegiak akusatuari.
Akusatua eta biktima 2007tik ziren bikote, eta 2016tik egon ziren ezkonduta, 2023an dibortziatu ziren arte. Harremaneko azken urteetan, bi auzitegiek frogatutzat jo dutenez, bien arteko eztabaidak ohikoak ziren, bai etxean, bai etxetik kanpo. Eztabaida horietan, gizonak emaztea «astindu eta bultzatzen» zuen, eta «irainak» esaten zizkion, hala nola «astakirtena, ergela, ama txarra». Gertaera horiengatik ezarri zion Probintzia Auzitegiak hamar hilabeteko kartzela zigorra —bost hilabete tratu txarrengatik, eta beste bost mehatxuengatik—, eta zigor horri eutsi dio orain Auzitegi Nagusiak.
Hiztegiko definizioa
Bi auzitegien arteko ezadostasuna, ordea, sexu erasoagatiko kargua epaitzeko orduan sortu da. Probintzia Auzitegiaren sententziak frogatutzat jotzen zuenez, akusatuak «nagusitasunez» jokatzen zuen sexu harremanetan, eta emazteak haren eskaerei ezetz esaten zienean, «ekin eta ekin setatzen zen, emazteak onartzen zuen arte». Auzitegi horrentzat, gertakari horiek nahikoa ziren gizonari «sexu eraso jarraitua» leporatzeko, eta horregatik lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Akusazioa eta defentsa ez ziren erabaki horrekin bat etorri, eta helegitea aurkeztu zuten biek. Ezarritako zigorra gogorragoa izatea eskatu zuen akusazioak, eta defentsak, berriz, absoluzioa. Bigarrenari arrazoia eman dio Auzitegi Nagusiak, «ez baita frogatutzat jo akusatuak biktimaren borondate irmoaren aurka harekin sexu harremanik izan zuenik». Baieztapen hori egiteko, hiztegira jo du auzitegiak; izan ere, argudiatu du Probintzia Auzitegiak frogatutzat emandako gertaeretan ezin dela «adostasun faltarik» ikusi, gazteleraz onartu aditzak hiztegian duen lehen adiera «norbaitek eskatzen edo nahi duenarekin bat etortzea» delako.
Horiek horrela, Auzitegi Nagusiak frogatutzat jo du akusatuak jokabide «laidogarriak» izan zituela biktimarekin, baina erabaki du sexu eraso karguari dagokionez ez dela «froga nahikorik» bildu. «Biktimak bikotekidearekin zuen elkarbizitzari buruzko deskribapen erdiragarria sinesgarria da, baina kontakizun horretan ez da aipatzen sexu erasoengatiko zigorra justifikatuko luketen sexu eraso jakinik». Sexu erasoa egiteagatik ezarritako zigorra indargabetzeaz gain, Auzitegi Nagusiak ezarritako kalte ordaina ere «dagokion proportzioan» murriztu du: 10.000 eurokoa zen hasieran, eta 8.000ra jaitsi du auzitegiak. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakiari helegitea aurkez dakioke Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean.
