Erronkari jatorri izena ez aldatzeko eskatu du oposizioak

Assaf ardien esnea Erronkariko gazta egiteko ez erabiltzea eskatu du Landa Garapeneko Batzordeak. Nafarroako Gobernuak Erronkari jatorri izenaren araudia aldatu nahi du, baina NaBaik, Bilduk, PSNk eta Ezkerrak atzera botatzeko ebazpena onartu berri dute, UPN eta PPNren aurkako botoekin. Oposizioak uste du Nafarroan atzerriko arrazak sartzeak “arazo handiak” ekarriko dituela, batez ere, esparru sozioekonomikoan.

PSNren ekimena izan da Nafarroako Gobernuaren araudi aldaketaren aurka agertzea, eta oposizioko talde guztien babesa jaso du. Nafarroako sozialisten ustez, “jatorriko izena babestu eta defendatu behar da, lehenengo sektoreari balio erantsia ematen diolako”. Gauzak horrela, PSNk ez du uste gobernuak proposatzen duen lege aldaketa egokia denik, “kontraesanez beteta dagoelako eta ezagutza falta sumatzen delako”. Erronkari jatorri izena “desagertzeko arriskuan” jartzen dutela ohartarazi dute, eta, era berean, “gainerako jatorri izenak ahultzen dituzte, arriskuan daudelako”.

Assaf esne asko ekoizten duen ardi arraza da, ukuiluan bizi da —ez mendian, latxa ardia bezala— eta gobernatzeko errazagoa da. Horregatik, PSNk uste du assaf arrazak produkzio eremuak produktuarekin duen lotura “makaltzen” duela, abeltzaintza tradizioetatik kanpo dagoelako. “Ardi latxen ustiapenen itxiera ekarriko luke”, diote. Era berean, gogorarazi dute atzerriko arrazak jatorrizko izenean sartu zituztenetik (2011-2012) ardi latxen 160.000 litro esne galdu direla eta, ondorioz, kasu anitzetan “errentagarria izateari utzi” diola. Horretaz gain, jakinarazi dute ardi latxek bazkatzen eta mendia garbitzen dutela eta assaf ardiek, berriz, pentsu kontzentratua jaten dutela .

“Arduragabekeriaz” jokatu

EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak eskertu egin du oposizioak erakutsi duen “kemena”. “Gobernuaren mozioak ez du ez hankarik ez bururik”, esan dute. Jakinarazi dute iragan maiatzean Erronkari jatorri izenaren batzorde arautzaileko bi kidek kontrako boza eman ziotela arraza intentsiboak sartzeko araudiaren aldaketari: “Bi artzain horiek Erronkari jatorri izenean dauden %90 artzainen hitza ordezkatzen dute”. Horregatik, nekazarien elkarteak uste du “onena” Nafarroako Gobernuak Erronkari jatorri izenaren aldaketa bertan behera uztea dela, “eremu sozioekonomikoan kalte larriak sortuko dituelako”. Halaber, salatu dute gaztak lurrarekin duen edozein lotura kentzea ez dela egokia.

Joan den maiatzean onartu zuten Erronkariko gazta lantzeko assaf ardien esnea erabiltzea. Erronkariko gaztaren jatorri izenaren batzorde arautzaileak baimendu zuen araudian aldaketa bat egitea horretarako. Bertan dioenez, onartu egiten du gazta egiteko esnearen %35 assaf ardiena izatea. Israelen du jatorria arraza honek. EHNE hasieratik aldaketaren aurka agertu da, eta “arduragabekeriaz” jokatzea leporatu die batzorde arautzailearen barruan aldaketa babestu duten hiru eragileei; hots, industriari, UAGN sindikatuari eta Nafarroako Gobernuari.

Erronkari jatorri izenarekin lan egiten duten hamar artzainetik bederatzi ordezkatzen ditu EHNEk. “Jatorri izenaren funtsa da lurrari lotutako artzaintza eredua guztiz babestea; eta, hain justu ere, araudi aldaketak kalte egin nahi dio eredu horri”, dio EHNEk. Gazta ekoizle batzuk kanpoko arraza horren esnearen alde egiteko arrazoietako bat sektoreak beren iritziz pairatzen duen krisia izan da. Orain arte, Erronkariko gazta rasa eta latxa ardien esnearekin egiten zuten gazta, baina ardi arraza horiek ez omen dute nahiko esne ekoizten, eta, beraz, assaf ardiak sartzea horregatik defendatu dute.