Baztanen gaueko lanean aritutako gizonen lana gogoratzeko, duela hilabete eskas Pello Iraizoz artistak hiru eskultura paratu zituen Elizondon. Herriko elizaren aurrean jarri zituzten, baina lekua “egokia” ez zela argudiatuta, kendu egin zituzten, eta beste leku baten bila ari dira. Orain, Baztango Udaleko Berdintasunerako Batzordeak kontrabandisten eskulturetan emakumerik ez dela agertzen salatu du. Batzordeak azaldu duenez, Elizondoko herriko batzarrak Pello Iraizoz artistarekin adostu zuen eskultura batean emakume bat irudikatu behar zuela, baina artistak ez du bete eskakizuna.
Batzarrak Iraizozi eskulturak egiterakoan hiru baldintza bete tzeko eskatu zion: eskulturak Baztango harri gorriz eginak izateko, batek burukoa eramateko eta emakume bat irudikatzeko. Lehenengo bi eskakizunak bete zituen, baina hirugarrena ez; emakumerik ez da agertzen eskulturetan. Hori dela eta, Berdintasunerako Batzordeak eskatu du eskulturak ez jartzeko. Batzordearen ustez, ez dituzte baldintzak betetzen eta ez datoz bat Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Planarekin eta Estatuko Berdintasunerako Lege Organikoarekin. Gainera, Berdintasunerako Batzordeak argi du Baztango emakumeek parte hartu zutela kontrabandoan, eta, horregatik, haien lana ikusaraztea nahi dute. “Errespetua zor zaigu, eta emakumeen kontrako erasoei aitzinerat egitea erabaki dugu; eraso honek ezkutarazten gaitu arlo publikotik baztertuz”, azaldu dute ohar baten bidez. Horretaz gain, batzordea ez dago ados emakumearen presentzia baztertzen dutenekin, ezta horrelako gertaerak onartzen dituztenekin ere.
Gau Lana izenburua dute eskulturek: “Lehenengoa nahiko tente doa bere zama eramaten; bigarrena makurtuagoa ageri da, eta hirugarrena geldirik dago, bidean atseden hartzen ariko balitz bezala, eta makilari eusten”, azaldu du artistak.