“Hizkuntza anitz desagertu dira, orain museoetan daude itzalak”

Kanguroak bezala, Zaraitzuko Itzaltzu herri txikitik Australiara salto egin zuen Iñigo Auzmendik (Itzaltzu, 1978) duela bi urte. Wagga Wagga izeneko hirira iritsi zen, eta mahastiak ikertzen dihardu.

Sydneytik 475 kilometrora dago Wagga Wagga. “Askok hiria deitzen diote, baina nire ustez herri handi bat da”. Biztanleak pisuetan bizi ordez, etxe baxuetan bizi dira. “Oso lasaia da hemen egotea”. Wagga Waggak erroien lekua esan nahi du bertako hizkuntzan, wiradjuri hizkuntzan; “euskarazko Erroitegi edo Erroizu bezala”. Wiradjuri hizkuntza, hala ere, desagertu egin da, “beste asko bezala; orain, haien itzalak museoetan eta leku izenetan ikus ditzakegu”. Kasualitate hutsa dela dio Auzmendik, baina iaz Estella izeneko barridean bizi zen, eta ondoko karrikak Corella zuen izena.

Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta doktoretza bukatu zuenean Australiako unibertsitate batean lan egiteko aukera sortu zitzaion. Mahats eta mahastizaintzaren inguruan aritzen da lanean. “Eredu matematikoak eta ordenagailuzko simulazioak erabiltzen ditugu mahatsondoa nola hazten den aztertzeko, klima eta nekazaritzaren eragina kontuan harturik”. Gero, mahastizainen arazoak konpontzeko erabiltzen dituzte eredu horiek. “Adibidez, beroaren kalteak gutxitzeko edo mahatsaren konposizioa egokitzeko erabil daitezke”.

Australian bizi da, baina Auzmendik ez du eten bere herriarekiko harremana. Itzaltzun ditu erroak, familia eta lagunak. Gainera, 2011n Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordi zinemagileek Itzaltzuko bardoaren animaziozko filma egin zuten, Gartxot. Han ezagutu zituen Auzmendik Urmeneta, Elordi eta filmeko beste arduradun batzuk. “Berehala ihardukitzen hasi ginen: Itzaltzu, Zaraitzu, euskara, Gartxot, Arturo Campion… Geroztik harremana mantendu dugu. Itzaltzu txikia da, eta guztiok elkarlanean aritzen gara”. Gartxoten hizkuntza hitz egiten du Auzmendik. Euskara batua ikasi zuen eskolan, baina zaraitzuera ere badaki. “Haurzutuan eskolan euskara batua ikasi nuen. Eta gure amorzeak euskarazko eleak, kantuak eta kontuak erakutsi zizkidan. Beratango euskarazko testuak leitzen hasi nintzen: Zoilo Moso, Federiko Garralda…”.

Euskarazko eleak, gainera, Australiaraino iritsi dira. Behin, Auzmendi Tasmaniako (Australia) lagun batekin ari zen hizketan mahats barietateei buruz. Lagunak bi mahats aldaera aurkeztu zizkion, gaixotasunekiko erresistentzia handia omen zutenak. Mahats aldaera horiek Australian etorkizun handia izanen zutela azaldu zion lagunak, eta Auzmendi zur eta lur geratu zen lagunak mahats aldaeren izenak esan zizkionean. “Semebat eta Egiodola deitzen ziren. Ezin nuen sinetsi, euskara entzutea espero nuen azkenengo lekua zen!”. Lagunak geroago azaldu zion mahats mota horiek Bordelen sortu zituztela orain dela hirurogei urte eta sortzailea euskalduna omen zela.

Australiarrek batik bat Euskal Herria berri politikoengatik ezagutzen dutela adierazi du Auzmendik. Hala ere, asko bidaiatzera etorri direla dio. “Iruñeko sanferminetara, Donostiara edo Donejakue bidea egitera”.

Orain dela bi urte heldu zen Australiara, eta denbora fite pasatu zaio. “Ez dut ezer faltan sumatzeko astirik izan. Baina familia, lagunak eta mendiak hurranago izatea gustatuko litzaidake”, azaldu du. Australian bi urte, baina Nafarroatik kanpo sei urte daramatza Auzmendik. “Manchesterren (Ingalaterra) lau hilabetez bizi izan nintzen, eta gero Lleidan (Herrialde Katalanak) egin nuen doktoretza lau urtez”. Denbora horretan, gainera, Kalifornian (AEB) egon zen ikerketa lanetan.

Australian jarraitzeko asmoa du. Gustura bizi da han. Australiarrak oso jatorrak direla dio: “Oso ongi hartu ninduten hasieratik”. Hala ere, lagun gehienak sortzez Australiatik kanpokoak ditu. “Bertako” australiar gutxi ezagutzen ditu Auzmendik, beste herrialdeetako lagun asko bizi baita. “Oso desberdinak dira. Irlandar, ingeles eta italiarren nahasketaz osaturiko kultura berria dute, eta orain, batez ere hiri handietan, txinatarren eragina sumatzen da”. Gogora ekarri du duela gutxi kate bat ezarri dutela telebistan —NITV—, eta bertan sorterriko australiarren dantzak eta kulturak ikus daitezkeela anitz aldiz. “Maori, masai, kitxua, apatxe, ojibwa, inuk eta beste herri batzuen film eta saioak ikusten ditugu”.

“Erraldoia” da Australia, eta eta hirien eta herrien arteko distantziekin harrituta dago Auzmendi. Nafarroa eta Australia konparatu ditu. “Nafarroan bi orduko bidaia kotxez bidaia luzea da. Australian, berriz, sei orduko bidaia kotxez normalena da”. Dena den, bidaia “bitxiak” izaten ditu Auzmendik. Lanetik ateratzen denean kanguroak ikusten ditu. Landa eremuetan ikusten ditu gehienbat.