“Gaur egun, oraindik, Angel Berruetaren familiak ez du ordainik ez aitorpenik jaso”

Asteazkenean bederatzi urte bete ziren Espainiako polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko okina hil zutenetik. Duela urtebete inguru, Angel Gogoan plataforma sortu zuten dozena bat lagunek. Plataforma horretako kidea da Patxi Rey (Iruñea, 1981). Dioenez, Berruetarentzat eta haren senideentzat egia, aitorpena eta ordaina besterik ez dute eskatzen.

Iragan urtean erabaki zenuten Angel Gogoan plataforma sortzea. Zer dela eta?

Azken zortzi urtean egindako lanaren jarraipena egiteko erabaki genuen plataforma sortzea. Horrez gain, urte osoan lanean aritu nahi dugu. Normalean, auzoan zenbait lagun elkartu eta Berrueta hil zuten eguna hurbiltzen zenenean omenalditxoa prestatzen genuen. Hala ere, pentsatu genuen bazela garaia lan handiagoa egiteko eta urte osoan jardunean aritzeko. Guk hiru gauza bakarrik nahi ditugu: egia, aitorpena eta ordaina. Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da plataforma serioa egitea.

Berrueta familiaren ingurukoek salatzen duzue justizia ez dela egin.

Argi dago ez dela benetako justiziarik egin. Gaur egun, oraindik Angel Berruetaren familiak ez du ordainik ez aitorpenik jaso. Gainera, egia ere ez dute onartu. Justizia eta egia kasu honetan baztertuta daude.

Berruetaren hilketagatik bi lagun epaitu zituzten. Espetxean jarraitzen dute?

Egia esan, horrekin nahiko haserretuta gaude. Berruetaren familiari urduritasuna eta ezinegona sortzen die hilketan parte hartu zutenak zelan dabiltzan ez jakiteak. Guri informazioa familiaren bitartez iristen zaigu. Familiari abokatuek esaten diete ez dutela zertan deus jakin. Hau da, abokatuei auzitegiek ez dietela zertan jakinarazi ezer. Duela bi urte, jakin genuen hilketagatik zigortutako poliziaren semea baimenarekin kalean zegoela, pertsona batek Gasteizen ikusi zuelako. Informazio zehatza eta zuzena nahiko genuke.

Zuek egia, aitorpena eta ordaina aldarrikatzen duzue. Aitorpenak nondik etorri beharko luke?

Gure ustez, aitorpena, egia eta ordaina auzoak eta Donibaneko jendeak eman digu. Berruetaren familia pozik eta harro dago horrekin. Guk eskatzen duguna da instituzioek hori onartzea. Hain justu, instituzioek ez dituzte betetzen aldarrikatzen ditugun hiru premisa horiek. Behingoz, Berruetaren familiak atseden hartzeko garaia bada. Ez da normala kontrako jarrerak jasotzea, poliziek eraso egitea, mehatxatzea… Aurkako efektua izan dute azken urteetan Berruetaren senitartekoek. Instituzioek benetako sentsibilizazio eta zintzotasunez jokatu beharko lukete.

Zein proiektu dituzue plataforman?

Aurreko urtean hasi ginen instituzioetara begira. Lan txukuna egin genuen. Alderdi politiko batzuekin biltzea lortu genuen, nahiz eta nahi genuen guztiekin ez zen posible izan. Lan askoren ostean, lortu genuen Iruñeko Udalean mozio bat aurkeztea. Tamalez, bost minutuan gure mozioari buelta eman, eta ordu arte egindako lana ezerezean utzi zuten. Ondorioz, erabaki genuen gure benetako lana eta gure benetako indarra babes soziala zela. Familia ere oso pozik dago babes hori dela eta. Instituzioetara begirako lana ez dugu erabat alboratu; parlamentura joateko asmoa daukagu.

Zuek azpimarratzen duzue Berrueta ez dela auzoan izandako liskar soil baten biktima.

Argi daukagu herri honetan dagoen gatazka politikoaren biktima dela Berrueta. 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen ostean, hedabide askotan intoxikazio kanpaina indartsua jarri zen martxan. Arrazoi bat edo erantzule bat behar zuten. Azken finean, gatazka politiko baten ondorioz sortutako eztabaida izan zen. Polizia nazional batek hil zuen Berrueta; beraz, ezin da gertatutakoa sinplifikatu.