“Hirietako arazoa indarkeria da; herrietakoa, ura eta pobrezia”

Hemezortzi urte ez dira alferrik pasatzen. Hilabete batzuetarako joan zen El Salvadorrera Amaia Larralde (Lesaka, 1970), baina oraindik ere han jarraitzen du. Hilabeteak urteak bilakatu dira. “Ahizpa zaharrenak buruan izan du beti Latinoamerika; Askapenarekin harremanetan jarri ginen, eta hona etorri ginen boluntario moduan”.

Larralde, haren ahizpa eta Lesakako beste lagun bat abiatu ziren abenturara. Hiruretatik han jarraitzen duen bakarra da Larralde. Egun, kooperazio arloan jarraitzen du lan egiten, Solidaridad Internacional gobernuz kanpoko erakundean. Landa guneetako ur proiektuak koordinatzen ditu: “Ur arazo handiak daude hemen; herrietan ez dago azpiegitura egokirik. Ura izateko eskubidea guztiona dela aldarrikatzen dugu”. Dena den, aurten gobernuak uraren lege berria onartuko du, eta enpresa pribatuen esku egoteari utziko dio. “Mobilizazio handiak egin dira hori lortzeko, jendea kontzientziatzen hasi da”. 2009. urtetik ezkerreko alderdiak — FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea— gobernatzen du, eta aurrerapauso handiak eman dituztela ziurtatu du. Bai arlo sozialean eta bai hezkuntzan.

“Landa guneetako arazoak dira ura eta pobrezia; hirietakoa, berriz, indarkeriarena”. Herrialde bortitza da El Salvador. Jaun eta jabe dira mara-k hirietan, eta beldurra dute herritarrek. “Narkotrafikoa, hilketak, bahiketak… Eguneroko kontua da; dena den, marek duela urtebete su-etena eman zuten, eta egoera baretu egin da”. Lehen, egunero 15 hilketa izaten ziren; orain, berriz, 4 izaten dira. Arazoa konpontzea, hala ere, ez da batere erraza, sustrai sakonak baititu. “Zergatik sartzen dira gazteak maretan? Askok ez dute beste aukerarik, eta irtenbiderik errazena da haientzat. Bazterkeria jasan dute askok”.

San Salvadortik gertu bizi da Larralde, Ayutuxtepequen. Orotara, sei milioi biztanle ditu herrialdeak —gainera, bi milioi salvadortar AEBetan bizi dira—, baina Euskal Herriko zabalera du. Amerikako “erpurutxoa” deitzen diote. Biztanleria dentsitate handiak, gainera, arazoak sortzen ditu. Alde batetik, lursail gutxi ditu herrialdeak, eta ondoko herrialdeetatik inportatu behar dituzte produktuak, han landatzeko tokirik ez dutelako. “Kafea, artoa, babarrunak eta frutak landatzen ditugu, baina ez behar adina kontsumitzeko”. Bestalde, herrialdearen basogabetzea areagotu egin da. Basogabetze bortitza jasan du azken urteetan, eta basogabetzeari dagokionez, munduko bigarrena da El Salvador. Larraldek dio oihanak eta basoak badaudela baina ez direla oso handiak.

Tradizio handiko herrialdea da El Salvador, eta ohitura asko kolonizazioaren ondorioz galdu badituzte ere, beste batzuk oraindik gordetzen dituzte. Larralde iritsi zenean, harrituta geratu zen hango bizilagunek heriotza ulertzeko moduarekin. “Normaltzat hartzen dute, ez diote beldurrik; izan ere, bizitzaren beste fase baten moduan hartzen dute heriotza”. Hasieran komunitate batean bizi ziren lesakarrak, eta behin, hango neska gazte batek bere buruaz beste egin zuen. “Gure etxera etorri ziren komunitateko lagun batzuk, eta kamera eskatu ziguten hildako neskari argazkiak ateratzeko”. Hiletaren ondoren, festa bat ospatzen dute beti.

Sinesmen handikoak dira salvadortarrak, kristauak gehienak, baina gaur egun, hamaika erlijio dago. “Azken urteetan ebanjelariak eta bautistak etorri dira. Denetarik dago”. Herritarrek ez dute ulertzen sinesmenik ez izatea. Larralderi beti esaten diote “zerbaitetan” sinistu behar duela: “Berdin zaie zertan, baina guztiok erlijio batean sinistu behar dugula pentsatzen dute”.

Lan eta lan aritzen da Larralde GKEan, baina hemengo krisiak hango egoeran eragina izan du, kooperazio arloan behintzat. GKEren proiektu asko Euskal Herrikoak, Espainiakoak eta Europako Batasunekoak dira, eta gero eta diru gutxiago iristen zaie. Oraingoz, bere burua han ikusten du Larraldek, batez ere egoera ekonomikoarengatik, baina inoiz pentsatu du etxera itzultzea.

Lesaka maite du. 11 urteko semea du, Martxel, eta Nafarroara etortzen direnean asko gozatzen duela dio. Kalean ematen du eguna, han ez bezala. “Hemen ezin gara ibili han bezala, bereziki gauean. Umeek beti gure begiradapean egon behar dute, ezin ditugu bakarrik utzi. Arreta handia eskatzen du horrek”. Hemengo askatasunaren falta sumatzen du, eta semearentzat onena nahi du. Dena den, oraindik ez du hartu inolako erabakirik, eta printzipioz, han jarraitzeko asmoa du. “Bi aldeko sentimendua dut”.

Euskal Herria gertuago sentitzeko, behintzat, euskal etxea du El Salvadorren. 40 euskaldun inguru bizi dira herrialdean, eta joan den urtera arte ia ez zuten inolako harremanik. Orain, ordea, “noizbehinka” elkartzen dira, eta ekitaldiak antolatzen dituzte. “Joan den igandean, adibidez, Aberri Eguna ospatu genuen” —argazkian—.