“Denekin fidatzen dira hemengo herritarrak; oso zintzoak dira”

Nafarroatik milaka kilometrora dago Zeelanda Berria eta askorentzat herrialde ezezaguna izan arren, gehienek ezagutzen dituzte hango paisaiak, The Lord of the Rings (Eraztunen Jabea) filman ikusita. Urte hasieran iritsi zen Gari Etxeberria (Leitza, 1986) Zeelanda Berrira. Hainbat hiri eta herritatik igaro ondoren, orain Milford Sounden bizi da. Herrialdeko lekurik turistikoenetarikoa da Milford Sound, fiordoengatik ezaguna.

Urtebeteko baimena hartu zuen bere lanean hara joateko. “Euskal Herrian dugun egoera ikusita, ingelesa ikasteko aukera ezin hobea zela pentsatu nuen; izan ere, baliteke nire bizitzan ez izatea hain urrun bidaiatzeko beste aukerarik”. Probestu behar zuen. Lagunek oso ongi hitz egin zioten Zeelanda Berriaz eta herrialdeko lan egoerari buruz; beraz, ez zuen gehiegi pentsatu eta paisaia ederrak ikusita, motxila hartu eta joan zen. Itzultzeko asmoa du, baina ez daki noiz, printzipioz urtebete egonen da Zeelanda Berrian eta etorkizunean zer gertatuko den zalantza du. Orain woofer bezala aritzen da. Herrialdean horrela lan egiteko eskaintza asko daudela ziurtatu du Etxeberriak. Berak borondatezko lana egiten du, eta trukean ostatua eta janaria jasotzen du.

Natur paradisua da herrialdea. Mendi aunitz daude, sumendiak, lakuak, fiordoak, eta flora eta fauna aberatsa. “Ederra da; gainera hemengo herritarrek izugarri zaintzen dute natura. Ez dute ukitu, ezta leku turistikoak gehiegi ustiatu ere”, azaldu du Etxeberriak. Orain dela gutxi, adibidez, bozketa batean herritarrek erabaki zuten errepide bat ez egitea, natura kontserbatzeagatik.

Dagoeneko hango bizitzara moldatu da Etxeberria, baina hasieran ohitzea kostatu zitzaion. Hizkuntzarengatik, bereziki. Ia ingelesik jakin gabe iritsi zen Zeelanda Berrira, eta komeriak bizi izan zituen lehenengo asteetan. Gogorra izan zen: bizitza aldaketa eta gertuko jenderik gabe. Hala ere, bere bidaiaren asmoa hori da, ingelesa menperatzea, eta poliki poliki lortzen ari da. “Oraindik asko ikasi behar dut, baina behintzat ulertzeko gai naiz, eta baita bakarrik ibiltzeko ere”. Amerikako Estatu Batuetako, Irlandako, Zeelanda Berriko eta Suediako lagun batzuekin bizi da Etxeberria eta egunero praktikatzeko aukera du.

Lehenengo hilabetetan Aucklanden bizi izan zen Etxeberria, herrialdeko hiririk handienean eta motor ekonomikoan. Hala ere, hiri lasaia dela azaldu du Etxeberriak, herrialdea bezala. Han zegoenean, harrigarria egiten zitzaion hain kotxe gutxi ikustea erdigunean, adibidez.

Ingelesa ikasteko eskola batean izena eman zuen Aucklanden eta sei hilabeterako ikastaro bat ordaindu zuen. Hala ere, bi hilabete eta gero uztea erabaki zuen. Gainera, zortea izan zuen eta aurreratutako dirua itzuli zioten. “Asko ikasi nuen, baina nik nahiago dut nire kabuz eta sorterrikoekin ikastea”. Beraz, Auckland utzi eta Queenstown hiri txikira —10.000 biztanle— joan zen, baina bost egun baino ez zituen igaro han. Beste leku batean lan egiteko eskaini zioten: “Milford Sound leku turistikoan lana eskaini zidaten eta horretan nago orain”.

Gustura dago lan egiten. Izan ere, erraztasunak baino ez dira han. “Laneko giroa oso ona da, batez ere nagusiekin harremana, nagusiak direla ahazten zaigu”. Gainera, jakinarazi duenez, asko baloratzen dute egindako lana ongi egina egotea. “Asko dugu ikasteko haiengandik…”.

Harreman ona egin du zeelandaberritarrekin. Oso irekiak eta prestuak direla dio, eta beti dituztela haien etxeko ateak irekiak. “Denekin fidatzen dira; oso zintzoak dira “. Behin, adibidez, merkatu batean zegoela fruitu postu bat hutsik ikusi zuen. Ez zuen inork ikusi postua zaintzen eta arraro egin zitzaion Etxeberriari. Ondoren konturatu zen fruituen ondoan poltsatxo bat zegoela prezioekin eta bertan jendeak sartzen zuela dirua.