Espainiako banderak

Gogoan dut OHOko 8. mailako inauterietan milizianoz mozorrotu nintzela: txapela, alkandora zaharra, abarkak, manta, eskopeta eta Espainiako Errepublikako bandera —gure amak josi berria—. Garai hartan, 13 urterekin, tematuta nengoen 1936ko gerrako kontuekin. Eta nerabezaroak dakarren nahasmendu ideologikoan, ikurrina ere margotu nuen banderaren mastari eusten zion gerrikoko zorroan.

Institutuan, pentsamolde anabasa horrekin segituz, Espainiako Errepublikako bandera eta izar anarkista neramatzan bizkar-zorroan iltzatuta —hizki ederrez margoturiko kanta heavyen pasarteekin batera; dena erran behar baita—. Aurreraxeago, Espainia zer den eta Euskal Herria zer izatea nahi dudan barneratu nuelarik, gorria, horia eta morea batzen dituen Espainiako bandera alde batera utzi nuen, nahiz eta beti maitasunez ikusi izan dudan. Gaur arte?

Diotenez, errepublikaren aldeko aldarria gero eta ozenago bilakatzen ari da Espainian; eta, dakusagunez, bandera errepublikanoak gero eta ohikoagoak dira murrizketen aurkako protestetan; nola Espainian, hala Euskal Herrian. Konparazio batera, apirilaren 14aren karietara, Iruñerria Espainiako banderez josi ziguten, Espainiako Errepublikako banderez. Hilabete geroago, oraindik ere ez dituzte batzuk kendu. Ez dut erran nahi kendu behar dituztenik, baina hilabete baten bueltan hor segitzeak zer pentsatua ematen du, jakin baitakigu bandera horiek ikurrinak balira ez luketela ordu erdi ere iraunen.

Erran gabe doa monarkiaren eta errepublikaren arteko aukeraketan gillotina dela nire hautua, eta niretako nahi dudana nire bizilagunendako ere nahi dudala. Baina kontua da Espainiako Errepublikako banderak ez duela errepublika modu abstraktuan irudikatzen. Espainiako Errepublikako banderak Espainiako Errepublika irudikatzen du. Ez bertzerik. Eta, beraz, bandera hori gurea bezalako herri batean haizatzeak, non nazionalitate gatazka handia baitago, zalantzak sortzen dizkit.

1931ko apirilaren 27an, dekretu bidez, Espainiako Errepublikaren behin-behineko gobernuak hiru koloreko bandera onartu zuen, eta halaxe argudiatu zuen gorriari eta horiari morea gehitu izana: “Gaur tolesten ari gara XIX. mendearen erdialdean nazionaltzat hartu zen bandera. Horretatik bi koloreei eusten zaie eta hirugarrena gehitzen zaio, tradizioak herrialde ospetsu baten intsigniatzat jotzen duena [Gaztela], nazionalitatearen nerbio, eta, halaxe osaturik, Errepublikaren enblemak are zehatzago laburbiltzen du Espainia handi baten harmonia”.

Nik ez dakit gaurko egunean gure karriketan bandera gorri, hori eta moreak astintzen dituzten guztiek bat egiten ote duten jatorrizko errepublikano haien Espainia handiaren ideia harekin. Baina batzu-batzuek bai; paparrean UGTren eranstekoa daramatenek, adibidez.

Gauzak horrela, zilegi da murrizketen aurkako protesta bateratuetan —edo Bardeako tiro eremuaren kontrakoetan— Espainiako Errepublikako banderak erakustea?, jakinda bandera horrek estatu bat irudikatzen duela eta protesta horietan estatu horren kontrakoak ere badirela?