«Zerbait erakutsi baino gehiago, ematen du akuarelak iradoki egiten duela»

«Zerbait erakutsi baino gehiago, ematen du akuarelak iradoki egiten duela»

Ivan Oroz Moler akuarelistak (Iruñea, 1983) txikitatik izan du lotura marrazketarekin eta pinturarekin. Urte batzuk koloreetatik urrun egon ostean, akuarelaren bidez hurbildu da berriz margolaritzara. Iaztik, pintura azkarreko lehiaketetan parte hartzen du: Gareskoa  eta Zizurkoa irabazi ditu aurten. Kontent dago, nahi zuen ideia islatzea lortu duelako.

Nolakoak dira pintura azkarreko lehiaketak?

Udalek, elkarteek eta bestelako erakundeek antolatzen dituzten lehiaketak dira. Halakoetan, denbora mugatua daukazu obra bat sortzeko. Oro har, sei edo zazpi ordu izaten dira. Formatu handiko obrak izaten dira. Behin obra aurkeztuta, epaimahaiak baloratu egiten du, eta ordu erdi ingururen buruan du epaia. Ohikoena kalean margotzea izaten da.

Zer hartzen dute kontuan lan bat edo bestea saritzeko?

Ba, ez dut oso argi. Imajinatzen dut teknikaren konplexutasuna aztertuko dutela. Olioak, akuarelek eta akrilikoek ezaugarri batzuk dituzte, eta modu desberdinetan lantzen dira. Imajinatzen dut obraren originaltasuna, konposizioa, begirada eta zerbait kontatzeko gaitasuna hartzen dituztela kontuan. Uste dut, epaimahaia objektiboa izaten saiatzen den arren, beti dagoela norberaren subjektibotasunak baldintzatuta. Gerta liteke oso onak diren bi obra egotea, baina batek gehiago eragitea zugan. Ni ez naiz inoiz izan epaile, eta espero dut halako egoera batean egon behar ez izatea.

«Musika nire bizitzan sartu zenean, marrazteari utzi nion. Duela urte batzuk, interesa piztu zitzaidan berriro»

Nola eragiten dizu sortzeko denbora mugatua izateak?

Oraindik ez dut lehiaketa askotan parte hartu. Iaz hasi nintzen, eta guztira sei inguru egin ditut. Denbora mugatua izateak presioa sortzen dit. Aldi berean, pintura azkarreko lehiaketak eskola ona direla uste dut. Begirada azkar fintzera behartzen zaituzte. Buelta bat eman ondoren, azkar erabaki behar duzu zer margotuko duzun. Zalantzarik ez izatera edo, zalantzak izanez gero, aurrera jarraitzera behartzen zaitu, ez baitago denborarik. Okertzen bazara, ez dago berriz hasteko aukerarik. Horrek eragiten du azkarra eta erabakigarria izan behar izatea. Hasieran zaila da, eta kosta egiten da, baina mendekotasun puntu bat ere sortzen du. Datorren udaberrira arte Nafarroan ez dago gehiagorik.

Txikitatik izan duzu harremana marrazketarekin, baina noiz gurutzatu ziren akuarelak zure bizitzan?

Gogoan dut aita etxean marrazten ikusten nuela. Hala ere, gaur egun ez du marrazten. Txikia nintzenean, eskolaz kanpoko jarduera gisa marrazketan izena eman nuen. Gero, marrazketa eta margolaritza akademia batera joan nintzen. Musika nire bizitzan sartu zenean, marrazteari utzi nion. Duela urte batzuk, margolaritzarako interesa piztu zitzaidan berriro, eta ez dakit zergatik, akuarelak indarra hartu zuen. Aurretik, batez ere, olioa lantzen nuen. Alabaina, zerbaitek ez ninduen guztiz konbentzitzen margotzen nuenean.

Zerk?

Azkenean, olioa etengabe zuzendu dezakezu, opakua delako. Gainetik margotu dezakezu, eta listo. Lana ere asko luzatzen da, olioak denbora asko behar baitu lehortzeko. Agian ez nuen horrenbesteko pazientziarik hilabete eta erdiz lan berean aritzeko. Horrek, nik uste, akuarelarantz gidatu ninduen. Lan bikainak ikusten hasi nintzen. Oso sotilak ziren, eta, gauza asko definitu gabe ere, asko adierazten zuten. Zerbait erakutsi baino gehiago, ematen du akuarelak iradoki egiten duela. Jendea margotzen ikusten nuenean, ez nuen ulertzen nola egiten zuten. Erraza eta bat-batekoa zela ematen zuen, baina, gero, lan handia dago horren atzean.

Akuarelek ia ez dute zuzentzeko aukerarik ematen. Nola moldatzen zara akats egitearekin?

Zaila da! Segurtasuna ematen didanez, uste dut kontrolatzeko joera dudala. Akuarelak kontrolatzeko beharra askatzen laguntzen dit. Askotan, zerbait egiten duzunean, aurreikus dezakezu nola funtzionatuko duen paperak, baina ezin duzu guztiz kontrolatu. Orduan, beti dago kontrol falta puntu bat. Horrek egiten du polita akuarela. Kontrol faltak uste ez zenuen lekuetara eramaten zaitu, askotan harritzen zaituzten lekuetara. Lanean ongi etorriak diren istripuak dira. Ikasten ari naiz akatsak hor gertatuko direla onartzen.

«Kontrol faltak uste ez zenuen lekuetara eramaten zaitu, askotan harritzen zaituzten lekuetara»

Bada probatu nahiko zenukeen kolorerik, baina erabiltzen ausartzen ez zarenik?

Asko dira. Ez dakit kolore jakinik aipatzen, baina beste artista batzuek erabiltzen dituzten koloreak ikusten ditut, eta nire lanetan sartu nahiko nituzke. Horretarako, ongi ezagutu behar duzu nola jokatzen duen kolore bakoitzak. Kolore batzuk opakuagoak dira, eta beste batzuek pikortatze moduko efektua uzten dute paperean. Askotariko aukerak daude. Uste dut poliki-poliki joanen naizela kolore berriak sartuz. Batzuetan, kolore berri bat sartzean, espero ez zenuen gauza eder bat sortzen da.

Zer leku du pinturak eta, zehazki, akuarelak Nafarroan?

Uste dut pandemiatik hona pinturak harrera hobea duela. Sentitzen dut eskuz egindako gauzetara itzultzeko beharra dagoela. Uste dut gero eta deskonektatuago dagoen eta pantailaz eta sare sozialez beterik dagoen mundu honek nekatzen gaituela. Beraz, eskuz egindako horretara itzultzeko beharra dago. Margolaritza izan daiteke aukera bat, baina zeramika edo beste zerbait ere bai. Horrez gain, pinturari dagokionez, mundu mailako mugimendu bat sortzen ari da: urban sketchers edo marrazkilari urbanoak esaten zaie. Hilabetean behin edo bitan elkartzen dira margotzeko. Donostian eta Iruñean ere badaude.