“‘Tradizioa’ kontzeptu biguna da, eta bakoitzak bere neurrira egokitzen du”

Antropologoa eta euskal dantzetan aditua da Oier Araolaza (Elgoibar, Gipuzkoa, 1972). Martxoan, Iruritan hitzaldi bat eman zuen, Emakumea eta dantza izenburuarekin. Emakumeek mutil dantzak dantzatzeko eskubide osoa dutela esaten du, "tradizioa aldaketen eraginez delako tradizio".

Euskal dantzetan, zein rol izaten dute gizonezkoek eta zein emakumezkoek?

Alde batetik, inertziak daude, eta, beste alde batetik, topikoak ere badaude. Fokua dantzan jartzen bada, badirudi badela ibilbide bereiztua dantzaren eta gizartearen artean. Dantzan banaketa dago, dantza ere gizartearen ispilu delako. Gizartean banaketa egon den neurrian izan da dantzetan ere. Azkeneko ehun urte hauek izan dira dantzan emakumeentzat urterik beltzenetakoak. Pentsatzen da emakumea ez dela dantzatu izan. Dantzatu izan da, baina maila apalago batean, gizarteak berak ez zuelako aukera askorik ematen ez dantzarako eta ez beste ezertarako ere.

Mutil dantzetan emakumeak dantzatzearen aurka daudenek tradizioa baliatzen dute argudio gisa. Zuk uste tradizioa bera argudio izan daitekeela?

Tradizioa bera kontzeptu biguna da, eta bakoitzak bere neurrira egokitzen du. Tradizioa zer den eta zer izan behar duen, ez dago horren inguruko adostasunik. Bakoitzak tradizioaren inguruko bere definizioa egiten du. Sarritan, komeni denaren arabera erabiltzen da. Etengabeko aldaketak egiten du tradizioa tradizio. Gizarteak etengabe biziarazten ditu erritualak eta gure ospakizunak, eta egokitzeko duten gaitasunari esker irauten dute. Jarraitutasunik gabe ez dago tradiziorik, eta, jarraitutasun horretarako, ezinbestekoa da etengabeko aldaketa eta egokitzapena. Horrela ez bada, etena dago, eta ez da ematen ez jarraitutasunik ez tradiziorik ere.

Tradizioa etengabeko aldaketa dela diozu. Hala ere, zenbait eremutan aldaketa egitea asko kostatzen da.

Aldaketa batzuk bakarrik kostatzen dira. Azkenean, hori aitzakia hutsa da. Lotzen gara gauzak egiteko modu batera zati hori funtsezko kontsideratzen delako. Mutil dantzen kasuan, jakinekoa da etengabeko egokitzapen eta eraldaketaren fruitu izan direla jaio zirenetik gaur arte. Izena bera erabili izan da emakumearen parte hartzea mugatzeko. Hitzaren izanari ahalik eta zorrotzen heldu behar bazaio, egin dezatela mutilek eta ez gizonek. Hain zuzen ere, ezkondu gabeko mutilen dantza izan da sasoi batean.

Badirudi, mutil dantzen harira sortutako tirabiren harira, tradizioa ahultzen ari dela.

Tristea da hau esatea, baina liskarrek indartu egin dute dantza horiekiko interesa. Hau nahiko kontraesankorra eta absurdoa izan daiteke, baina praktikan horrela da. Duela urte batzuk, liskarrik ez zegoen garaian, mutil dantzak lau katuren kontua izatera iritsi ziren. XXI. mende hasieran, esaterako, gero eta dantzari gutxiago ziren mutil dantzetan. Festetako mutil dantza saioetan kosta egiten zen talde txikitxo bat ere elkartzea. Oso egoera kaxkarrean zegoen. Orain, liskarrak bi zatitan banatu ditu herriak. Nik uste dut bidea ezin dela izan gatazka.

Halako arazoen inguruan irtenbidea aurkitzeko, bide egokia izan daiteke instituzioek parte hartzea?

Niretzat, funtsezkoa da gatazka desaktibatzea; gatazkak posizioak egonkortzen ditu. Ondare bat daukagu, eta benetan altxor zoragarria da: musikalki, dantza estiloari dagokionez, urratsen konbinazioa... Hala ere, argi dago ezin dugula gurekin dantza egin nahi ez duena gurekin dantza egitera behartu, nahiz eta guztiok batera dantzatzeko eskubidea izan.