Askatasuna helburu

Rafael Cerbantes, Crisanto Almondi, Joaquin Ibañez eta Pablo Redin dira, besteak beste, Ezkabako ihesaldiaren ondorioz hil ziren 20 euskal herritarretatik lau. 1938ko maiatzaren 22a zen, asteazkenean beteko dira 75 urte. Igandea “egun lasaia” izaten zela profitatuta, 50 lagun inguruk antolatutako ihesa abian jarri zen. Denera, 2.487 preso zeuden Ezkaban, gehienak errepublikanoak, sozialistak eta abertzaleak. Ihesa espetxeko funtzionarioen tranpa izango zelakoan, askok amesgaizto hartatik ihes egiteari uko egin zioten. Denera, 795 presok gurutzatu zuten presondegiko atea; 207 tirokatuta hil zituzten, eta 585 atxilotu eta Ezkabara itzularazi zituzten. Iturri ofizialen arabera, hiruk soilik lortu zuten horrenbeste desiotako askatasuna.

Gosea, hotza, beldurra, bakardadea… Bizitza baldintzak oso gogorrak ziren Ezkabako espetxean. 1878an hasi ziren eraikitzen Ezkabako gotorlekua, gerra karlisten karietara. Hala ere, 40 urte behar izan zituzten lanak amaitzeko. Ordurako, abiazioa garatuta zegoen, eta gotorlekua zaharkituta gelditu zen erabiltzen hasi baino lehen. Hala, inolako erabilpenik gabe gelditu zen, Francok estatu kolpea eman zuen arte. 1936tik 1945era arte espetxe militar gisara erabili zuten faxistek. 1936ko uztailean izan zen estatu kolpearen ostean, Nafarroa altxamenduaren alde egin zutenen menpe gelditu zen, eta, hilabete gutxiren buruan, hasieran gotorleku gisara diseinatu zen espetxean 2.000 lagundik gora zeuden preso. Horietako batzuk, Nafarroakoak eta Errioxakoak, aske utzi zituzten, baina Ezkaba mendia jaisten ari zirela tiroka hil zituzten. Francoren aldekoek abian jarritako espetxe guztien artean gogorrenetakoa izateagatik izan zen ezaguna Ezkabakoa.

Ia 1.000 metro garaiera den Ezkaba mendiaren kaskoan dago espetxe izan zena. Neguak gogorrak izaten ziren, hotzaren eta elurraren eraginez; udak ere ez ziren makalak izaten. Gotorlekuko hormetan Ezkabako presoei ezartzen zitzaien erregimena “justua, gizatiarra eta katolikoa” zela irakur zitekeen; hain tratu ona munduko beste espetxeetan ez zela ematen esaten zuen idatzi hark. Baina baieztapen hori zalantzan jartzeko argudio bat baino gehiago daude. Izan ere, espetxeko mediku izan zenak, Manuel Roncalek, 1937an salatu zuen preso askoren tuberkulosi arazoak, besteak beste, janari”eskasiak” eragin zituela.

Ihesaldiaren arrazoiak

Iñaki Alforja kazetariak Ezkabako ihesaldiaren gaineko bi dokumental egin ditu Ezkaba, la gran fuga de las carceles franquiestas (Ezkaba, espetxe franquistetako ihesaldi handia) eta El cementerio de las botellas (Botilen hilerria). Dioenez, 1938ko ihesaldiaren antolakuntza, Araba eta Bizkai arteko zubi bat leherraraztekoan atxilotutako preso talde bati egozten zaio. Hasiera batean, bost lagunek besterik ez zekiten arren, gero asmoen berri ematen joan ziren apurka-apurka.

Afaltzeko garaian jarri zuten ihesaldia antolatu zutenek plana martxan, zaintzaileak sakabanatuen egoten ziren ordua izaten zelako. Helburua bat eta bakarra: askatasuna. Horrenbeste desio izan zutena 1938ko maiatzaren 22an iritsi zen, amesgaiztoari agur esateko eguna. Denera, egun horretan 2.487 preso zeuden Ezkaban. Talde anitzetan banatuta, zaintzaileei armak kenduz joan ziren, eta euren armamentua eskuratzea lortu zuten.

Apurka-apurka zaintzaileak indargabetzea lortu eta, jangelara jo zuten. Une horretan, zaintzako soldaduak ari ziren afaltzen. Soldadu bat errenditu ezinik zela eta, burdinazko barra batekin kolpatu zuten, eta hil egin zen. Hori izan zen espetxeko langileen artean hildako bakarra. Horren ostean, atezaindegietako soldaduak errenditu ziren. Ordu erdiren buruan, Ezkabako ihesaldia prestatu zutenek espetxearen kontrola eskuratu zuten.

Preso guztiek izan zuten espetxea uzteko aukera. Kalkulatutakoaren arabera, espetxeko buruak ohartzerako ia egunsentia izango zen. Baina, planak ez ziren espero bezala atera. Izan ere, soldadu bat, Iruñetik espetxera bidean zihoala Ezkaban gertatzen ari zenaz ohartu, eta hirigunera jaitsi zen gertatzen ari zenaren berri ematera.

Militarren kamioiak argi islatzaile eta guzti iritsi ziren gotorlekura gauean. Horren eraginez, hainbat presok ihes egiteari uko egin zioten. Hala, 03:30ean egindako kontaketan 1.692 preso zenbatu zituzten. Beraz, ihes 795ek egin zuten. Hala ere, Iñaki Alforjak jakinarazi duenez, presoek oso egoera “tamalgarrian” egin zuten ihes. “Asko goseak jota zeuden, ez zuten oinetako egokirik eta ingurua ez zuten ezagutzen”, dio Alforjak.

Espetxeko akten arabera, maiatzaren 23an, ihesaldiaren biharamunean, 259 preso atxilotu zituzten; eta 24an, 445. Apurka-apurka, gero eta gehiago atxilotuz joan ziren. Azken iheslaria, 1938ko abuztuaren 14an atzeman zuten, ihesean ia hiru hilabete egin ostean. “Espetxeko atetik 795 lagun irten ziren arren, hiru lagunek soilik erdietsi zuten muga gainditzea”, azaldu du.

Francoren aldeko militarrak, hala ere, ez ziren egon presoek nola ihes egiten zuten begira. Izan ere, dozenaka lagun hil zituzten Ezkaba mendiaren magalean, bai Antsoain aldean, baita Ezkabarten ere. Ihesaldiarekin lotuta, 225 lagunek galdu zuten bizia.

Alforjak ihesaldiaren inguruan egindako dokumentalean hainbat presok jakinarazi zutenez, Francoren aldeko militarrek ez zuten inolako “errukirik” izan ihesaldian parte hartu zuten presoekin. “Hiltzera egiten zuten tiro; ihesaldia une askotan harategi ere bilakatu zen. Gainera, mugara bidean zeuden gune estrategiko guztiak euren esku zeuden”, azaldu du Alforjak. Iheslariak goseagatik baino gehiago egarriagatik ibili ziren larri.

Ihesaldia gertatu eta hurrengo egunean, maiatzaren 23an utzi zuten kargurik gabe Alfonso Rojas, espetxeko zuzendaria. Ordurako, hilabeteak ziren, presondegiko administraria kargu gabetuta zegoela. Militarren arduradunekin batera, behin-behinean espetxeratu zituzten. Hala ere, absolbitu egin zituzten hirurak.

Duela 75 urte jazotakoa ez ahazteko dozenaka lagun ari dira lanean. Munduko ihesaldirik handienetakoa izan zen. Espetxearen hormez gaindi zegoen askatasuna zuten presoek jomuga, bizirik irautea. Hiruk soilik lortu zuten. Hala ere, gaur aurkeztuko duten Los fugados del fuerte de Ezkaba (Ezkabako gotorlekuko iheslariak) liburuan, iheslariak hiru beharrean lau izan zitekeenaren teoria garatu du Fermin Ezkietak.

Ezkabako “lotsaren” kartzela, Iruñerriak horrenbeste urtean bizkar eman diona, 1945ean itxi zuten.