Auzolana solasgai

Orain dela egun batzuk Leitzan izan ginen, auzolanari buruzko solasaldi batean, Kultur Aroaren baitan. Gaiari buruz teoria-mailan ikasi duguna azaltzen hasi orduko, solaskideen gogoa piztu eta euren ahotik aditu genituen garai ez hain urrun bateko bizimoduari buruzkoak: auzoek nola elkar laguntzen zuten, nola gozatzen zuten gure begietara astunak diren zenbait lanetan… Arto-xuriketari buruz, begiak distiratsu agertzen ziguten nolako besta izaten zen “lan” hori, nola auzoko neska-mutilak elkartu eta euren arteko harremanak hasten zituzten… Edo “lehendabiziko atearen” garrantzia, oraindik ere adinekoenen artean arrunta baita zerbait behar izan eta laguntza eske hurbileneko auzoarengana jotzea. Nolabait ere, sistema horren baitan auzoen beharrak auzoan bertan asetzen dira.

Agerian gelditu zen, halaber, “gauzak zenbat aldatu diren”, eta nola orain “bakoitzak berea egiten duen”. Hain da horrela, ezen gazteenoi zaila egiten zaigun auzoari ate-joka joatea. Errazago zaigu, doike, behar duguna saltokiren batean erostea, distantzia handiagoa egin behar badugu ere, edo asistentzia zerbitzu-enpresaren bati eskatzea. Halaber, gure inguruarekiko ardura galdua dugu, eta etxerako bidean kalteren bat aurkituz gero, udalera deituko dugu konpon dezaten. “Auzo-bidea” edo “herri-bidea” izanik gurea ere badela atzendu eta horien ardura bertzeen esku jarriz. Hala ere, baserri-auzoetan, eta mendiko lanetan, segitzen da auzolanak egiten Leitzan. Bideak eta inguruak moldatzeko, eta mendiko garbiketak egiteko, egur-lotearen edo bazkalekuen ordainetan. Herriko talde batzuk ere udaletik diru-laguntzak jasotzearen alde herriko karriketan moldaketak egiten ari dira egunotan.

Kultura horrek bere segida baduen adierazle da Atekabeltz gaztetxea, herriko gazteek eta eragileek auzolanean moldatu eta kudeatzen dutena. Edo herriko plazan dagoen hiru solairuko eraikina, herritarrak elkartu eta eraikina eskuratuta, auzolanean eraberritu zutena, taberna eta etxebizitzak egin zirelarik. Eta leitzarrek segitzen dute euren Ingurutxoa dantzatzen, auzolanerako eta bizikidetzarako hain garrantzitsua den herri-kohesioaren irudikapen den dantza, Juan Antonio Urbeltzek dioskunez.

Kontu zaharrak? Zaharrak berri. Geroz eta argiago ikusten dugu azken hamarkadetan izandako bilakaerak, jatorrizko gure kultura eta jendarte-antolakuntza galbidean jarri duenak, ibilbide aski motza duela eta, beraz, gure iragan hurbilean dugun ondarea aintzat hartzekoa dela, gaurko eta biharko erronkei erantzuteko. Leitzan ezagututakoak indarra ematen digu; jar gaitezen, beraz, gizon eta emakume, elkarri eskutik hartuta, tarteko trabak gaindituz, soka berean dantzan, eta “inguratu” gaitezen, Leitzako Ingurutxoan bezala…