Hamar euroko zerga berria ezarri nahi du Iruñerriko Mankomunitateak

Iruñerriko garraio publikoaren zorra kitatzeko asmoz, Iruñerriko Mankomunitateak hamar euroko zerga berri bat ezarri nahi du. Etxebizitza bakoitzak hamar euro ordainduko lituzke. Dena den, Iruñerriko Mankomunitateak jakinarazi du neurria ezartzen badute arazo ekonomikoak dituzten pertsonek ez dutela zerga berria ordaindu beharko. Iruñerriko Mankomunitatean parte hartzen duten alderdiek oraindik ez dute inolako jarrerarik hartu, eta neurria aztertuko dutela adierazi dute guztiek.

Izan ere, uste dute Iruñerriko garraioari “lehenbailehen” irtenbide bat bilatu behar zaiola finantzatzeko. “Finantzaketa egonkorra” izan behar du, Itziar Gomez NaBaiko kidearen ustez. Hortaz, zerga berria aztertuko dutela adierazi du, baina esan du NaBaik nahiago duela mugikortasunari eta ingurumenari loturiko zerga bat, eta errentaren arabera ezartzen dena. Berdin mintzatu da PSNko Jorge Mori, eta finantzaketak “bermatuta” egon behar duela azpimarratu du.

Horretaz gain, Iruñerriko Mankomunitateko teknikariak autobus zerbitzuan txartel berri bat egitea aztertzen ari dira. Txartel horrek hilabete osoko iraupena luke, eta bidaiak mugagabeak lirateke. 2014. urteko bigarren lau hilekoan ezarriko lukete.

Autobus hibridoa

Joan den astelehenetik autobus hibrido bat probatzen ari dira Iruñerrian. Zehazki, 5 eta 6 lineatan arituko dira autobusa probatzen. Autobusaren fabrikatzaileek esan dutenez, garraio mota horrek erregaia aurrezten du, eta askoz gutxiago kutsatzen du. Izan ere, motorra diesela eta elektrikoa du. Joan den urteko abenduan beste autobus hibrido batekin egin zituen probak.