Sanferminetan Runa parkea erabiltzeko lehiaketa martxan jarri du udalak

Sanferminetan Runa parkeko espazioa erabiltzeko lehiaketa abiatu du Iruñeko Udalak. Gora Iruñea plataformak eskatu zion espazio hori haien jaietako egitaraua gauzatzeko, eta espazioa erabiltzeko aukera bakarra lehiaketara aurkeztea zela esan zien. Gora Iruñea taldea, hala ere, ez da aurkeztuko, “iruzur hutsa” delako.

Urtero abiatzen du Iruñeko Udalak espazio hori erabiltzeko lehiaketa, eta egitarau ofizialeko ekitaldiez gain “beste jai ekitaldi batzuk ospatzeko” gunea izatea nahi dute. 20.000 euroko bermea eta 600.000 euroko asegurua kontratatzea eskatzen dute. Eskaintzak heldu den ekainaren 21era arte aurkeztu behar dira. Dena den, joan den urtean aurkeztu ziren hiru enpresak aurten ez dira aurkeztuko, eta hainbat sustatzailek “zaila” ikusten dute espazio hori erabiltzea, ez delako “batere errentagarria”.

Iazko sanferminetan Accion Cultural enpresak erabili zuen gunea, eta esana du ez dela lehiaketara aurkeztuko. Horrekin batera, Ylaluna Espectaculos enpresa aurkeztu zen iaz, eta aurten ez du gune hori erabili nahi. Gora Iruñea taldeak joan den astean adierazi zuen ez zela aurkeztuko. Plataformari ez zaio egokia iruditzen kolektiboak lehiatzea ekitaldiak prestatzen dituzten enpresekin. Duela gutxi aurkeztu zuen Gora Iruñeak aurtengo sanferminetarako egitaraua. Hamaika ekitaldi zeuzkaten prestatuta Runako parkean egiteko, baina “berriz ere” Iruñeko Udalak debekatu egin die eremu horretan ekitaldiak egitea, eta ez die baimenik eman antolatua zuten guztia egiteko.

Horretaz gain, apirilean, UPNk izan ezik, Iruñeko Udaleko alderdi guztiek mozio bat aurkeztu zuten aurten Gora Iruñea taldeak sanferminetan gune bat izateko, eta UPNri eskatu zioten leku bat uzteko. Urtez urte sanferminak ospatzeko Iruñeko Udalak ez dio utzi inolako gunerik Gora Iruñeari, eta horren kexu dira.

Runa parkearen erabilera bi modutakoa izan daiteke: alde batetik, ekitaldi guztiak doakoak izatea publikoarentzat, eta, bestalde, barrutia ixtea eta sartzeagatik kobratzea. Dena den, aurkezten diren eskaintzen artean Iruñeko Udala ez badago ados egin nahi dituzten ekitaldiekin, hutsik utz dezake gunea. Eta, aurten, guneak hutsik geratzeko aukera handia duela diote hainbat sustatzailek. Haien ustez, sanferminetan Runa parkea ez da oso “erabilgarria”, eta gehienbat jaietako asteburuetan erabiltzen dela diote. Azaldu dute ez dagoela hiriaren erdialdean eta festatik urrun dagoela.

Bermea eta asegurua ordaintzeaz gain, gunea hartzen dutenek zorua okupatzeagatik udal tasak ordaindu beharko dituzte. 6.000 euro inguruko kostua dute. Karparen funtzionamendua 12:00etatik 03:00etara izanen da, hiru egunetan izan ezik. Uztailaren 7an, 13an eta 14an 04:00 arte irekita egon daiteke.