“Kolonizazioak arrakasta izan du: frantziarrak sentitzen dira”

Bidaiatzen jarraitzeko gogoa baino ez dio eman Martinika uharteak Ilazki Lakuntza (Iruñea, 1988) eta Oihan Briere (Miarritze, 1989) bikoteari. Hamar hilabete igaro dituzte lanean Kariben, hango errealitate latza ezagutzen eta horretatik asko ikasten. Uztailaren 14tik Iruñean dira berriro, baina dagoeneko ari dira antolatzen hurrengo bidaia.

Lakuntzak azaldu du zergatik joan ziren: “Hemen genituen lan aukerak ez ziren ugariak, eta atzerrian esperientzia bat izan nahi genuen”. Briere diseinatzaile grafikoa da, eta lan eskaintza bat lortu zuen Karibeko uhartean. Publizitate agentzia batean aritu da zuzendari artistiko moduan hilabete hauetan. Lakuntza lanik gabe joan zen —”baina gogo handiarekin”—, eta kostatu bazitzaion ere, lortu zuen egitekoa. Espainol Filologia ikasia du, masterra du irakasle aritzeko, eta ordezkapen bat egiten aritu da hango institutu batean, gaztelerazko eskolak ematen. Biek ez dute dudarik, eta zentzu guztietan esperientzia guztiz aberasgarria izan dela diote.

“Jendeak uste du Martinika hondartza eta paradisua dela, eta egia da, neurri batean horrela da. Natura izugarria da, baina herritarren errealitatea guztiz bestelakoa da”, esan du Lakuntzak. Frantziatik milaka kilometrora dagoen arren, Parisen politiken menpe dago Martinika. 1635etik izan da Frantziako kolonia, eta 1946. urtean departamentu estatusa hartu zuen. “Gatazka asko dituen irla da. Kristobal Kolonek deskubritu zuenetik, sufrimendua baino ez du jasan. Karibe indiar guztiak hil zituzten, eta langilerik gabe gelditu zirenean, Afrikako esklaboak ekarri zituzten. Orain, biztanleria guztiz afrikarra da, beltza, eta 1846. urtera arte esklaboak izandakoak”. Bikoteak azaldu duenez, biztanleriaren gehiengoak asimilatu du Frantziako identitatea, eta ez dute zerikusirik izan nahi Afrikarekin, haien kultura tradizionala —kantuak, dantzak…— hangoa izan arren.

“Kolonizazioak horrenbeste arrakasta izan du, frantziarrak sentitzen dira”. Gainera, Frantziak politika erabat diskriminatzailea erabiltzen du Martinikan, adibidez, hizkuntzarekin. Kreolera da hango hizkuntza, baina ez da ofiziala. Orain dela gutxi arte, gainera, debekatuta zegoen kreoleraz mintzatzea, esklaboekin eta arruntasunarekin lotzen zutelako. “Egun, herritarrek ez dute bere kultura aintzat hartzen, ez dira identifikatzen gutxiagotasun konplexua dutelako, eta Frantziakoa izateak, berriz, prestigioa ematen die”. Badago Martinikan mugimendu independentista eta autonomista, aldaketa nahi duena uhartean, baina oso gutxi direla azaldu dute. “Gehienek ez dute kontzientziarik, miserian eta izututa bizi izan direlako orain dela gutxi arte, eta denbora behar dute”.

Badute, gainera, beste gatazka larri bat: becqueak. Kolonoen ondorengoak dira becqueak, uharteko biztanleriaren %1. Txuri-txuriak dira, eta haien artean baino ez dira erlazionatzen eta ugaltzen. “Haiek dute boterea uhartean; haiek kontrolatzen dituzte laborantza guztiak, eta prezioak adostu; prezio ezin altuagoak, gainera”. Klanetan bizi dira, eta hiritarrak —atzerritarrak— gorrotatzen dituzte, “haien ekonomia ezegonkortzen dutelako”. Beltzek haientzat esklaboak izaten jarraitzen dute. Eta horrela sentitzen da oraindik ere biztanleriaren zati bat: “Esklabo modernoak”. Izan ere, lan baldintzak oso gogorrak dira; soldatak, oso baxuak, eta bizitza, garestiegia. “Martinikan legea egiten dute becqueek”.

Horren ondorioz, gizartea guztiz desegituratuta dago, sustrairik gabe, eta errealitatearen kontzientzia hartzea oso zaila da. Denbora gutxi pasatu da kolonizazioa izan zenetik eta esklabo izateari utzi ziotenetik. “Haien arabera, frantsesa izateak libre egin ditu, baina ez dira konturatzen Frantziak guztia kendu diela”. Frantziako nortasun agiria dute, hezkuntza sistema hangoa da, eta uhartea frantziarren erritmo eta ordutegiekin bizi da. Karibeko uharte “onenetarikoa” da Martinika, baina, era berean, desberdintasunak nabarmenak dira. Pobrezia handia dago. Uharte pribatuak dituzten familiak daude. Dena da Frantzian baino askoz garestiagoa, oinarrizko jakiak batez ere. Horregatik, funtzionarioek gehiago kobratzen dute Martinikan, %40 gehiago.

Horretaz guztiaz konturatu da Lakuntza lanean. Ikasleekin asko ikasi duela azaldu du. “Hemengo arazoez jabetu naiz haiekin hitz egitean”. Gaztelera irakasten zuen, baina metodologia guztiz desberdin batekin, eta horrek gauzetan sakontzeko aukera ematen zion. “Ez genuen bakarrik gramatika lantzen; idazleen testuak lantzen genituen, eta eztabaidatu egiten genuen”. Harreman ona izan zuen ikasleekin, eta penatuta bukatu zuen lana.

Martinikako denbora amaitu da Lakuntza eta Brierentzat, baina orain Kanadara joan nahi dute. Irailean, seguruenik. “Horrelako esperientziek ez dute konparaziorik. Gogorra bezain ederra izan da”.