Ikasle zirenean bizitakoak

Urrian hasiko da Nafarroako euskaltegietan 2013-2014 ikasturtean. Ehunka lagunek euskalduntzeko asmoz ekingo diote ikasturte berriari. Sarritan, euskara ikastea zaila dela esan arren, mito hori apurtu nahi izan dute Txini Rubio, Raquel Rajol eta Raul Fernandezek. Txikitan euskara ikasteko aukerarik ez zuten izan eta euskaltegira jo zuten euskalduntzeko asmoz. Hirurek lortu dute euren helburua, euskaraz bizi dira. Baikortasunez mintzatzen dira euskalduntzeko prozesuaz. Oraindik euskaltegian izena eman edo ez zalantza dutenei ahalegina egiteko gonbita egin dute hirurek.

"Euskalduna naiz eta harro nago", aitortu du Txini Rubiok. Pare bat aste barru euskara ikasten hasiko diren lagun horiei "inbidia" pixka bat diela onartu du Rubiok. Ederki oroitzen da euskaltegiko lehen egunez, ordutik 20 urte inguru igaro diren arren. Euskaltzaletasunarekin lotutako giroak erakarrita hasi zen euskara ikasten AEK-k Iruñeko Iturrama auzoan duen euskaltegian. "Euskaltegiak bizi poza eman dit, lehen euskaraz ezer esaten ez nekielako, eta orain euskaraz bizi naizelako".

Ildo berean mintzatu da Raquel Rujol ere. A ereduan ikasi zuen eskolan. Jakinarazi duenez, eredu horretan ikasten duten haur eta gazteek ez dute euskaraz mintzatzeko erabateko gaitasunik. Hala, 17 urte inguru zituela euskaltegian hasi zen. Orduan euskaraz hitz egiteko "beldurra" izaten zuela onartu du Arjolek. Hala ere, hiru urteren buruan EGA titulua eskuratu zuen. "Baina lorpenik handiena unibertsitateko ikasketak euskaraz egin ahal izatea izan zen", aitortu du.

Izan ere, euskaltegian euskara ikasten hastearekin batera hitz egiteko beldurra galtzen hasi zen. Nostalgia puntu batekin mintzatzen da garai hartaz. Izan ere, unibertsitateko irakasle ikasketak euskaltegiko eskolekin uztartzen zituen. Egun, irakasle gisa aritzen da lanean.

Raul Fernandezek Rubiok bezala, euskal kulturak erakarrita jo zuen euskaltegira. "Hasiera batean ez nion neure buruari helburu zehatzik jarri, baina urte batzuen buruan euskalduna izatea lortu dut". Eskolaz kanpoko jardueretako begirale gisa aritzen da lanean, eta egun euskara bere lanerako tresna bilakatu dela jakinarazi du.

Rubiok, Arjolek eta Fernandezek AEK-ko euskaltegietan erabiltzen den metodologia goraipatu dute. Izan ere, jakinarazi dutenez, hitz egiteari izugarrizko garrantzia ematen zaio. "Hizkuntza bat ikasteko metodologiarik onena da, hitz egitean oinarritzen delako", azaldu du Rubiok. Horri esker, hiru euskaldun berrien bizitza alor askotan eta eremu askotan aldatu den arren, eremu sozialean izandako aldaketak nabarmendu dituzte. Batez ere, euskara ikasteaz gain lagun asko egin dituztelako.

Dozenaka bizipen

Barnetegietan edota eskolaz kanpoko ekintzetan euskara ikasten dutenek dozenaka bizipen izaten dituzte. Bitxikeriaren bat gogoratzeko eskatuta irri artean kontatu du Arjolek euskara ikasten hasi zenean, lehenengo astean nola gelditu ziren gelakideak zerbait hartzeko. "Ostegun batez zerbait hartu behar genuela erabaki genuen. Euskaraz hitz egiten saiatzen ginen, eta gelakide batek gaizki ulertu zituen tokia eta ordua", dio irri artean. Horren ostea, irakasleak orduak ikasteko gomendatu zien, behintzat non eta noiz gelditzen ziren argi izateko.

Ahalegin eta esfortzu handia egin behar izaten dute ikasleek euskalduntzeko. Fernandez ederki oroitzen da nola hasiera batean, edozer eskatzeko nola pare bat minutu hartzen zituen esan behar zuena buruz behin eta berriz errepikatu eta akatsik ez egiteko. Orain ordea, prozesu horren beharrik ez du, arazorik gabe mintzatzen delako euskaraz.

Hirurak bat datoz, euskaltegia bizitzeko modu berri baten ataria dela. Horregatik, euskaltegietan izena emateko animatu dituzte zalantzati daudenak.