“Auzolanetik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira”

Udazkeneko arratsalde epel batean, Iruñeko Alde Zaharrean pasieran ibiltzea beti da gozagarria. Ezer berezirik egin behar ez den egun horietako batean, San Gregorio kalean dagoen Auzolan liburu dendarekin topo egitea plazer txiki bat izan daiteke literaturzalearentzat. 1977ko maiatzean sortu zen, eta euskal literaturak Iruñean behar zuen lehen erakusleihoa izan zen. “Garai hartan, Iruñean bi liburu denda zeuden: Gomez eta Parnasillo. Horien aurrean alternatiba bat eskaintzeko sortu zuten Mertxe Zufiak eta Jon Mujikak Auzolan liburu denda. Euskal literatura zabaltzeko, baina baita literatura unibertsala, gizarte zientziak, artea eta beste hainbat gai lantzeko ere”, horrela azaldu du Unai Pascual Loiartek, Auzolaneko langileak (Iruñea, 1976). Auzolan ireki zutenetik, 36 urte igaro dira. Pascual Loiarteren arabera, hasierako proiektuak aldaketa asko izan ditu urte horietan, baina gaur egun hasierako ideiara bueltatu dira. Gizarte mugimendu txikiekin eta liburuaren munduarekin lan egin nahi dute. Auzolan ez da liburu denda soila, gaur egun hiru proiektu baitaude liburu dendan bertan: denda bera, Denonartean argitaletxea eta formakuntza tailerrak.

“Liburu denda honetatik Iruñeko liburu saltzaile guztiak pasatzen dira: Parnasillokoak, Hormigako Atomikakoak, Elkarrekoak…”, azaldu du Pascual Loiartek. Horrek erakusten du liburu dendak duen erreferentzialtasuna. Iruñeko Elkar —Zabaltzen zena— eta Pamiela argitaletxeak ere Auzolaneko biltegian hasi ziren. Urte hauetan guztietan aldaketa ugari izan ditu Auzolan liburu dendak. 1997an salto handi bat egin zuten, eta Tutera kalean —autobus geltoki zaharraren parean— ireki zuten denda handi bat. Lokal berrian paper denda bat jarri zuten, eta material pedagogikoan espezializatutako banatzaile batekin lanean hasi ziren. San Gregorio kaleko dendan, aukerako liburuak saltzen zituzten bitartean.

Garai horretan liburuaren mundua boom batean zegoela dio Pascual Loiartek. “Asko saltzen zen, liburuaren mundua burbuila batean zegoen, eta noizbait eztanda egin behar zuen”. Eztanda 2007an gertatu zen; salmentak ikaragarri jaitsi ziren hainbat arrazoiengatik: testu liburuak urtero berritu beharrean lau urtean behin aldatzen hasi ziren; liburu digitala agertu zen; aukerako liburuak saltoki handietan saltzen hasi ziren; eta, nola ez, krisialdi ekonomikoak ere eragin du horretan guztian. Krisialdiak proiektuaren inguruko gogoeta eskatu zuen. Beraz, San Gregorio kaleko denda indartzea erabaki zuten, eta Tutera kaleko denda joan den urtarrilean itxi zuten. “Orain, hasierako tokian gaude berriz ere, liburuaren munduak duen prekarietatean, handik eta hemendik gauzak egiten, aurrera jarraitzen dugu”.

XXI. mendeko liburugintza

Mende berriak aldaketa asko eragin ditu liburugintzan. Internetek eta liburu digitalaren agerpenak liburuak doan izateko ahalbidetu dute. Horrek salmentak nabarmen jaitsi ditu. Baina gauza onak ere sortu ditu: “Liburu dendara etortzen den jendea liburuak maite dituen jendea da. Gaur egun, Interneten dena aurki dezakezu dohainik; beraz, interesik ez duen jendeak ez du zertan dendara etorri behar”. Pascual Loiarteren ustez, Auzolan liburuak erosteko toki bat baino askoz gehiago da. “Guk nahi duguna da jendea hona etortzea eta lasai asko ordubete edo bi ordu pasatzea”.

Konpetentzia handia dago liburu denden artean; orduan, bakoitzak zerbait berezia eskaini nahi du. Auzolanen kalitatea eskaini nahi dute. Horretarako, liburu dendaz gain, kultura eskaintza ere badute hainbat ekinaldirekin: irakurle kluba, filosofia tailerra eta zenbait foro.

Auzolanari lotu zaion beste proiektu bat Denonartean argitaletxea da. “Argitaletxea dendatik kanpo hasi zen, baina denborarekin lotu egin dira”, azaldu du Pascual Loiartek. Argitaletxearekin idazle hasiberriei publikatzeko aukera eman nahi diete. Genero aldetik denetarik lantzen dute: poesia, saiakera, narratiba… Baina indar berezia eman diote haur eta gazte literaturari. Pascual Loiartek dio gaur egun euskaraz dagoen haur eta gazte literatura gehiena itzulia dela. Egoera horri buelta emateko lanean dabiltza. Denonartean “haur eta gazte literatura harribitxi bat da, eta oso idazle finak ditugu gure artean”.

Liburu digitalak merkatua irauli du. Hala ere, Pascual Loiartek ez du mundu horretan sartu nahi. “Amazon, Apple eta Googlek munduko liburu digitalaren negozioaren %85 kontrolatzen dute, %10 dohainik eta legalak diren webguneek mugitzen dute, eta soberan dagoen %5 munduko beste saltzaile guztien artean banatzen da; ez gara borroka horretan sartuko”. Pascual Loiarterentzat, gainera, liburu digitala “kalitate gutxiko liburua” da. Berak betiko liburua maite du, eta horrekin jarraituko du lanean, etengabeko berritze era sormenean.