Hobetzeko desiraren bideak

Egoera ekonomiko, politiko zein sozialek behartuta, ehunka lagun joan ziren etorkizun hobearen bila atzerrira. Batzuek, aukera izan, eta profitatu zuten, betiere jaioterrira itzultzeko desioa buruan zutela. Frantziara, AEBetara, Mexikora edota Argentinara joan ziren asko eta asko. Hain justu, Argentinara joan ziren nafarren errealitatea jaso dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlariek eta Rosarioko Unibertsitatekoek elkarlanean egin duten liburuan: La colectividad de origen navarro en Argentina. Los centros navarros como espacio de encuentro (Nafarroako jatorriko kolektibitatea Argentinan. Nafar etxeak topagune gisa).

"Emigrazio prozesu bakoitza ezberdina da", ohartarazi du Lucia Martinez Gizarte Lanean doktoreak. Unibertsitateko beste hainbat ikerlarirekin batera lan sakona egin dute Argentinara joan ziren nafarren egoera eta bizi-baldintzak ezagutzeko. Dioenez, emigrazio proiektuen protagonistak ezberdinak diren heinean, bizipenak ere aldatu egiten dira. Orotara, Argentinara joan ziren 46 lagun elkarrizketatu dituzte.

Nafarroa utzi eta beste herrialde batzuetara lanera joateko erabakia ez zuten soilik XIX. eta XX. mendeko gizonezko eta emakumezkoek hartu. Izan ere, XVI. eta XVII. menderako hasi ziren emigrazio fluxuak herrialdean. Hasierako faseetan, Europako herrialdeetara joaten ziren, Frantziara batez ere. Hala ere, nafarrak Ameriketara joaten hasi zirenean, gero eta lagun gehiagok jarraitu zioten hasierako emigrante haien bideari.

Atzerrira joateko faktore eta arrazoien artean asko egon daitezke. "Egin ditugun elkarrizketa guztietan faktore bat baino gehiago jartzen dituzte sorterria utzi eta atzerrira etorkizun hobearen bila joateko arrazoi gisa", dio Martinezek. Hala ere, azaldu du Nafarroa iparraldeko lagun askok oinordetza sistema aipatzen dutela zio gisa. Izan ere, garai hartan, maiorazkoarentzat izaten ziren familiaren etxe zein lurrak. Ondorioz, gainerako ahaideek ez zuten oinordetzan ezer jasotzeko aukerarik izaten. Liburuan egoera hori baieztatzen duten lekukotzak jaso dituzte. L. Bocquinek hala dio: "Gure aitak inoiz ez zigun esan, baina pentsatzen dugu maiorazkoaren ondorioz emigratu zuela Argentinara".

Dena den, Martinezek ohartarazi du atzerrira joateko erabaki horretan ere zuzenean eragiten duela egoera politikoak. Izan ere, gerren eraginez, ekonomia "dezente" zailtzen zen, eta herritarrek zuten askatasuna asko murrizten zen. Bizi-baldintza hobeak bilatzeko arrazoi "garrantzitsuak" ziren horiek. Baina askotan errepikatzen den faktorea da Argentinan bizi zen ezagunen bat izatea. "Hara joan ziren askok Argentinan bizi zen senitartekoren bat edota bizilagunen bat izaten zuten", dio Martinezek.

Horri esker, babes sare handia izaten zuten askok eta askok. "Bat emigrante denean ezinbestekoa da halako babesa izatea. Asko sakelan ezagutzen ez zuten pertsona baten helbidea paper batean idatzia zutela iristen ziren Argentinara", azaldu du ikerlariak. Eta gaineratu du, batez ere, XIX. mendean eta XX. mendeko lehenengo urteetan langile asko behar zirela Hego Ameriketako herrialde horretan. "Natur baliabide handiak dituen herrialdea da, eta, gainera, langile asko behar zituzten ekonomiaren modernizazioa gauzatzeko. Horrek atzerritarrak onartzeko prozesua erraztu zuen", adierazi du.

Argentinara joateko bidaiek zer ikusteko gutxi izaten zuten egungoekin. Izan ere, XX. mende inguruko urteetan itsasontzia zen Atlantikoa zeharkatzeko aukera bakarra. Martinezen arabera, "asko Nafarroan egoera ekonomiko txarra zutelako joaten ziren, eta bidaia txartela erosteko zorpetu egiten ziren". Batez beste, hiru aste edo hilabete behar izaten zituzten helmugara iristeko. Hala ere, bazen bidaian hamabost hilabete egin zituenik ere.

Alde horretatik, Martinezek jakinarazi du bidaiari ekiten zieten askoren kezka izaten zela benetan Argentinara iritsiko ote ziren edo ez. "Elkarrizketatu ditugun lagunen artean, Buenos Airesera ailegatu beharrean Brasilera joan zirenen kasuak topatu ditugu". Egoera horretan, inguruan zuten babes sarea eta herrialdearen errealitatea oso ezberdinak ziren Argentinakoarekin konparatuta. Ondorioz Brasilen egoera zailak bizi izan zituztela azaldu du ikerlariak.

Itzultzeko xedea

Atzerrira joan ziren gehienek zuten itzultzeko asmoa. Baina, NUPek Rosarioko Unibertsitatearekin egindako liburuan jasotzen denez, ondorengoak izatean itzulera geroz eta zailagoa bihurtzen zen. Zenbait kasutan, erabaki zuten bizitzaren ibilbidea amaitzeko ezinbestekoa zela jaioterrira itzultzea. Ruben Lasherasek, liburuan parte hartu duen beste ikerlarietako batek azaldu duenez, Argentinara joan ziren askok zuten identitate kolektiboa indartzeko beharra. Horretan lan handia egin zuten euskal etxe zein nafar etxeek. Ekinaldi asko eta asko kulturarekin eta folklorearekin lotuta zeuden arren, identitatea indartzea lortzen zuten. Gainera, frogatutzat eman du, halako azpiegituren bitartez, itzultzeko desioa murriztea lortu zutela zenbait nafarrek.

Orotara, gutxi gorabehera, Argentinan 6.800 nafar bizi dira. Baina arbaso nafarrak dituzten argentinarrak 30.000 eta 50.000 artean direla kalkulatu dute adituek. Izan ere, jaioterriko egoerak behartuta horrenbeste desiratu zuten egoera hobea topatu zuten ehunka lagunek Hego Ameriketako herrialde horretan.