Nafarroak Ezkabako gotorlekua kudea dezan nahi dute

Krisi ekonomikoak Espainiako Defentsa Ministerioa ere jo du. Uda hasieran, jabetzak berrantolatzeko plana aurkeztu zuen. Plan horretan, jabetzan dituen hainbat egoitza itxi eta uzteko nahia agertu du. Horrela, urtean 52 milioi euro aurreztu nahi ditu ministerioak. Euskal Herriko azpiegitura bakarra dago planean sartua: Ezkabako gotorlekua. Hainbat erakunde publikorekin elkarlaneko akordioa lortu nahi du, gotorlekuaren kudeaketa beste esku batzuetan uzteko, ministerioak ez baitu eraikina mantentzeko kostuez arduratu nahi. Oraingoz, Nafarroako Gobernuak dio ez duela gai horri buruzko berririk. Oposizioko taldeek Ezkabako gotorlekuan memoria historikoaren museoa egiteko beharra azaldu dute.

Ezkabako gotorlekua kultur intereseko ondare izendatu zuten 2011n. Gainera, Espainiako Kongresuak ekainean proposamen bat onartu zuen, Espainiako Gobernuak gotorlekua dohainik eman diezaion Nafarroako Gobernuari. Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek gogoratu zuen XX. mendearen bukaeran Espainiako armadak leku hori utzi zuela. Egun, Defentsa Ministerioa arduratzen da gotorlekuaz. Eta, Barkosen aburuz, ministerioak ez du eraikinaren eraberritzea ordaindu nahi.

Bestalde, Nafarroako Parlamentuan memoria historikoaren legea bideratzen ari dira. Ezkerrak eta Aralar-Nabaik aurkeztutako proposamena baliatu nahi dute bi talde politikoek Ezkabako gotorlekuaren jabetza eskuratzeko. Hori behin lortuta, Iruñerriko Mankomunitateak eta Ezkaba inguruko zazpi udalek bultzatutako Udalez Gaindiko Sektore Plana martxan jarri nahi dute. Planean, Ezkaba ingurua atondu eta gotorlekuan memoriaren museoa egitea aurreikusten da. Berriozarko alkate Xabier Lasak dio, behin jabetza berreskuratuta, batzorde bat sortuko dutela Udalez Gaindiko Sektore Planari jarraipena emateko. Plan hori orain urte batzuk bertan behera gelditu zen. Lasak arazorik handiena Nafarroako Gobernuaren borondaterik eza dela uste du. “Gobernuak ez du inolako interesik gai honetan, eraikinak duen karga historiko eta ideologikoagatik”.

Historia handiko gotorlekua

Barkosek dio Ezkabako gotorlekua “XX. mendeko Nafarroako historia politikoko gertaerarik garrantzitsuenen lekuko” izan dela. 36ko gerran, kartzela moduan erabili zuten Francoren aldekoek. 1938an, 795 presok ihes egitea lortu zuten. Haietako berrehun harrapatu ostean fusilatu egin zituzten.

Iñaki Sagredo idazleak, Berriozarko Udalak eskatuta, gotorlekuaren historia ikertu du Segoviako artxiboetan (Espainia). Haren ustean, eraikina, duen historiagatik, memoria historikoaren monumentu bat da. Eta eraberritzeko diru asko behar baldin bada ere, inbertsioak merezi duela uste du. Sagredok Poloniako kontzentrazio esparruekin alderatzen du Ezkabako gotorlekua. “Polonian, kontzentrazio esparruak gune kultural eta turistiko bilakatu dituzte, eta 2011n 1,4 milioi bisita izan zituzten”.