Egun handia

Egun handia izaten da. Txikitan, norberaren urtebetetze eguna noiz iritsiko zain egoten gara, urtearen 364 egun ziztu bizian iragateko irrikan. Eguna iristean, aldiz, erloju guztiak geratu eta denbora izoztea gustatuko litzaiguke. Unibertso osoa protagonistaren inbidiatan egon ohi dela dirudi. Bera da planeta guztiak mugitzen dituen izarra, egunbete irauten duen erresumaren errege edo erregina. Egun handia izaten da. Baina niri beti iruditu zait nire lagun Inesen urtebetetze eguna bereziagoa. Handietan handiena.

1992ko urriaren 12an jaio zen Ines. Nik ordurako 8 hilabete izango nituen, baina ez naiz hari egindako ongietorriaz gogoratzen. Bai, ordea, hurrengo urteetan egiten genituen ospakizunez. Lagun guztiak bere etxera joaten ginen, opariak esku artean eta ilusioz beteta. Bagenekien jende ugari bilduko ginela. Arrazoi ezezagun bategatik, Inesek beti lortu izan du bere ospakizunera guraso zein ume mordoa joatea. Mundua geratzen zela zirudien.

Urteak bete ahala, errealitate gordinera egin dut salto. Umetako inozentzia galtzeak mina egin dezake; azken finean, begiak irekitzean ikusten den egia ez da beti xamurra izaten. Ez zen Ines mundua geratzen zuena, bestelako arrazoi arrotz batzuk zeuden horren atzean.

Antza, orain dela urte mordoa Rodrigo de Triana izeneko gizon batek lur zati handi bat atzeman izana ospatzen da egun horretan. Amerika, alegia. Bertako herriak eta tribuak kolonizatu, hizkuntza, kultura eta erlijioaren inposizio etengabea gauzatu eta Espainiako Inperioa sortu ziren garai hartan. Batzuentzat, “jaiegun nazionala” izateko arrazoi mardul eta sakonak. “Hispanitatearen eguna”, “Arrazaren eguna”, “Espainiako Egun Nazionala”, “Guardia Zibilaren eguna”… hainbat izen, baina egun bakarra. Urriaren 12a. Inesen urtebetetze eguna.

Espainiarren esanetan, Pilar Birjinaren eguna sinbolo garrantzitsua da. Izan ere, Amerikaren eta Espainiaren arteko lotura irudikatzen du; bien arteko bat egitea, fusioa. Dirudienez, fusio hitzaren definizioa ez da bera hiztegi guztietan. Ez zen elkarketarik egon, ez bada zapalketa baten ondorioz ezarritako harremana. Espainiak Amerika mendean hartu zuen, komeni zitzaiona bereganatuz eta gainontzekoa suntsituz. Hori da Espainiako Estatuan biztanleria osoak jai izateko arrazoia. Espainiaren nagusitasuna erakusteko beharra; nagusitasun faltsua.

Baten bat harro egonen da bere arbasoek egindako lorpenekin. Biharkoa egun handia izanen da halakoentzat. Baina guk, euskaldunok, zer daukagu ospatzeko? Nik, behintzat, ezer ez. Tira, bai, Inesen urtebetetze eguna. Urtero moduan, aurten ere elkarrekin afari eder bat eginen dugu. Hori bai, goizean berdin-berdin lan eginen dut, baina aurtengoa ere egun handia izanen da. Inesek 21 urte beteko ditu, eta hori ez da egunero gertatzen.