“Krisi ekonomikoa gehien atzeman duen sektoreetako bat da kulturarena”

Astebete inguru da Javier Paz (Legazpi, Gipuzkoa, 1964) Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteko presidente izendatu zutela. Azagrako kultur etxean egiten du lan. Dioenez, azken urteak kultur eremuan lan egiten dutenentzat zailak izan dira. Gaineratu du kultur programatzaileentzat oso zaila dela lan egitea, sarritan ez dutelako jakiten ekitaldi bat gauzatu ahal izateko zer aurrekontu baliatuko duen administrazio publikoak. Gainera, azaldu du kultur ekitaldiei ezarritako %21eko BEZa ez dela bidezkoa.

Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteko presidente izendatu berri zaituzte. Zein helburu dituzue elkarte gisa?

Bi urte barru 25 urte egingo ditu elkarteak. Urte hauetan guztietan, elkartea ezagutarazten saiatu gara. Guretzat oso garrantzitsua da elkarte gisa Nafarroako gizartean presentzia izatea. Hala ere, gure helburu nagusia gure lanbidearen defentsa da. Kultur kudeatzailearen lanbidea ez zen batere ezaguna 1990eko hamarkada hasieran. Hala ere, kultur etxeak ugarituz joan ahala, gure zeregina ere ezagunagoa da.

Zer-nolako eragina izan du krisi ekonomikoak zuen lanbidean?

Egia esan, nire ustez, kultura ia beti egon izan da krisian. Beti egon da krisian. Egoera ekonomikoa ona zen garaian, egoera hobean bizi ginen, hori egia da. Garai horretako emaitzak agerikoak dira: kultur etxeak, gune eszeniko berriak, programazio osatua... Baina, azken urteetan, kulturan izan diren murrizketak izugarriak izan dira. Esan genezake, krisi ekonomikoa gehien atzeman duen sektoreetako bat dela kulturarena. Badirudi beste sektore batzuk garrantzitsuagoak direla, osasuna eta hezkuntza esaterako. Hori guk ulertzen dugu. Baina, kultura ere gizartearen eskubidea da. Kulturak balioak, zentzu kritikoa, harremanak eta garapena sustatzen ditu besteak beste. Garapen ekonomikoa gauzatzeko beste faktore bat da.

2008tik udalek kultur ekintzetarako baliatutako aurrekontua ia %40 murriztu da. Zer eragin izan du horrek zuen zereginetan?

Murrizketa nabarmena da. Hainbat udal militantziagatik edo, dituzten espazio eszeniko edota kultur etxeetako programazioa mantentzen saiatu dira. Baina beste askotan, murrizketek zuzenean eragin dute eskaintzan. Herri askotan programazioak galdu dira, eta ziklo asko programatzeari utzi zaio. Horrek guztiak gizartean eragiten du, nahiz eta asko ez diren horretaz ohartzen.

Programazioa mamitu aurretik jakiten duzue zer aurrekontu izango duzuen eskura?

Zenbateko aurrekontua garaiz ez jakiteak gure zeregina zailtzen du, hori agerikoa da. Udal langileak garen kultur kudeaketako profesionalon kasuan, aurrekontua zehaztu gabe dagoenean zaila da urte osoko plangintza egin ahal izatea. Horrez gain, aurrekontuak jakinda ere, urte erdia igaro ostean zenbait sail murrizten dituzte. Beraz, sarritan ez gara ausartzen zenbait ekitaldi programatzen.

Irizpide ekonomikoaz gain, zein beste irizpide baliatzen dituzue programatzeko garaian?

Irizpiderik garrantzitsuena ikusleekin lotura duena da. Ikusleak dira kultur etxeetara etortzen direnak. Aurrez aipatu dut krisi ekonomikoaren eraginez, kulturarako baliatzen den dirua murriztu dela, baina horrek ez du bereziki ikusle kopurua jaitsi. Azken urteetan egin dugun lanaren emaitza da. Izan ere, kultur etxeetan ikusleak erakartzeko hamaika ekitaldi egin dira, eta horrek publiko fidela izaten lagundu du. Hala ere, guk elkarte gisa gogor kritikatu dugu kultur ekitaldiei %21eko BEZ zerga jarri izana. Baina, prezioak gehiegi ez igotzen saiatu gara, batez ere garestiak ez diren ekitaldietan. Horrek ere lagundu, nire ustez, ikusle kopuruari eusten.