“Ezin dugu ahaztu ingurumenak ez dituela inoiz oporrak hartzen”

Iruñea inguruko mendi eta basoak inork baino hobeto ezagutzen ditu Jose Javier Garcia-Falcesek (Iruñea, 1970). Basozain gisa egiten du lan Iruñerri inguruan dauden mendi eta oihanetan. Txikitatik izan du naturarekin lotura. Haurra zela, asteburu-pasa joaten zen guraso eta anai-arrebekin Ballariain herrira. “Txikitatik asko gustatu izan zait ingurumena. Aita ehiztaria zen, eta hark erakutsi zigun mendia maitatzen”, dio. Haurra zenean, txorien habiak egiten edota egindakoak tokiz aldatzen ibiltzea atsegin zuen gehien Garcia-Falcesek. ” Karabina hartu, eta txoritxoak hiltzen aritzen ziren batzuk, baina guri hori ez zitzaigun gustatzen”.

Aitortu du bere lanbidean zerikusi zuzena izan duela haurra zela basoan eta ingurune naturalean jolastu izanak. Izan ere, lanbide heziketa hautatzeko orduan, argi eta garbi izan zuen basozaina izateko ikasiko zuela. Baita helburua lortu ere. 1995. urtetik da Nafarroako Gobernuko basozaina. Azaldu duenez, bokazioz da basozaina.

Garcia-Falcesen irudiko, bere lanbidea ez da ezaguna. “Gizartean ez da gure lanbidea oso ezaguna. Askok uste dute noranahikoan sartuta paseoan igarotzen dugula egun osoa”, dio. Basozaina izatea hori baino gehiago dela ohartarazi du. Gaineratu duenez, gauza mordoa egiten dituzte: animalia zaurituak artatu, diru laguntzak eskuratu ahal izateko eskaerak egin, basoen garapenaren zaintza…

Garcia-Falcesek ez du bere burua zortzi orduz bulego batean lanean ikusten. “Ez dut uste halako lanbide baterako prestatuta nagoenik”. Dena den, jakinarazi du azken urteetan egin behar dituzten burokrazia lanak asko ugaritu direla. “Nire lanbidetik gehien maite dudana inprobisazioa da”. Dioenez, eguneko zereginak aurrez antolatu arren, beti izaten dituzte ezustekoak, eta, horregatik, antolamendua guztiz aldatu behar izaten dute.

Hala ere, aitortu duenez, basozain izateak bere alde txarrak ere baditu. Sarritan administrazioren eta herritarren arteko bitartekari lanak egiten dituzte. Esaterako, txakurra eta katua bezala ibiltzen dira zenbaitetan ehiztariekin. “Ehizari dagokion araudia betetzea ezinbestekoa da. Uxaldietan kontuz ibili beharra dago. Gure zeregina da segurtasun neurriak bermatuta dauden ala ez ikertzea. Edozein tokitan bezala, ehizan ere segurtasunak izan behar du lehentasuna”.

Basozain gisa zaintza lanak egiten dituen ingurunean bizi direnekin harreman estua izatea atsegin du Garcia-Falcesek. “Askotan, noranahikoan nabilela, etengabe atera behar izaten dut eskua ezagunak agurtzeko”, azaldu du irri artean. Bestalde, askotan lanaldia beharretara egokitu behar izaten dutela dio basozainak. “Ezin dugu ahaztu ingurumenak ez dituela inoiz oporrak hartzen”.

Basozainen zeregina urtaroekin estuki lotuta dago. Esaterako, azken asteetan ohikoa da Nafarroako baso eta oihanetan barrena onddo edo perretxikoak biltzen ari diren lagunak ikustea. Hain justu, duela pare bat aste, Nafarroako Basozainen Elkarteak onddo biltzaileentzako gomendio batzuk kaleratu zituen. Garcia-Falces bera da elkarte horretan lehendakariordea. Dioenez, askotan biltzaileei ahaztu egiten zaie biltoki duten ingurua errespetatu behar dutela. “Hiritik mendira joaten diren askok uste dute eskubide guztien jabe direla, eta ez dute inolako errespeturik han bizi direnekin”.

Krisiaren eragina

Negua iristear dela eta, ohikoa da udazken aldean etxeetako tximinietan erretzeko egurra moztea. Garcia-Falcesek jakinarazi duenez, egun hauetan sutarako mozteko egur dezente ari dira markatzen. Azaldu du oihanean moztu behar dituzten zuhaitzak banan-banan aukeratzen dituztela. “Oso lan nekosoa da. Basoko zuhaitz masa hobetzen lagunduko duelakoan mozten ditugu zuhaitzak”. Argitu duenez, naturaren prozesua azkartu egiten dute. “Zuhaitz bat ahul dagoenean, gainontzekoak baino txikiagoa denean hil egiten da. Guk, hil baino lehenago moztu egiten ditugu”.

Herri lurretako basoetako zuhaitzak egur gisa erabiltzeko eskubidea nork duen kontzeju edo udalek erabakitzen dute. Araudi zehatza izaten dute eskubide hori eman edo ukatzeko orduan. Alor horretan, azkenaldian egiten diren eskariak “nabarmen” handitu direla jakinarazi du basozainak. “Krisi ekonomikoaren eraginez gasolio prezioa garestitzen denean, zuhaitzak mozteko baimen eskaeren kopurua izugarri igotzen da. Normalean, pagoak eta haritzak mozten dira”.

Goizak eta arratsaldeak mendian igarotzen ditu gehienetan Garcia-Falcesek. Batzuetan bakarrik sentitzen ote den galdetuta, ezetz dio. Hala ere, askotan noranahikoan beste lankideren batekin joaten saiatzen da, batez ere autoan istripua izateko arriskua nabarmena delako. Baina pozik dagoela dio, ofizioa afizioarekin uztartzeko moduan delako.