Hogei urte igaro dira Irati irratiaren ibilbidea hasi zenetik. Egun arte egin duten bidea ez da batere erraza izan. Mota askotariko arazoak izan dituzte: ekonomikoak, teknikoak… Hala ere, arazo, oztopo eta muga guztiak gainditu eta Aezkoa, Erroibar, Luzaide eta Agoitzen entzuteko parada dago. Zazpi urtez isilik egon zen arren, bihar, Garraldan 20. urteurrena ospatzeko egitaraua prestatu dute, orografiak banatzen duenak irratiak batzen duela ospatzeko.
“Egun on, Auñamendi”, hala hasten du irratsaioa Arkaitz Almortza Irati irratiko esatariak astelehenetik ostiralera. Berez urnietarra izan arren, Irati irratiko esatari izateko erronkari uko ezin egin, eta ia urtebete darama Aezkoa aldean. “Niretzat erronka izugarria izan da hona etortzea, baina oso pozik nago”, adierazi du Almortzak. Irati irratia irrati xumea dela dio, eta egia da.
Aezkoako Batzorde Nagusiak Ariben duen egoitzako gela batean dago Irati irratia. Leihotik begiratu, eta joan den astean errepide bazterrak elurtuta ikus zitezkeen. Luxu handirik gabeko irratia da. Hala ere, egunero bi ordu eta erdiko irratsaioa egiteko oinarrizkoa badute. “Denetariko lanak egiten ditut, teknikariarenak, kazetariarenak…”, azaldu du Almortzak irri artean. Hala ere, nabari da iaioa dela irratiko mahaiko kontrolak gora eta behera mugitzen.
“Pirinioetako eskualdeetako informazioa lantzen dugu, informazio lokala, eta entzuleei iritzia emateko aukera ere eskaintzen diegu”, jakinarazi du esatariak. Dena den, askotan jendeari deitzea kosta egiten zaiola gaineratu du. “Nik ez dakit zergatik den, baina jendeari irratian parte hartzea kosta egiten zaio”, azaldu du atsekabetuta. Dena den, parte hartzea sustatzen jarraitzea da gorriz azpimarratutako irratiaren helburuetako bat.
Atzera begira jarrita, urrun gelditu dira irratia abian jartzeko 1990eko hamarkadako lehen urteetan, Aezkoa inguruan irrati bat sortzeko emandako pausoak. Nafarroako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia sortu berria zen, eta diru laguntzak ematen hasi zen lekuan lekuko irratiak sortzeko. Irati sortu aurretik, Aezkoan bazen beste irrati txiki bat, egoitza Garraldan zuena. Espainiako Kultura Ministerioak bultzatutako programa bati esker sortu zen irrati hura. Helburua Aezkoa inguruko herrien arteko kohesioa eta harremana sustatzea ziren, baina ideiak ez zuen ez aurrera eta ez atzera egin, eta proiektua bertan behera gelditu zen.
Ondorioz, helburu horiek erdietsi gabe gelditu ziren. Herri eta eskualdeetako irrati txikien loraldiaren garaia zen, eta Aezkoa inguruan irrati baten beharra bete gabe zegoen. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza bati esker, ibarreko hainbat lagunek Irati irratia sortu zuten, harreman sozialak bultzatu eta euskararen erabilera sustatzeko asmoz. Hasieran, Irati irratia udal irratia bazen ere, kudeaketarako lantaldea sortzea erabaki zuten, eta horren bitartez sortu zen Irati elkartea.
Pauso horien ostean, 1993ko urtarrilaren 20an emititu zen Irati irratiaren lehen saioa. Ederki oroitzen da garai horietaz Karmele Galarza. Euskararekin eta hainbat herri mugimendurekin konprometitutako emakumea da, eta zenbait urtez irratiko esataria era izan zen. Baina osasun arazoak direla medio, zeregina utzi egin behar izan zuen. “Izugarri gustatzen zait irratia, bertako informazioa lantzen duelako; eta halako komunikabideak behar-beharrezkoak dira”, azaldu du. Nostalgia apur bat nabari zaio irratiaz hitz egitean. Hala ere, oso harreman estua du oraindik ere.
Irratiaren ibilbidea 1993ko urtarrilean hasi zen arren, zailtasunez betetako ibilbidea izan duela ondo baino hobeto daki Galarzak. “1993an hasi ginen irratian, baina 2009. urtera arte ez genuen lizentziarik lortu”, dio. Egoera horrek hainbat zailtasun eragin zituen, tartean teknikoak. Hain justu, arazo tekniko horien eraginez, emititzeari utzi behar izan zioten 2002an. “Pentsatzen genuen azkar batean konponduko genituela arazo teknikoak, baina ia zazpi urtean irratia isilduta egon zen”.
Berriz guztia martxan jartzea izugarri kostatu zitzaien Irati elkartekoei. Irratiko atea ireki eta guztia abiaraztea lan nekeza izan zen, batez ere Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erabat desagertu ostean. “Izugarrizko ahalegina egin genuen, eta lortu genuen Irati irratia abiaraztea”, adierazi du Galarzak. Dena den, emititzeko lizentziak ordu arte izandako segurtasunik eza erabat desagerrarazi zuen.
Aldaketen garaia
Irratia asko aldatu dela dio Galarzak. Tristura apur bat antzematen zaio, igarotako garaien nostalgia dela eta. Almortzak argi dio aurrerapen teknologikoek izugarri erraztu eta arindu dutela irratigintza. Hala ere, sarritan oinarrizkoarekin, elektrizitatearekin arazoak izaten dituzte. “Gezurra dirudi, baina askotan elektrizitatea joan egiten da zuzenean ari garela”, azaldu du Almortzak.
Dena den, aurrerapen teknologien olatuak hartzen jakin izan dute Irati irratiko kideek. Izan ere, 2011n Berria bekari esker, Aitziber Villalba Irati irratiko esatari ohiak hedabidearen webgunea garatu ahal izateko diru laguntza erdietsi zuen. Horri esker, egun Egun on, Auñamendi! saioa Internetez entzuteko aukera dago. Horrez gain, sakelakotik ere entzun daiteke Uhin Bank aplikazioaren bitartez.
Baina, ziurrenik, Aezkoan egoitza duen irratian aldaketarik handiena publizitateak eragin du. Aurten hasi dira iragarkiak saioekin tartekatzen, eta modu horretara proiektua finantzatzeko beste diru iturri bat erdietsi dute. “Aurten lehenengoz publizitatea izatea lortu dugu, eta hori aurrerapen garrantzitsua da”, aitortu du Almortzak. Aurrerantzean ere publizitatea mantendu eta indartu nahi dute epe motzean lantzeko eremu gisa.
Hala ere, zailtasunak zailtasun, bihar jai giroan irratiaren hogeigarren urteurrena ospatuko dute. Irati irratiaren eguna izango da bihar. Goizean goizetik izango dira ekitaldi, kontzertu eta tailerrak. Bazkaria 14:30ean izango da, eta arratserako, pilota txapelketa eta pintxo poteoa izango da. Gauean kontzertuak antolatu dituzte.
Pirinioetako abeltzainek egin ohi duten bezala, auzolanean prestatu dute Irati irratiaren eguna. “Ni afarirako ogitartekoak egiteaz arduratuko naiz”, dio pozik Galarzak. Izan ere, hedabidearen sustatzaileak elkarlanean aritzera ohituta daude. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraitu nahi dute, orain arte bezala, Aezkoa ingurukoak informatuz.