Wert legearekin hasi eta bukatu da 2013. urtea. Baina hamabi hilabeteetan hamaika istilu jasan ditu Nafarroako hezkuntza komunitateak. Nafarroako Gobernuaren murrizketek hezkuntza publikoaren egoera larritu dute. Azken bi urteetan, 700 irakasle gutxiago daude hezkuntza sare publikoan. Horrez gain, Donapeako Institutuko lurrak Nafarroako Unibertsitatearen esku uzteko ahaleginak hautsak harrotu ditu. Hori guztia gutxi balitz, azaro bukaeran hainbat hedabidek zabaldu dute Guardia Zibilak Nafarroako D ereduko 1.600 ikasle inguru zelatatu dituela.
Guardia Zibilak “ETA eta haren ingurua” hezkuntzan “infiltratzen” ari delako tesia zabaldu du. Horren harira, aurreratu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek neurriak hartuko dituztela “terroristak” hezkuntzan “infiltra” ez daitezen. Hezkuntza komunitateko hainbat eragilek, sindikatuk eta oposizioko alderdik gobernuaren “ke laino” gisa definitu dute D ereduaren aurkako erasoa.
Azaroaren 28an onartu zuen Espainiako Kongresuak Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa. Egitasmoa publiko egin zenetik, hezkuntza komunitatearen gehiengoa proiektuaren aurka agertu da. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak, lege proiektuan “hutsuneak” ikusten bazituen ere, horren alde egin du. Hori bai, “Nafarroako berezitasunak” errespetatuak izango direla agindu du Iribasek.
Hezkuntza Departamenduak azken urteetan egin dituen murrizketak sutan jarri ditu sindikatu eta langileak. Gobernuak 2013-2014ko ikasturterako kontratatu ditu hirurehun irakasle, baina behin-behineko eta ordukako kontratuak baino ez dituzte egin. Kasu batzuetan, bi ordu eta erdiko kontratuak egin dituzte. ELAk esan du enplegua “zatitu eta prekarizatu” egin duela gobernuak. Kontratazio berriak izan badira ere, azken bi urteetan zazpiehun irakasle gutxiagok lan egiten dute Nafarroako hezkuntza sare publikoan. Iaz, 9.132 irakasle zeuden, eta aurten, 8.437. Jaitsiera hori orekatzeko, irakasleei eskola orduak eta ratioak handitu dizkiete, eta postua zuten hainbat irakasle lekuz aldatu dituzte.
Horrez gain, Donapea institutuko lurrak Nafarroako Unibertsitateari emateko ahaleginak bazterrak nahastu zituen. Nafarroako Gobernuak Donapea institutua Etxabakoitzera mugitu nahi zuen. Lur horiek Nafarroako Unibertsitateari emateko, horrek ikerketa medikorako hiru zentro egiteko proiektua baitzuen. Azkenean, Nafarroako Unibertsitateak atzera egin zuen, oposizioak udalez gaindiko sektore planen legea aldatu baino lehen. Oposizioko taldeen artean iritzi ezberdinak zeuden, baina PPk ez beste guztiek gaitzetsi egin zuten gobernuaren ekinbidea. Bildu, Aralar-NaBai eta Ezkerrako ordezkariek esan zuten Donapea Nafarroako Unibertsitatearen esku uzteak “interes pribatuei” baino ez diela mesede egiten.
Gainera, euskaltegietako arduradunek salatu dute gobernuak eurekiko duen jarrera. “Urte bat baino gehiago egin dugu kobratu gabe”, adierazi du Helios del Santo Nafarroako AEK-ko bozeramaileak. Gobernuak 245.000 euroko laguntza zuen onartua AEK eta IKArentzat, baina 2012ko urritik ez dute dirurik jaso. Del Santok euskaltegien lanaren garrantzia azpimarratu du.