“Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik”

“Gure lanbidea ez da perfektua, ezta gutxiago ere, baina gustuko baduzu jendearekin harremanetan egon eta pil-pilean dauden gauzen gainean egotea, primerakoa da”, horrela dio Bingen Amadoz kazetariak (Murillo el Cuende). Erretiro aurreratua hartu du abenduan, baina ez du geldirik egoteko intentziorik. “Bidaiatzea asko gustatzen zait, baita irakurtzea eta idaztea ere. Mintzaidea ere banaiz. Gauza asko egin daitezke bizitzan, eta segituko dut hori guztia egiten”. Kazetari moduan, denetarik egin du Amadozek. Azken urteak kultura albisteen berri emanez igaro ditu, baina urte mordoa aritu da gizarte gaiak jorratzen.

Ofizio guztietan bezala, badaude alde onak eta alde txarrak. Amadozek denetarik egin du, eta kasu gehienetan gustura ibili da. Hala ere, badago bereziki gustatzen ez zaion gai bat: politika. “Kazetaritzan ez dago politika baino gauza aspergarriagorik. Batek esaten duena zabaldu, bestearen erantzuna jaso… joko baten pieza bezala sentitzen zara askotan”, azaldu du Amadozek.

“Nik ez nuen kazetaritza aukeratu, esan daiteke kazetaritzak ni aukeratu ninduela”. Kazetaritza ikasketarik gabe, Iruñeko Herri Irratian lan egiteko oposizioa pasatu zuen 1968. urtean. “Esatari bezala hasi nintzen, eta ofizioa ekinaren ekinez ikasi nuen”. Urte batzuk geroago, 1982an, Euskadi Irratia sortu zen, eta Amadoz bertan hasi zen lanean. Geroztik, hamaika zeregin izan ditu irrati publikoan. Albistegietan urteetan jardun da, eta azken urteak kulturan eman ditu. Azken urteetako lanaz oso oroitzapen ona du Amadozek. Sortzaileekin harremanetan egoteak, zer pentsatzen duten jakiteak asko bete du Amadoz. “Nik uste dut alor guztietan topa daitekeela jende interesgarria, baina sortzaileak dira niri gehien interesatzen zaizkidanak. Haiekin harremanetan egotea eta hitz egitea. Zer pentsatzen duten jakitea, zer egiten duten, hori guztia zoragarria da”, azaldu du.

Kazetaritzak, munduan denak bezala, momentu gaziak eta gozoak ditu. Une gozoak egunero sortzen direla dio Amadozek. “Momentu onak, zenbat aldiz? Erreportaje, elkarrizketa edo beste zerbait egin ostean, jendeak esaten dizu: ‘Oso ongi egon da’, edo ‘gustatu zait’. Jendeak eskertzen du berari buruz hitz egitea. Hainbeste aldiz gertatu zait”. Baina kazetaritzak egun gogorrak ere baditu. “Manifestazioetara joan eta beldurra pasatzea, tentsio une ikaragarriak, hori askotan. Manifestariak alde batean, Polizia bestean eta gu, berriz, beti erdian. Edo zailagoa zena, atentatu baten osteko hiletetan. Zure ikurra ezkutatu beharra badaezpada. Tentsio handia zegoen horrelakoetan. Beste batzuetan, irainak ere bai kazetaria zarelako, alde batetik zein bestetik”, dio Amadozek.

Hainbatetan esaten da komunikabideek errealitatea manipulatzen dutela. Euskadi Irratia Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen komunikabide bat izanik, zenbaitetan leporatu izan zaio manipulazio informatiboa egitea. Amadozek ez du esaten zentsurarik ez dagoenik, baina berak ez duela jasan dio. “Nire ustez, momenturik txarrena EITBn, dudarik gabe, PP eta PSE gobernuan egon direnean izan da. Orduan bai, orduan ikusi dut noiznahi eta ia egunero zentsura. ‘Ez esan horrela, esan bestela’. Ez horrenbeste nirean, baina bai telebistan edo Radio Euskadin”, azaldu du. Haren ustez, Euskadi Irratia telebista eta gaztelaniazko irratiak baino gutxiago kontrolatzen zuen orduko gobernuak. “Euskadi Irratia euskaraz denez, ez dute horrenbeste menperatzen, eta beharbada ez zekiten nola jokatu gurekin. Beraz, presio gutxiago sumatu dugu guk. Baina, ondoan nituen beste lankideak, eta horiek jasan dute, bai”.

Amadozek PSEk Eusko Jaurlaritzan agindu zuen urteetan ikusi zuen zentsura modu nabarienean. Hala ere, Luis Mendizabal kazetariak esan zuen zentsura beti egon dela EITBn. Zentsura baino gehiago, kontrola aipatzen du, eta horrek kazetariaren autozentsura eragiten zuela. Amadozen aburuz, hori botere guneetan gerta zitekeen, baina hark ez du ezagutu. “Bilbon edo Donostian, beharbada, gertatuko ziren horrelakoak. Baina gu Nafarroan geunden, ordezkaritza batean. Botere gunetik pixka bat urrun geunden, eta ez ginen horren garrantzitsuak. Ez dugu inoiz horrelako presiorik nabaritu”, azaldu du Amadozek.

Teknologiak etengabe jarraitzen du aurrera. Hedabide berriak sortzen ari dira etengabe, eta Internet plaza handi bat bilakatu da. Hala ere, Amadozek uste du irratiak beti izango duela tokia munduan: “Irratia komunikabiderik gertukoena da; ahotsak asko laguntzen du jendea bere egunerokotasunean. Etxean lanean ari den pertsona, taxilaria edo gaixoa. Batzuetan, bakarrik gaudenean, beste ahots bat entzuteko beharra dugu. Niri gertatu zait, eta pentsatzen dut beste askori ere gertatuko zaiola. Internetek ez du irratia ordezkatuko. Telebista asmatu zutenean gauza bera esaten zuten. Nik egunkariak ikusten ditut egoera okerragoan”.