Nafarroako bertsolaritza sustatzeko xedez antolatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, lehenengoz, Bardoak taldekako bertsolari txapelketa. 2012an abian jarritako lehiaketaren emaitza “oso ona” izan zela ebatzita, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute. Bardoak-en bitartez bestelako txapelketetan parte hartzen ez duten bertsolariek parte hartzea lortu dute, batez ere. Tamaina txikiko bertso saioak izaten dira, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko tentsio unerik gabekoak. Orotara, hamasei taldetan banatutako 110 lagunek parte hartuko dute. Horietatik hirurogehi bertsolariak izango dira, eta gainontzekoak aurkezleak, ordezkariak eta gai-jartzaileak. Lehia gaur hasiko da, iluntzean, eta Lesakan, Arbizun, Zubietan eta Erratzun izango dira saioak. Bardoak-en bigarren edizioan ere errimarekin eta gaiekin asmatzen duen taldea izango da garaile.
Beharrak aginduta jarri zuen martxan Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bardoak txapelketa. “Gure artean bazegoen kezka urtero-urtero Nafarroako Bertsolari Txapelketa egitea ez ote zen nekagarria izango”, aitortu du Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Izan ere, 2012 arte, urtero egiten zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Hausnarketa prozesu baten ostean, txapelketa nagusia bi urtean behin egitea erabaki zuten. “Azkenean, taldekako txapelketaren aldeko apustua egitea erabaki genuen”, azaldu du Rekondok. Apustuaren emaitzak onak dira, eta beste bertso elkarte batzuek ere eredu bertsuaren aldeko hautua egin dute, Arabakoak esaterako.
Erronka handia izan da taldekako bertso txapelketa, baina Rekondo ziur da bete-betean asmatu dutela. Izan ere, saioak tamaina txikikoak izaten direnez, bertsolariek ez dute euren burua horren “estututa” ikusten. Gainera, elkarteak bertso zaletasuna sustatzea du xede nagusi. Kontuan izan behar da Nafarroan euskarak zein egoera duen eta horrek bertsolaritzan eragin zuzena duela. Dena den, azken urteetan, herrialdean errimen jokoak duen egoera hobetzen ari delakoan dago Rekondo.
Bardoak-en parte hartuko duten taldeak oso aniztunak dira. Bertsolariez gain, kideetako batzuek ordezkari lana edota gai-jartzaile lana egiten dute. Beraz, bertsogintzan behar diren bestelako eragileak ere presente izango dira taldekako lehian. Alde horretatik, ohiko txapelketak ematen ez dituen aukerak ematen ditu taldekakoak.
Lehen taldekako txapelketak bere fruituak eman zituen, eta bigarren edizioak bide bertsutik joko duela irizten dio Rekondok. Izan ere, 2012an Bardoak-en parte hartu zuten lau bertsolarik Nafarroako Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuten lehenengoz, eta batek finalera iristea erdietsi zuen, Eneko Fernandezek, hain zuzen ere.
Gainera, gero eta gehiago hasten dira 18 urte beteta bertso eskolan. Esaterako, Iruñeko Hizkuntza Eskolan halako lagunak biltzen dituen bertso eskola dago. Hainbat kide euskaldun berriak dira, gainera. Bertsoaren afizioak Nafarroan goranzko joera nabarmena duen arren, Rekondo kezkatuta dago Nafarroako Gobernuak duen jarrera dela eta. Izan ere, gero eta murritzagoa da hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ematen duen diru saila. Nafarroako Bertsozale Elkarteko buruak ohartarazi duenez, litekeena da heldu den ikasturtean kolokan egotea hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak emateko aukera. Dena den, oraindik egoera bideratzeko aukera izatea espero du.
Txapelketa luzea
Txapelketa gaur arratsaldean hasiko da, eta lau saio izango dira: Lesakan, Zubietan, Erratzun eta Arbizun. Asmoa tamaina txikiko saioak egitea denez, antolatzaileek areto txikien aldeko hautua egin dute. “Kontuan izan behar da askok lehenengoz abestuko dutela publiko aurrean, eta areto txikiek ez dute horrenbesteko errespeturik eragiten”, azaldu du Rekondok. Denera, 23 saio izango dira. 2012an bezala, talde lana izango da txapelketaren oinarria. Gutxienez bost kide ditu talde bakoitzak: hiru bertsolari, gai-jartzailea, aurkezlea eta ordezkaria.
Txapelketak hainbat fase ditu. Lehen fasean, sei ligaxkatan banatuta daude hamasei taldeak. Bigarren fasea, berriz, sei taldek jokatuko dute. Talde horien artean, sailkapenean lehen hiru postuak erdiesten dituztenak iritsiko dira final nagusira: apirilaren 12an jokatuko da, Lesakako pilotalekuan.
Azken saioa, finala alegia, arratsaldez izango da, baina egun osoko festa eguna antolatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. “Azken urteotan, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko ekitaldi bilakatu da, eta Leitzan lehen edizioan gertatu bezala, Bardoak taldekako txapelketako 2014ko final hau ere lehiaz haratago dagoen bertsolaritzaren festa handia izatea nahi dugu”, jakinarazi du Rekondok. Beraz, apirilaren 12rako egitarauaren berri eman ez duten arren, egun osoz izango da zertaz gozatu eta zer ikusi.
Duela bi urteko esperientzian, taldeen arteko harremana eta giroa nabarmendu ziren. Gainera, bertsolaritza sarritan iristen ez den tokietara iristea ere erdietsi zen. Orain ere, bide horri jarraituko diote. Gainera, abenduan izan zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak bertsozaleengan eragin zuen olatuaren ubera profitatzeko parada izango da Nafarroan ere.