Argako ibai parkea Aratzuriraino luzatzen ari da Iruñerriko Mankomunitatea

Urrian hasi zituzten Barañain eta Aratzuri arteko Argako ibai parkeko lanak. Iruñerriko Mankomunitateak hegoaldera zabaldu nahi du parkea, Etxauriraino. Horrek hamalau kilometro gehituko lizkioke ibai parkeari. Aratzurirainoko tarteak lau kilometro ditu, eta lanak ekainean bukatzea espero dute.

“Tarte berria Iruñeak eta Barañainek sortzen duten hiri nahasmenetik landa eremurako irtenbidea izango da. Oltzara zabalduko dugu, ibai parkea desmasifikatzeko”, adierazi du Alfonso Amoren Iruñerriko Mankomunitateko Ingurumen Departamentuko zuzendariak. Proiektua udalez gaindiko sektore planean onartu zuten. Mankomunitateak Etxaurirainoko lurrak erosi zituen eta 2010ean Espainiako Ingurumen Ministerioak Aratzuriko zubi zaharra zaharberritu zuen. Lan horretan ministerioak 500.000 euro gastatu zituen.

Milioi erdiko kostua izango du Aratzurirainoko luzapenak ere. Lanak Tragsa enpresa publikoak egingo ditu hiru fasetan. Baina, ministerioak lanen %70 ordainduko du. Ibai parkeko bideak hiru metro eta erdiko zabalera izango du. Horrez gain, proiektuan lau jolasgune aurreikusi dituzte: Landabenen, Bolboraren zubian, Elortz eta Arga ibaiek bat egiten duten tokian eta Aratzuriko zubi zaharraren ondoan. Elortz eta Arga ibaia elkartzen diren tokian egingo duten jolasgunean begiratokia eta trial bike pista jarriko dituzte.

Jolasguneak egiteko Volskwagen auto enpresarekin hitz egingo du mankomunitateak, finantzaketan parte har dezan. Amorenaren arabera, enpresa horrek ingurumena “zaintzeko” Think Blue proiektua du, eta hori aplikatu nahi dute.”Enpresaren lurretatik eta haren lantegiaren ondoan egingo da parkearen luzapena”.