«2024ko Behobian arantza geratu zitzaidan, eta orain prestatuago nator»

«2024ko Behobian arantza geratu zitzaidan, eta orain prestatuago nator»

Bizitza osoa distantzia ertaineko lasterketak egiten igaro ostean, eta halako lehietan makina bat garaipen eta errekor lortuta, Maitane Melerok (Iruñea, 1983) distantzia luzeetara egin du salto, «gehiago motibatzen» baitute. Bi hilabeteko tartean hiru lasterketa luze egingo ditu, hirurak Donostian: joan den hilean Donostiako maratoi erdia irabazi zuen, igande honetan bigarrenez hartuko du parte Behobia-Donostian, eta azaroaren 22an Donostiako maratoian ere irtengo da. 2024ko Behobia-Donostian hirugarren postuan amaitu bazuen ere, «amorru apur batekin» oroitzen du egun hura.

2024an parte hartu zenuen lehendabizikoz Behobia-Donostian, eta hirugarren amaitu zenuen. Nola oroitzen duzu egun hura?

Ilusio handia nuen. Betidanik parte hartu nahi izan nuen, eta aurretik ez zen horretarako aukerarik suertatu. Halere, amorru apur batekin ere oroitzen dut egun hura, azken zatia oso gogorra egin zitzaidan-eta.

Orduan, zer du lasterketa horrek itzuli nahi izateko?

Izugarria da Behobia-Donostia: giroa, jendea… Berriz egin nahi nuen. Iazko irailean meniskotik operatu nindutenez, ezin izan nuen parte hartu; baina aurten berriro izango naiz hor. 2024ko Behobian arantza geratu zitzaidan, eta aurten prestatuago nator.

Eta zer helbururekin irtengo zara?

Alde batetik, 2024an baino prestatuago nator, kilometro gehiago eginak baititut. Baina, beste aldetik, inoizko mailarik onena egongo da emakumeetan. Parte hartzaileen izenak ikustean antzematen da hori: iazko irabazlea dator [Katherine Ruth Tisalema], Afrikatik beste korrikalari sendo batzuk ere bai…

Halako distantzia luzeekin aritu aurretik 1.000 eta 10.000 metro bitarteko lasterketetan lehiatu zara, eta makina bat garaipen eta errekor lortu dituzu. Nola eutsi diozu motibazioari?

Bizitza osoa daramat korrika egiten. Nire parte da. Distantzia laburrenekin hasi nintzen, eta pixkanaka luzatzen joan nintzen. Distantzia bat gustuko dudanean, horretan gehiegi tematzen naiz, lehertzeraino; hori gertatzen zaidanean distantzia handiago batera egiten dut salto.

Distantzia ertain guztietan aritu zara, eta orain, 43 urte dituzula, luzeenera egin duzu salto. Nolatan?

5.000 metroko proba oso gustukoa izan nuen, baina, aipatu dizudan bezala, halako batean nazkatu egin nintzen, eta 10.000 metrokoekin hasi. Eta Munichen 2022an egindako Europako Txapelketan gauza bera gertatu zitzaidan distantzia horrekin. Pixka bat gainezka eginda nengoen, ezin aurrera egin. Orduan beste diziplina batzuetara salto egitea erabaki nuen: trailera eta kilometro bertikalera. Oso gustura aritu nintzen, baina belauneko lesioak tarteko, laura itzuli behar izan nuen, pistara eta errepidera. Helburu eta erronka berrien bila nabil beti.

Zer dute distantzia luzeek laburrek ez daukatena?

Distantzia luzeek errespetua ematen didate. Horretarako entrenamendu espezifikoak egin behar direlako, eta gorputzak hori onartu. Gorputza eta burua, biak izan behar dira gai helburuak lortzeko.

Gorputzari erreparatuta, iazko uztailean lesio bat izan zenuen orpazurdan. Nola daramazu lesioa? Guztiz sendatu zara?

Bai! Oso ondo dago ja, osatu naiz. Halere, egia da zalantza asko nituela Donostiako maratoi erdia egin nuenean, urrian.

Zalantza asko zenituen, baina irabazi ere egin zenuen. Orpazurda zauritu osteko lehendabiziko lasterketa izan zen?

Bai. Entrenamenduetan molestia batzuk sumatzen nituen, eta horregatik neuzkan zalantzak. Amaitu ostean nola egongo nintzen, horrek kezkatzen ninduen gehien.

5.000 metroko lasterketak maratoiekin edo maratoi erdiekin alderatuta, alde handia dago distantzian; entrenamenduak ere oso desberdinak dira?

Izugarri, bai, batez ere astean egiten ditudan kilometro kopuruari dagokionez. Lehen, 70 inguru egiten nituen; orain ehundik gora ere egiten ditut. Eta lehen, hamar kilometroko lasterketa bat prestatzeko, jarraian gehienez hemezortzi kilometro egiten nituen; orain, 32 egitera ere heldu naiz. Nutrizioaren ikuspegitik ere izugarrizko aldaketa egin dut. Aurretik inoiz ez dut ezer jan entrenatzen nuen bitartean; orain, aldiz, gelak jaten ikasten ari naiz. Kontu asko dira, eta oraindik hasiberria naiz, baina prozesuaz gozatzen ari naiz.

Zure ahulune nagusia nekearen eta itolarriaren erresistentzia dela aipatu zenuen behin, eta maratoi batean hori da garrantzitsuena, hain justu. Nola ari zara hori entrenatzen? 

Astean egiten ditudan kilometroez gain, entrenamenduetan egiten ditudan serieak ere oso desberdinak dira. Lehen, erritmo bizian entrenatzera ohituta nengoen, baina banekien luze gabe amaitu egingo zela, eta gelditu egingo nintzela; orain ez, orain erritmo horri luzaro eutsi behar diot.

Igandeko lasterketaren ostean, Donostiako maratoia egingo duzu, zure lehen maratoia. Helburu jakin bat duzu?

Errespetu handia diot maratoiari. Fisikoki eta mentalki asko prestatu behar da. Aurreko asteetan ditudan sentsazioen araberako helburu bat ezarriko dut, eta erritmoa doituko dut helburu hori lortzeko. Baina gehiegi behartu gabe.

Nahita aukeratu duzu Donostia zure lehenengo maratoia egiteko?

Ez da kasualitatea, ez. Jendeak esan dit Valentziakoa hobeto datorkidala, baina Donostian eta Gipuzkoan denbora asko pasatzen dut, ia etxetzat ditut. Donostiako bi lasterketak prestatzeko Urolako bide berdean entrenatzen naiz, Zumaia inguruan, baita Arangurenen ere. Eta etxean lo eginda joan nahi nuen nire lehenengo maratoia egitera.