Nafarroan 69.000 gaixo inguru daude itxarote zerrendetan

“Itxarote zerrendak Osasun Departamentuaren lehentasuna dira”, argi esan zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak otsailaren 5ean. Egun hartan, Marta Vera Osasun kontseilariarenganako konfiantza berretsi zuen. Horrek argi utzi du itxarotek zer garrantzia duten. Hala ere, Nafarroako Osasun plataformak salatu du egun 69.000 pertsona daudela Osasunbideko itxarote zerrendetan. 9.000 pertsona kirurgia operazioren baten zain daude, eta beste 60.000 gaixok ez dute lehen kontsultarik jaso. Horrez gain, 18.000 pertsona inguru daude proba diagnostiko baten beharrean. Plataformak bereziki larritzat jo du traumatologia arloan gertatzen ari den pilaketa. Egoerar ikusirik, Osasunbideko arduradunek neurririk hartu ez izana kritikatu dute.

Otsailaren 5eko agerraldian, presidenteak esan zuen kirurgia operazioetako azken lau hilabetetan itxarote zerrendetan jende gutxiago dagoela. Baina ez zuen aipatu Nafarroako Ospitale Guneko itxarote zerrendek %56,3 egin dutela gora azken urtean. Oftalmologiako, kirurgia orokorreko eta traumatologiako itxarote zerrendetan pilatzen da gaixoen %64. Nafarroako Osasun plataformak hainbat neurri aurkeztu ditu egoera aldatzeko: besteak beste, irizpide kliniko, soziolaboral eta elbarritasunezkoak lehenestea zerrendetan; langile kopuruaren neurria hartzea eta baliabideak optimizatzea; antolakuntza aldatzea, lehen laguntzen eta laguntza espezializatuaren arteko osagarritasuna bultzatzeko; eta hartutako neurrien etengabeko azterketa jarraitua eta zehatza egitea. Hori guztia eskatzeko elkarretaratzeak egin zituen plataformak otsailaren 26an hainbat osasun etxeren aurrean.

Murrizketen ondorioak

Plataformak esan du Iruñerriko bi ospitaleak batu zituztenetik egoerak okerrera egin duela. “Orain dela gutxi, Pedro Antuñano traumatologiako zerbitzu buruak dimititu zuen. Horrek agerian utzi du ez dela hartu osasun arreta hobetzeko neurririk. Horren ordez, erabakiek arreta okertu eta erakunde zein interes pribatuen alde egin dute”. Gainera, ebakuntzak egiteko itxarote zerrendak urtebete eta urte eta erdikoak dira. Batez beste, mediku bakoitzak 70 eta 100 gaixo ditu ebakuntza egiteko zain, eta baten batek 200 ere izan ditu.

Itxarote zerrenda luzeak badira ere, plataformak dio urtebete itxia dagoela Ubarmin klinikako solairu oso bat. Gainera, klinikako Zainketa Intentsiboetako Unitatea (ZIU) tarteka itxi egiten dute. Egun, horietan ez dira ZIUko beharrak dituzten ebakuntzak egiten Ubarminen. Bideko Ama ospitalea ere hainbat alditan itxi dute, adibidez, Aste Santuan, zenbait zubitan eta Gabonetako jai egunetan.