Okaturik bukatu ahal dugu

Euskadi Irratiak otsailaren 15ean eman zuen Amarauna saioko iritzi atalean, Fermin Erbiti kazetari iruindarrak Nafarroako gaur egungo panorama politikoa aztertu zuen. Xabier Leteren Nafarroa, arragoa kanta lagun, Barcinaren honainoko agintaldia deskribatu zuen (itxura guztien arabera). Azpimarratu zuen Burgoskoak karguari eusteko erakutsi duen ahalmen handia, gertatu direnak gertatuta ere, bizirik atera dela, karguari eutsi diola etsi gabe. Egoera larriagotu ahala beti mamuak haizatuz hartu duela arnasa azkeneko boladan ere (euskarazko irakaskuntzaren aurkako erasoa jarri zuen horren lekuko). Erresistentzia erakutsi duela gotortu den lekutik… Nievesek salaketa egin arte.

Jimenezek har dezala nahi duen protagonismoa, hala zoriontsua bada —segitu zuen Erbitik— eta amesgaiztotik libratzeko aukerarik badugu.

Ordea, “hoberena irudikatu eta txarrenerako prestatu beharra dago” Sarrionandiari egokituriko esaldia aipatuz, aldaketa amets dugunok har dezagun gomendioa; izan ere, Barcina etxera bidaltzea ez baita aski —bukatu zuen Erbitik—.

“Amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa, nahiaren eta ezinaren borroka tokia ekaitzez betea” ozenago entzuten zen orduan Leteren abestia.

BERRIAk otsailaren 19an argitaratu zuen Bi kale, hirugarrenean bale? Joxerra Senarren erreportajea. Bertan, Senarrek “Nafarroan hamar urtean behin sortzen diren abagune historiko horietako bat ate-joka dago berriz ere” zioen. Nabarmendu zuen aukera egoteak ez duela esan nahi erraza izango denik.

Hondarreko egunetan etxeko zein estatuko hedabideetan Nafarroako azkeneko krisi politikoa pil-pilean dago. Ni ez naiz analisi politikorik egiteko gauza (aitor dezadan inbidiaz irakurtzen ditudala, besteak beste, arestian aipatutako kazetariak). Ni kaletar, nafar, abertzale, euskaldun, langile xumea naiz, egoeraz ohartu eta, jakinarazpenak jakinarazpen, aldaketarekin amets egiten duen horietakoa. Ni, kaletar, nafar, abertzale, euskaldun, langile xume asko bezala, okaturik nago pil-pilean dagoen eta Madrilen borbor egosten ari den Nafarroako egoera politikoarekin eta horrek tirriki-tarraka daraman guztiarekin.

Kolaborazio hau idazten ari naizen unean hiru egun falta dira Kontuz elkarteak, atzera ere, ustelkeriaren kontra deitu duen manifestaziorako; ezin jakin, beraz, idazten ari naizen une honetan amets egiten dugunok nolako indarra erakutsiko dugun Iruñeko karriketan.

Kolaborazio hau irakurriko duzuenerako, agian, ajeak jota egongo zarete txatxo eta Miel Otxin, Ziripot eta Juantranposo, mamuxarro eta momotxorro, hartz edo zakuzarrekin ibilita. Apika, ihoteetan jaten diren ogi-torradekin okaturik egongo zarete.

Okaturik bukatu ahal dugu, soilik, jaten eta edaten heldu diren egunetan! Dena den, Sarrik eta Erbitik gomendatu bezala, presta gaitezen txarrenerako, Senarrek idatzi bezala ez baita erraza izango.