Bigarren faseari ekingo dio Bardoak bertso egitasmoak

Bardoak bertso egitasmoaren bigarren faseari ekingo diote martxoaren 8tik 30 arte. Otsailaren 7an abiatu zuten taldekako txapelketa, eta hamasei taldek parte hartu zuen. Horietatik sei sailkatu dira: Iruñeko Bertze Maldikoak eta 12 Obario Eta 11 Pedrada; Leitzako Harrapazank; Lesakako Zortziko Haundiena; Baztango Lepatanatuek 2, Txipiroien Itzulera; eta Malerreka eta Baztango Etxeko Kontuk. Martxoan, sei saio egingo dituzte, bina talde bakoitzak, joan-etorriko formatuan baitira. Hiruk lortuko dute apirilaren 16an Lesakan jokatuko den finalera sailkatzea.

Lehen norgehiagoka martxoaren 8an izango da, Iturengo Herriko Etxeko ganbaran, 19:00etan; Bertze Maldikoak eta Etxeko Kontuk taldeek kantatuko dute. Askaria ere egongo da. Bigarrena martxoaren 14an izango da; Elizondoko Intza ostatuan ariko dira Lepatanatuek 2, Txipiroien Itzulera eta Zortziko Haundiena, 20:30ean. Hirugarrena, hilaren 28an, 12 Obario Eta 11 Pedrada eta Harrapazank taldeek abestuko dute, Iruñean, Iruña Taldearen lokalean, 21:00etan. Hasi aurretik, afari-askaria emango dute.

Lehen hiru bertso emanaldien ostean, berriz ere lehiatuko dira elkarren aurka aurretik batera aritutako taldeak, baina kantatu ez duten herrian; alegia, etxeko edo kanpoko saioa egin beharko dute, lehen saioa egin duten lekuaren arabera.

Martxoko azken asteburuan izango da saio gehien. Bertze Maldikoak eta Etxeko Kontuk taldeetako kideak taularatuko dira martxoaren 29an, larunbatarekin, Iruñean. Oraindik zehazteke dute tokia eta ordua. Egun horretan bertan, Igantziko Biltoki elkarteko agertokira igoko dira Zortziko Haundiena eta Lepatanatuek 2, Txipiroien Itzulera.

Azken saioa martxoaren 30ean antolatu dute, Leitzan. 12 Obario Eta 11 Pedrada eta Harrapazank taldeek egingo dute bertsotan. Oraindik zehaztu gabe dute ordua eta tokia.

Bardoak, herritan errotuta

“Oso ongi” doa bertso egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteko Gontzal Agoteren aburuz. Azaldu du abiapuntua “oso ona” izan zela talde askok eman zutelako izena, eta entzuleek ere “ederki” erantzun diotela egitasmoari. Bigarren urtez prestatu du elkarteak Bardoak egitasmoa, eta, Agoteren irudiko, “errotuta” dago jada: “Jendeak gogo handiz hartu du; garrantzia irabazi du bigarren fasearekin”.

Lehen fasean, hamasei saio egin zituzten, eta, batez beste, hirurogei entzule izan ziren emanaldi bakoitzeko. Gainera, “asko oso herri txikietan izan ziren”. Elkartearen arabera, 110 parte hartzaile daude, bertsolariak eta antolatzaileak kontuan hartuz. Bardoei buruzko informazio gehiago haien webgunean topa daiteke.