Feminismoa auzolanean eraikitzen

Konspiratzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune bat” dago Iruñerriko Alde Zaharraren bihotzean: Emagune Txoko Feminista. Hala azaldu du Amaia Paz proiektuko kideak. Jarautatik gertu, Descalzos kalearen bazter batean ikus daiteke. Handia da: gela mordoxka bat eta harrera leku zabala dauzka. Lehen, zahartuta eta trastez beteta zegoen; orain, margotuta eta ekinaldietarako prest. Izan ere, hilabeteak daramatzate mugimendu feministako talde eta norbanakoek auzolanaren bidez atontzen. Martxoaren 8aren harira zabalduko dute, “amets feministak egi bihurtzeko”.

Urduri daude proiektuko kideak irekiera eguna dela eta. Denbora dezente eman dute Emagune prestatzen. Txoko feministaren ideia ez da berria; 2012ko martxoan zabaldu baitzuten aurreneko lokala Iruñean, Navarrerian. Zoritxarrez, lehen saialdia ez zen behar bezala atera, guneak ez zituelako beharrezko baldintzak betetzen. Horregatik, 2013ko maiatzean alde egin zuten handik, eta hiria erreferentziazko espazio feministarik gabe geratu zen. Orain, orduan hasitako borrokari eutsiko diote berriz.

“Edozer” lantzeko espazioa

Amaia Pazek argi dauka “edozer” lantzeko zentroa izan daitekeela: sexualitatea, maitasuna, kontsumoa, indarkeria arazoak… horiek dira, besteak beste, aurreko txokoan jorratutako gaiak, eta oraingoan ere kabida izango dutenak. Finean, “askotarikoa” baita proiektua; bai, gaien aldetik, baita feminismoak ulertzeko formarengatik ere. Eta baditu oinarrizko balio batzuk. “Mugimendu feministaren elkarlana sustatu nahi du, edo, behintzat, aukera hori ahalbidetuko du”. Aliantzak sortzea da, beraz, xedeetako bat. Era berean mintzo da proiektuko partaide Luzia Tano: “Potentzialitate handia dauka halako esparru batek. Eragileek batzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute; batetik, nork bere kabuz; bestetik, batera, elkarren hartu-emanen ondorioz kritika eta diskurtso berriak sortzeko”.

Norbanakoek eta kolektiboek hartzen dute parte. Adibidez, Paz eta Tano, Txoko Feministako partaide izateaz gain, Paz, Euskal Herriko Bilgune Feministakoa da; Tano, Lumatza Bollera Feministen taldekoa. Horregatik, bien ahotan entzun daitekeen hitza da lankidetza. Espazio berriari esker, taldeek elkarrekin lan egiteko aukera izango dutela ziur dira. Gainera, ez dira horiek Emaguneren bueltan batzen diren eragile bakarrak: besteak beste, Abortatzeko Eskubidearen Batzordeko lagunak ere ibiltzen dira; Emakume Internazionalistak taldeko militanteak eta zenbait auzoetako talde feministetakoak. Hala, taldeen topagune da zentroa, baina baita antolaturik egon ez eta feminismora bildu nahi duten pertsonena ere.

Zentroaren eginkizuna molde zabaletan ulertzen dute hango kideek: batetik, hitzaldiak, mahai inguruak eta solasaldiak antolatuko dituzte; bestetik, aisialdiarekin zuzenago lotutako ekinaldiak, hala nola bazkariak, eta emanaldi artistikoak. “Jabekuntzarako eta gozamenerako” tartetxoak sortuko dituzte, beraz, Pazek dioenez.

Egun, ez dute jarduerarik finkatu egutegian. Larunbatarekin irekiko dute, Emakumeen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuz. Egun horretarako egitaraua daukate oraintxe esku artean. Goizean, Iruñeko manifestaziora joateko deialdia egin dute. Ondoren, 13:30ean, Abortatzeko Eskubidearen alde prestatutako flash mob-era joango dira. Eguerdian iritsiko da horrenbeste itxarotako unea: irekiera. Bazkaria eginez inauguratuko dute lokala. Arratsaldean, hainbat ekintza prestatu dituzte, hala nola olerki irakurraldia, musika jaialdia eta jolas kooperatiboak.

Krisi garaian, beharrezkoagoa

Ongizatearen estatuaren eraiste garaiotan, “berebiziko” garrantzia dauka lokalak, Luzia Tanoren iritziko: “Matxismoaren berrarmatzea dugu aurrez aurre; mutatzen ari da, garai berrietara egokitzeko. Neomatxismoa txertatu da gazteen jarreratan, eta ohiko bihurtu da mutilek neska-lagunak kontrolatzea Whatsapp eta Facebook bidez; aldi berean, matxismo klasikoak bere horretan dirau”. Hori dela eta, “heteropatriarkatuaren aurrerapausoak” gelditzeko gunetzat jotzen du Emagune espazioa: “potentzialitate handia daukan borroka esparru bat da”. Pazek ere bat egiten du Tanoren aurreikuspen baikorrekin, eta Iruñerriko herri mugimenduari “asko” eman diezaiokeela deritzo.

Emaguneren beharra esplikatzeko azalpen estrukturala eman du Tanok: “Matxismoak boteretik egiten du eraso, horren adibide dira Abortuaren Legea aldatzeko saioa, mendekotasunerako laguntzen murrizketak, eta amatasuna ukatzea ama izan nahi duten bikoterik gabeko emakumeei eta lesbianei. Urraketa horiei erantzuna eman behar diegu”.

Lokala auzolanean txukuntzen ari dira oraindik, “azken ukituak” ematen. Uste baino lan handiagoa eman die prestakuntzak, baina listo dago kasik. “Jendea etortzea baino ez da falta”, Pazen irudiko. Larunbatetik aurrera, ekinaldiak dauden egun guztietan zabalduko dituzte zentroko ateak.