“Drogerian lan egitea da nire bizia; bertan hazi naiz”

“Drogerian lan egitea da nire bizia. Bertan hazi naiz, eta ez naiz damutzen bertan lan egiteaz”, dio Josi Estebanek (Iruñea, 1959). Ia bizi osoa eman du Iruñeko Alde Zaharreko San Anton eta San Migel kaleen arteko izkinan dagoen Lopez drogerian. Eguneroko lanak eskarmentu handia eman dio. Askok uste dute Lopezenean ez dutena, ez dutela inon izango. Erreferentzia handiko denda da, aurten 108 urte beteko ditu. Hala ere, Estebanek bere burua zaintzen du. “Jendeak galdetzen dit ea denetarik dugun eta nik erantzuten diet: ‘Drogerian ez dugu dena, ia dena bai, baina ez guzti-guztia'”.

Esteban hamabost urte zituela hasi zen lanean Lopez drogerian. “Udan egun osoa pasatzen nuen kalean. Beraz, diru pixka bat irabazteko, nire izeba batek galdetu zuen Lopez drogerian ea laguntzailerik behar zuten. Horrela hasi nintzen, maka edo mandatuetako mutiko bezala”. Hasieran paketeak eramaten zituen etxeetara, gero erakusmahaian bezeroak hartzen eta biltokiko lanak egiten ikasi zuen. Udan lanean aritzen bazen ere, ikasten jarraitu zuen. Industria elektronika ikasketak bukatu eta soldadutzara joan aurretik jarraitu zuen drogerian lan egiten.

Soldadutza bukatu eta etxera itzuli zen Esteban. Lan bila hasteko garaia heldu zitzaion, baina ez zuen ezer aurkitzen. “Nire ikasketekin zerikusia zuen ezer ez nuen aurkitu. Orduan, Lopez jaunari deitu nion ea niretzako lanik zuen. Momentuan, ezetz esan zidan. Baina hilabete batzuen buruan deitu zidan”. Emilio Lopezek sortu zuen drogeria. Haren seme Joaquinek denda kudeatzen zuenean hasi zen Esteban lanean. Joaquin Lopez 1985ean erretiratu zen, eta bertako langileak hartu zuten dendaren kudeaketa euren gain. Gaur egun, Esteban eta beste bi bazkidek kudeatzen dute denda.

Horrenbeste urtez erakusmahaian lan egin eta gero, mila anekdota bizi izan ditu Estebanek. “Behin, gizon bat kokaina kilo baten eskean etorri zen dendara. Lankidea eta biok elkarri begiratu genion eta esan genion hori ezinezkoa zela, guk ez genuela hori saltzen. Besteak baietz esaten zuen: ‘Bai, nik betidanik erosi dut hemen. Kokaina, hormei ematen zaien hori’. Orduan kar-kar-kar, barrez hasi ginen. Kolamina nahi zuen, hori urarekin nahastu eta hormak margotzeko erabiltzen da”. Beste behin, andre batek estarlux pote bat eskatu zuen, hormak margotzeko. Titanlux-a nahi zuen.

Esteban goizean goiz hurbiltzen da San Migel eta San Anton kaleen bazterrera. Antonio Irizabar eta bera dira lanean dauden bi bazkideak. Horrek lan karga handia eragiten die. Eguneroko lanaz gain, egin behar dituzte besteak beste, fakturak ordaindu, eskariak egin eta biltokia antolatu. Langile arrunten lanaldia zazpi ordukoa da, baina bazkideek ia egun osoa ematen dute bertan. “Ordu asko ematen ditugu drogerian, baina jaia hartu behar badut hartzen dut”. Hirugarren bazkide bat ere badago baina, erretiratua dago. “Santos Irizabarren Antonioren aita da. Urtetan egon da hemen lanean, guk el abuelo deitzen diogu, eta noizbehinka etortzen da laborategira eta argizaria egiten du”.

Egun drogerietan denetarik saltzen da. Baina hori urteen garapena izan da. “Hasieran drogak saltzen ziren, besteak beste, produktu kimikoak, disolbatzaileak, alkoholak eta margoak”. Garai batean drogerietan bertan egiten zituzten produktuak, baina pixkanaka-pixkanaka margoak egiten zituzten enpresak denetarik egiten hasi zirela dio Estebanek. Produktu propioak egin beharrean, egindakoak saltzen zituzten, eta horrekin batera perfumegintzan sartu ziren, hala nola, kolonia, makillajea, ezpain margoa eta bainuko jela saltzen hasi ziren. Azken urteetan, arte ederretako produktuak eskaintzen hasi dira ere, koadroak margotzeko pinturak eta antzeko produktuekin. Altzariak zaharberritzeko produktuak ere oso salduak dira. “Badago jendea, hainbat altzari aurkitu dituena etxean eta zaharberritu nahi dituela, horientzako ere produktuak baditugu”.

Baina drogerian gehien saltzen dituzten produktuak bertan egiten dituztenak dira. “Parquetak eta bernizatutako egurrak garbitzekoak eta argizaria dira gehien eskatzen digutena. Betiko eran egiten ditugu eta funtzionatzen dutela dirudi”. Produktu horiek egiteko formulak belaunaldiz-belaunaldi ikasi dituzte. “Nik Santos Irizabarrenek nola egiten zuen ikusten ikasi dut, eta berak Joaquin Lopezengatik ikasi du. Horrez gain, formula guztiak koadernotxo batean ditugu apuntatuak”.

Krisia “guztiek bezala” nabaritu dute. Gainera duela hiru urte erakinean eraberritze lanak izan zituzten, horrek maileguak eskatzera behartu zituen. Baina bide berriak eginez lortu dute krisiaren ondorioz galdutakoak berreskuratzea. Internet da bide hori. “Web orrialdea duela sei edo zortzi urte jarri genuen martxan. Baina orain hiru urte interneten bidez saltzen hasi ginen eta leku pilo batetik eskatzen dizkigute produktuak”.