“Gu ez goaz oporretara nahi dugun lekura, ahal dugun lekura baizik”

Nafarroako Elbarrien Ordezkarien Batzordeko kide da Javier Miranda (Iruñea, 1959). Aulki gurpildun batean dago, eta ongi daki jakin zein arazoei egin behar dieten aurre mugitzeko arazoak dituzten pertsonek. Horregatik, lanean dabil, gizarteko esparru guztiak pertsona guztientzat iristeko modukoak izan daitezen. Ez soilik mugitzeko arazoak dituztenentzat, edozein pertsonarentzat baizik. Alegia, adimen urritasuna dutenentzat, itsuentzat, gorrentzat… Bigarren mailako herritartzat ez, denak gizarteko kide moduan hartzea da Batzordearen xedea. Pixkanaka-pixkanaka lortzen ari dira. Begi onez ikusi du Mirandak Gure Sustraiak proiektua sortu izana, eta halako gehiago behar direla dio.

Iristeko erraztasuna kontuan edukitzen al dute aterpetxeetan eta hoteletan?

Nafarroako eskaintza turistikoak ez du iristeko erraztasuna betetzen. Lokalek Irizpideak Errazteko Legea betetzen dute, baina horrek ez du esan nahi egiatan egokiak direnik. Adibidez, ateen zabaleran legedia bete baina aparkalekura ateratzeko maldarik ez badute egiten, jai dugu!

Legedia, beraz, eskasa da?

Legediak ahazten du elbarritasuna ez dela soilik gurpil aulkian ibiltzea. Zentzumenen elbarritasuna ere badago, itsuak eta gorrak, kasurako; adimen urritasuna ere badago… Horiek guztiak kontuan izan behar dituzte. Ez du ezertarako balio itsu bati igogailuraino ailegatzeko jarraibide guztiak ematea, gero ez badago braille hizkuntzan adierazita zein den solairu bakoitza. Eta ez du ezertarako balio, adibidez, menu bat idatziz ematea, soilik. Agian, pertsona batek jakia irudi bitartez islatzea behar du zertaz ari garen ulertzeko. Edo beste adibide bat jartzearren, imajinatu gor bati soinua egiten duen iratzargailua ematen diotela. Horrek ez dio balio! Ez da enteratuko! Argia daukan bat behar du.

Elbarritasunik ez dutenak kontziente dira koska bat ez jartzeak edo braillez ez idazteak sortzen duen blokeoaz?

Askotan ez, eta behar bereziak dauzkaten pertsonak ere gizarteko kide dira, besteak bezainbeste.

Kontzientziazioa falta da?

Hau ez da kontzientziazio kontu bat; konpromiso sozialari lotutako gai bat da. Elbarritasunen bat dugun pertsonok ez gara gainontzeko pertsonengandik aldendutako kolektiboa.

Baina zer egin daiteke behar bereziek dauzkazuenek trabak ez izateko?

Oinarrizko lau kontzeptu bermatu beharko lituzkete leku guztietan. Lehenik eta behin, mugikortasuna. Bertikalean eta horizontalean mugitu ahal izatea ahalbidetu beharko lukete. Bigarrenik, ikasketa. Eta ikasketaz ari naizenean, objektuen inguruko funtzionalitateaz ari naiz. Alegia, ikastea leiho bat edukitzeak ez duela zentzurik irekitzeko eskulekua altuegi badago, edo baxuegi, edo mugimendu zail bat egin behar baldin badugu. Hori ere jakin beharko lukete. Hirugarrenik, lokalizazioa. Alegia, toki guztietara heltzeko seinaleak beharko lituzkete —mota guztietako seinaleak, bisualak, ukimen bidezkoak…—. Laugarrenik, komunikazioa ziurtatu beharko litzateke. Aterpetxean, hotelean, edo dena delako eraikinean dagoen guztia pertsona guztiek uler dezaketen hizkuntzetan ipini beharko lukete. Adibidez, pentsa pertsona batek keinu hizkuntza erabiliz erreserbatu nahi duela logela bat, baina ez dagoela hizkuntza hori ulertzen duen inor. Kasu horretan ez da komunikazio zaintzen.

Beraz, lau arlo horiek zainduz gero, ziurtatuta legoke iristeko erraztasuna?

Bai, baina beti egongo da zer hobetua. Bi forma daude iristeko erraztasuna betetzeko: batetik, iristeko erraztasun unibertsala bermatuz hasiera-hasieratik eta denentzat; bestetik, hasieran ez moldatzea eraikina osorik, eta gero, obrak egin behar izatea dena egokitzeko. Ez al da errazagoa hasieratik dena egitea?

Gure Sustraiak proiektua sortu da orain, Nafarroan guztiz egokitua den lehen aterpea. Nola hartu duzue?

Pozik hartu dugu, hasi zirenetik zaindu baitute denok joan ahal izatea. Imajinatu aulki gurpildunean dagoen saskibaloi talde bat etortzea Nafarroara. Non geratuko da? Orain, behintzat, badago toki bat, eta eskerrak!