Bi milioi euro Fiteroko kuartela egiteko

Igandean jarri zuten Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak eta Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak Fiteroko kuartelaren lehenengo harria. Iragarri dutenez, urtebetean eraikiko dute, eta bi milioi euroko kostua izango du. Patxi Yanguas Fiteroko alkateak esan du eraikuntza “lehentasunezko kontua” dela. Nafarroako Parlamentuko oposizioak, baina, eraikuntza kritikatu du. Izan ere, orube berean medikuaren kontsulta egitekoa zen, baina Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen. Osasun zerbitzua eskaintzeak 500.000 euroko kostua izango luke.

Guardia zibilek ez dute ulertu

Espainiako Guardia Zibilaren elkarte profesional nagusia ere, Guardia Zibilen Elkarte Bateratua (AUGC), harrituta azaldu da zentro berriarekin. Prentsa ohar baten bidez, gogorarazi dute Fiteroko kuartela 1991n itxi zutela, “erabilera faltarengatik”.

Kuartel berri bat eraikitzea Fernandez Diazen lagun harremanekin lotuta egon daiteke, elkarteko kideen ustez: “Agian, ministro jaunak familia edota lagunak dauzka Fiteron: herriko alkatea, kasurako”, zehaztu dute. Amaiur alderdiak Espainiako Kongresura eramango du gaia, Espainiako Segurtasun ministroak obra egiteko arrazoiak azal ditzan.