Oroimena lantzeko ariketa

Arropa, kalean eskegia. Praka batzuk, pijama baten beheko aldea, alkandora, bi galtzerdi eta sukaldeko bi zapi. Hori da Venancio Amillano Altsasuko eskultorearen gaztetako oroitzapenetako bat eta haren Aire zabalean lana. Zazpi eskultura aurkeztu ditu Amillanok Oroimena erakusketan, zazpi une, 1940ko hamarkadatik 1960ko hamarkadara bitartekoak. “Lehengo herrietako bizimodua eta arropa nola garbitzen zen irudikatu nahi dut”, adierazi du Amillanok. “Erakusketa iraganeko oroitzapena da, horren guztiaren oroimena”. Iruñeko Ziudadelako Labea gelan egongo da ikusgai erakusketa, maiatzaren 18ra arte.

Arroparekin lotu ditu oroitzapen guztiak, ikuzgailu eta lehorgailuen aurreko garaiarekin. Batzuetan uda da, besteetan negua. “Nire amak eta arrebek garbitzen zuten arropa ni gaztea nintzenean. Hori guztia, noski, inongo makinarik gabe. Nire familiari baina, bereziki, nire ama eta arrebei zuzendua dago erakusketa”, azaldu du Amillanok. Eskultoreak baditu gehien maite dituen uneak. Eguzkitan zabaldutako arroparen urrin freskoa, lisatu berri duten arroparen leuntasuna eta iritsi eta berokia kentzean sentitzen den epeltasuna. Baina nork bereak gogoratu behar ditu. Gogoeta sustatu nahi duen erakusketa baita. Erakusketaren bidez, gogoeta ariketa bat bultzatu nahi da oroitzapenen indarrari eta haren iraunkortasunari buruz, nahiz eta iraunkortasun horrek hauskorra dirudien.

Ziudadelako Labea gela txikia eta biribila da. Sartzean arropak ikusiko ditu bisitariak. Baina ez dira arropa soilak. Egurrez eta harriz egindako arropak dira. Hainbat urtarotako arropak aurkezten ditu Amillanok. Garaien arteko aldeak ere nabariak dira. Gelan sartu, eta bertan esekitokia dago. Kapela, gabardina, etxeko jantzi eta aterkiarekin. Egurrez egindakoak, ezkiarekin eta nekostarekin. Neguko arropak. Beharbada noizbait bustiak egon dira. Babestuta lana da.

Hortik gertu, gabardina potoloa horman zintzilik, Nomex. Haritzaz egindako gabardina. Gero, alkandorak ere badaude, Izpilikua izenekoak. Denak ondo lisatuta eta modu egokian tolestuak aurkeztu ditu eskultoreak.

Baina ez dira bakarrik neguko arropak ikusten. Uda giroko irudiak ere badaude. Aire zabalean lanak irudikatzen ditu kanpoan eskegita lehortzen ari diren hainbat arropa. Azken lan horrek aurrekoak baino oroitzapen zaharragoa dakarkio burura Amillanori, 1950eko hamarkadakoa baino lehenagokoa.

Kontrasteak nagusi

Harria eta egurra material gogorrak dira. Horiek lantzen ditu Amillanok. Baina erakusketan ez da gogortasunik nabari. Arropak eta ehunak dira eskultoreak aurkezten dituen irudiak. Gaztetatik lantzen ditu zura eta harria Amillanok. Erakusketa honekin beste buelta bat eman nahi izan dio material horien lanketari. Material gogor horiek leundu egin ditu, ehunak irudikatuz eta zentzumenetan kontrasteak sortuz.

Amillano oso pozik dago Ziudadelan erakusketa egiteko aukera duelako. Baina ez da geldirik geratzekoa Altsasuko eskultorea. Memoria historikoa landuko du bere hurrengo lanekin, 36ko gerra Altsasun nola bizi izan zuten irudikatuko duena.