Bertsolaritza programa babestu du parlamentuak

Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio Bertsolaritza irakaskuntzan programa babes dezala. Hogei urte daramatza Nafarroako Bertsozale Elkarteak programa hori eskaintzen. Azken urteetan diru laguntzak nabarmen jaitsi ditu gobernuak, baina ikasturte honetan oraindik ez du diru sailik agindu. “Normalean, ekain edo uztail hasieran hurrengo ikasturterako diru laguntza adosten genuen gobernuarekin. Baina, iazko udan, ez ginen bildu ere egin”, esan du Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak. Akordiorik ez, baina ikasturtea normal hastea erabaki zuten. Hori bai, aurreko ikasturtean baino hamar talde gutxiagorekin jardun dute aurten.

“Proiektuak duen ibilbideagatik eta udalekin eta mankomunitateekin dugun konpromisoagatik, ikasturtea hastea erabaki genuen”, adierazi du Arburuak. Bertsozale Elkarteko kideek uste zuten 2013-2014ko ikasturtean lortuko zutela akordioa gobernuarekin. Urri bukaeran bilera egin zuten Hezkuntza Departamentuarekin. Bileran esan zieten 2013an ez zutela laguntzarik izango, eta urtea bukatu baino lehen jakinaraziko zietela 2014an laguntzarik izango ote zuten. “Gaur arte ez dugu inongo jakinarazpenik jaso”, azaldu du Arburuak. Azken bi hilabeteetan elkarteak salatu du “komunikazio falta handia” duela Hezkuntza Departamentuarekin.

Aurten, 37 ikastetxetako 65 taldetan eskaintzen dute Bertsolaritza irakaskuntzan programa. Hau da, 1.434 ikaslerekin lan egiten dute. Iaz, hamar talde gehiago zituzten. Hogei urte daramatza Nafarroako Bertsozale Elkarteak ikasleekin lanean, eta diru laguntzak jasotzen ez badituzte ere lanean jarraituko dute: “Udal eta mankomunitateekin lanean jarraituko dugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu transmisioa bermatzeko. Baina ez da egongo gaur egun ezagutzen dugun programaren gisakorik”.

Salaketa, parlamentura

Apirilean parlamentuko bi lan saiotan salatu zuen bere egoera Bertsozale Elkarteak, eta asteartean onartu zuen parlamentuak bertsolaritza programaren aldeko mozioa. Bilduk, PSNk, Ezkerrak, Aralar-NaBaik eta PPNk bozkatu zuten alde, eta UPNk, aurka. Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak aurkeztu zuten mozioa. Talde horiek zalantzan jarri zituzten Hezkuntza Departamentuak aurkeztutako “bestelako lehentasunak”. Era berean, taldeek salatu zuten gobernuak programa “gogobeteko” gisa baloratuta diru laguntzarik ez ematea. Horrez gain, programak ikasleengan “ahozko komunikazioan eta adierazpenean” sortzen dituen onurak azpimarratu zituzten, eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen jarrera aipatu zuten, “hartutako konpromisoak bete baititu”.