Nafarroako ekonomiak %2ko hazkundeari eutsi dio

Nafarroako ekonomiak %2ko hazkundeari eutsi dio

Batez ere familien kontsumoak bultzatuta, Nafarroako ekonomiak sendo jarraitzen du hazten, eta barne produktu gordinak %2ko urte arteko hazkundeari eutsi dio urteko hirugarren hiruhilekoan. Epe horretan %0,5 egin du gora Nafarroako ekonomiak, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago.

Kontsumoarekin batera, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, «lan merkatuaren dinamismoak eta biztanleriaren igoerak» ere bultzatu dute hazkundea: «Azken urtean 11.000 behargin gehitu dira Gizarte Segurantzara, eta haietatik %68 dira atzerritarrak. Hala, biztanle migratzaileen aparteko erregularizazio prozesuak enplegua sorrarazi du». Hala ere, foru gobernuak zehaztu du biztanleria aktiboaren gorakadak langabeziaren igoarazi duela.

Nastatek emandako datuen arabera, industriaren aktibazioaren eta esportazioen hazkundearen zantzuak antzeman dira Nafarroan, eta uste dute horrek lotura duela autoen ekoizpena berreskuratu izanak auto elektrikoak tarteko.

Nolanahi ere, inflazioari adi egon beharra azpimarratu du gobernuak, inflazioak %5,3ko tasara egin baitu jauzi irailean, energiaren prezioak direla medio.

Eurogunea

Inflazioa kezka iturri da eurogunean ere. Hala ere, urteko hirugarren hiruhilekoan adituek uste baino hazkunde handiagoa izan ditu euroaren herrialdeetan, eta BPGa %0,4 handitu da. Badirudi herrialdeek uste baino hobeto eutsi diotela beroaldi handiei eta lehorteei.

Datu hori herrialde batzuen eta besteen joeran izandako aldearen ondorio da: uztailetik irailera, ekonomia hazi egin da Alemanian (%0,2) eta Espainian (%0,6); hazkundea geldituta dago Italian; eta Frantzian, %0,1 egin du behera barne produktu gordinak.

Frantziako ekonomiari buruzko aurreikuspenak ilunak dira. Hirugarren hiruhilekoan,  barne eskari ahula, inbertsioen beheraldia eta beroaldiak nekazaritzari egindako kalteak gehitu zaizkio inflazioari. Eta giro politiko nahasi horretan, pil-pilean da zorpetzearen eta austeritatearen inguruko eztabaida.